IRRATIA

Raitx, baserritar berri baten gogoetak

Hiritik ihesi, animaliak lagun dituela bizi da Rakel Arenaza Acedo donostiarra. 'Bakarrik hobeto fest' batean taularatu zen lehenengo aldiz bakarrik eta gerora Koban taldean zituen bi kide batu zaizkio Raitx proiektua aurrera eramateko. Lehen diskoa kaleratu dute aurten eta, gainera, Gaztea maketa lehiaketa irabazi. Diskoaren, bere bizi estiloaren eta bestelako hainbat konturen inguruan jardun gara hizketan MusikHaria saioan.

Rakel Arenaza Acedok bultzatutako proiektua da Raitx

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Bizi-estilo aldaketa baten ondorioz etorri da Raitxen 'Abereek erantzungo balute' lana. Rakel Arenaza Acedo donostiarra buru duen proiektuak estreinako lana kaleratu du aurten. «Hirian bizi nintzen lehen eta ito egiten ninduen hiriak. Hartara, aukera sortu zen eta baserrira joan nintzen bizitzera. Eta bertan askotan egin izan dudan gogoeta baten inguruan landu dut diskoa: eta abereek zer pentsatzen ote dute nitaz?» kontatu digu Arenazak.

Xalba Ramirez eta Esti Beraza ditu bidelagun 2017an abiatu zuen proiektuan. «Koban taldean elkarrekin jotzen genuen eta halako batean bururatu zitzaigun proiektu berri hau eta aurrera eraman dugu» aipatu digu Arenazak. Kantu intimoak biltzen ditu diskoak, eta bi aldiz entzuteko horietakoa da, letrek duten mezua behar bezala barneratu ahal izateko.

Harrera ona izaten ari da Raitx proiektua. Horren adibide, elkarrizketatu eta hurrengo egunean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian Gaztea maketa lehiaketako irabazle izan zirela. Bezperan esan zigun «kontzertuak emateko deseatzen» zeudela eta desio horrekin joan ziren bertara. Izaro Andresek, Xabi Doncelek eta Xabi Bandinik hala erabakita, Raitxek irabazi zuen sona handia duen lehiaketa.

Pop intimistako musika, beraz, 'Abereek erantzungo balute' diskoan aurkitu daitekeena. Sei abesti elkarri lotuta. Elkarrizketa osorik daukazue hemen eta baita diskoa ere zuen gozagarri. Abereek erantzungo balute, zer uste duzu esango lizuekeela zutaz?