IRRATIA

Eñaut Elorrieta: «Desagertzear dagoen espezie bat da euskara hutsez abesten duen kantaria»

Gogoeta asko eta bizipen ugari ekarri ditu Eñaut Elorrieta musikari gernikarrak Naiz irratiko uhinetara. Hiru hamarkadatako bidaia egin dugu berarekin eta, guztia goxatzeko, hamar euskal kantuko zerrenda bat ere osatu du propio.

'Harbide zilar bat' kantuko irudian Eñaut Elorrieta

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Egun onak eta ez hain onak izan ditu azken hilabeteetan Eñaut Elorrieta (Gernika, 1975) musikariak. «Itxialdiak, esaterako, seme-alabekin oso bizipen intentsoak eta betirakoak eman dizkigu. Urtero furgonetan egiten dugu irteera hilabeterako, bada aurten etxean tokatu zaigu halako abentura bizitzea».

Kantu zerrenda mardula osatu digu, tartean 'Itoitz' taldearen 'Ezekielen prophezia' abestia, elkarrizketa irekitzeko erabili duguna. «Itoitz, musika hautatzeko kontzientzia daukadanetik nire fonotekan dago eta Ezekiel oso ondo zahartu den diskoa delakoan nago» aipatzen du Elorrietak. Aipatu digu nola San Roman auzoan urtero ematen zuten kontzertua eta «zuzenean ikustekoak nintzen bere garaian, baina gurasoek ez zidaten utzi joaten gazteegia nintzelako-edo eta ez diet barkatzen. Arantza hori gordeta daukat» kontatu digu umoretsu.

Oso gaztetan hasi zen oholtza gainean abesten. 'Lugarri' taldearekin. 'Ezer ez da betiko' kantua maketa batean grabatu zuten, Gernikako jaietarako. Elorrietak dionez ez daki nola, «Euskadi Gazteara iritsi zen, eta larunbatetan egiten zuten halako ranking moduko batean lehenengo postuetan kokatu zen kantua. Guretzako plazaratzeko bidea izan zen hura, eta seguraski kantua bera taldea baino ezagunago egin zen» nabarmendu du gernikarrak.

Lugarrirekin hainbat urte egin zituzten Eñaut Elorrieta eta Beñat Sernak baina bitartean beste kontuetan ere aritu zen. Elorrietak Mikel Urdangarini lehen diskoetan lagundu zion eta Iñaki Zabaletarekin erromeriatan ere aritu zen. «Plaza zainetara sartzen zaizu, esperientzia handia eskuratzen duzu. Gogoan dut taldean ardurak hartzen hasi nintzela. Ekipoa koadroan entxufatzearen ardura jarri zidaten, fisikaria izanik, elektrizitatearen inguruan gehien nekielako. Lehen saiakeran ekipoa erre nuen» kontatu digu Elorrietak.

Iñaki Zabaletak pixkanaka taldera erakarri zituen beste musikariak eta beren artean zuten kezka musikal hartatik Ken Zazpi sortu zuten.

Urte batzuk beranduago, musikatik bizitzeko erabakia hartu zuen. «Kostatako erabakia izan zen, baina hartu izanaz harro nagoen erabaki horietako bat da. Musikatik bizi nahi nuen eta hainbat beldur eta zalantza gaindituta aurrera egitea erabaki» azaldu digu Elorrietak. Bizitza osoa ikasten, bi karrera, lanpostu finkoa... dena alboratu zuen eta aurrera jo erabakian. «Bikotea haurdun geratu eta une horretan hartu nuen erabakia. Ikastola batean nenbilen lanean eta horrek ordu asko eskatzen zituen, hartara, aita izandakoan ez banuen erabaki hori hartzen, nire benetako pasioa albo batera gera zitekeela ikusten nuen» azpimarratu du gernikarrak.

Zerrendan propio hautatu ditu euskal taldeak eta euskara hutsez abesten dutenak. Aldarrikapen txiki bat egin nahi izan du. Aitorpen bat eta kezka bat aldi berean. Elorrietaren aburuz, «desagertzear dagoen espezie bat da euskara hutsez abesten duen kantaria edota taldea. Aukera guztiak dira zilegi eta errespetagarri, baina gutxienez hausnartzeko jarri nahi nuen kontu hau mahai gainean. Behar bada aurreikuspen dramatikoa da, baina kezka hori dut nire barruan» adierazi du Elorrietak.

Ken Zazpi eta Berri Txarrak taldeek ibilbide nolabait ere paraleloak egin dituzte. Biak 1997an 'Aurtengo Gorakada' diskoan agertu ziren lehendabizikoz bilduma batean. Elorrietak esan digunez, «Berri Txarrak erreferente izan dira askotan Ken Zazpirentzat  eta Gorka Urbizu pertsona azkar eta intuizio handikotzat dut. Euskaraz abestuz noraino iritsi diren harrigarria da. Hortan ere lezio ikaragarria eman dute Berri Txarrak taldekoek». Bitxikeria moduan kontatu digu nola egunotan lagun batekin hizketan esaten zuten, «zeinen ondo atera zaien kabroi hauei, badirudi pandemiarena ere usaindu zutela. Zoragarria izan zen haien bukaera, ezin hobeto bukatu zuten guztia» gaineratu du Elorrietak.

Pandemiaren inguruan ere 'Harbide zilar bat' kantua egin du konfinamendu garaian eta hura aipatuta Jose Luis Otamendiren hitzei egin die erreferentzia Eñaut Elorrietak: «Bizitzen ari garen egoeraren hausnarketa bat da eta zerk ekarri gaituen hona da zalantzan jartzen duena, 'lur ahitua bada bizitzaren sari, galduz nahi dut irabazi' esaldiak asko esaten du. Baita 'aterako naiz, nire baitatik ez bada zugan sarturik' esaldiak ere, maitasunari eta birusari egiten dion erreferentzia zoragarria da».

Baina kantuak mezu orokorrago bat zabaldu nahi du Elorrietaren esanetan. «Aurrera begiratzeko eta itxaropenari egiten dio dei kantuak, baina ez itxaronaldi pasiboari. Borrokarako deia egiten du, nolako mundua nahi dugun eraikitzeko borrokari» azpimarratu du musikariak.

Gogoeta asko, bizipen asko eta elkarrizketa sakona Eñaut Elorrietarekin izandakoa. Hautatutako kantuak, berriz, honakoak: zerrendatuta eta entzuteko moduan.