Musika industriaren aldaketak melomano baten begietatik
Gaizka Insunzak musika ibilbide oparoa egiteaz gainera, ekonomia ikuspegitik ondo aztertuta dauka musikaren industria. Digitalizazioak baino aldaketa sakonagoak ekar ditzake haren ustez pandemia honek.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Audience taldean ezagun egin eta bakarka ere lehen lana kaleratu berritan da Gaizka Insunza (Gernika, 1978) musikaria. Baina, musikaz harago, EHUko irakaslea da eta bertan musikaren industria erabiltzen du adibide bezala sarritan bere irakasgaietan. Apirileko astearteetan entzun dugu 'Beste Bat' saioan eta hori dela eta, Musikharia saiora gonbidatu dugu.
Garapenaren eta globalizazioaren inguruan egin zuen doktoretza eta bere tesia musika industrian zentratu zuen. «Digitalizazioaren ondorioz diskogintzak jasan dituen aldaketak aztertu nituen, batez ere, eta 2016an defendatu nuen tesia» kontatu digu Insunzak.
Melomano hutsa da, binilo eta konpaktoen artean 2.500 erreferentziatik gora ditu etxean. Musika maite duela nabari zaio, pasioz hitz egiten duelako horren inguruan. «Miresten ditut musikaren aldeko apustua egin dutenak eta hoiengatik arduratuta nago orain» kontatu digu musikari gernikarrak.
Espero zuen konfinamenduan streaming plataformek gora egingo zutela musikari dagokionez, baina behera egin dute. «Nobedadeak ez dira hainbeste kontsumitzen eta estilo guztieatik musika klasikoak eta haurren musikak baino ez dute egin gora» aipatu digu Insunzak eta horrek zerbait adierazi nahi duelakoan dago.
Aurrera begira Insunzak ez daki ziur nolakoa izango den musikaren bueltan dagoen guzti hau, «baina, garai batean mezenazgotik sortzen ziren lan asko eta akaso berriz ere hortik joan daiteke kontua».
Bitartean, astearteetako Beste bat saioekin eta unibertsitateko klaseekin jarraituko du eta, guk, adi-adi entzungo dugu Gaizka Insunzak ekarriko digun guztia.