IRRATIA

Ekaineko ‘Beste Bat’ saioak izango dira denboraldiko azkenak

Estilo ugariko lan ederrak entzuteko aukeran izango da Ekaineko ‘Beste Bat’ saioetan. Igotz Mendez, Paule Bilbao, Silicies Grizzlies eta Xabier Crehuet izango dira arratsalde hasierei konpainairik onena gehituko dietenak.

Ekaineko 'Beste Bat' saioa | Igotz Mendez, Paule Bilbao, Silicies Grizzlies eta Xabier Crehuet

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Denboraldiko azken ‘Beste Bat’ saioak izango dira ekainekoak. Eta denboraldia borobiltzeko prest datoz Igotz Mendez, Paule Bilbao, Silicies Grizzlies eta Xabier Crehuet. Astelehenetik ostegunera, arratsaldeko hiruretan, aukera izango dugu musikari hauen azukre koxkorrak ezagutzeko.

 

Astelehenak aldapa gora hastearen mito hori atzean utzi beharko dugu aurrerantzean. Igotz Mendezen konpainian trap eta estilo elektronikoa duten kantuak entzuteko aukera izango baitugu. Bere zenbait lan erritmo bizikoak direla esan genezake, hainbat nafarrek egin bezala, autotunearen olatuan baitabil Mendez ere. 2021 hasi bezain laster, 'Kurosawa' lan berria iritsi zitzaigun Iruñetik.

 

Astearteetan Paule Bilbao musikari eta abeslariaren konpainian izango gara. Gaur egun, Arima taldean topa genezake gitarra eskuetan duela melodia zoragarriak sortuz eta bere ahotsarekin beste dimentsio batera bidaia egitera lagunduz. Josu Gonzalez (Baxua) eta Gontzal Bilbaorekin (Bateria) batera osatzen du Arima taldea, berriki kaleratu dute bigarren lana.

  

Asteazkenak Silicies Grizzlies taldearenak izango dira. 2020. urtean unibertsitatean elkar ezaguturiko Donostiako, Zumaiako eta Gernikako bost kidek osaturiko funk eta rock taldea da honako hau. Gustuko kantuak jarriko dituzte ekaineko asteazkenetan zehar, kide bakoitzak gustu nahiko ezberdinak baditu ere, rocka, funka, punka, gaur egungo doinu berriak, eta melodia klasikoak izango dira protagonista.

  

Eta asteko azken txandan, ostegunetan, Xabier Crehuet artista ordiziarra izango dugu NAIZ Irratian. Pop, folk eta country estilo intimista batean sailkatzen dute 27 urteko gaztea eta bere bakarkako ibilbidean kaleratutako kantuak entzutea besterik ez dugu behar, erabateko gertutasun hori nabaritzeko.

Laukote honekin esango diogu agur ‘Beste Bat’ saioko bigarren denboraldiari. Irailean izango da bueltan hirugarren denboraldia. Gogoratu saio guztiak entzungai daudela irratia.naiz.eus webgunean eta baita podcast plataformetan ere.