Zuzenean

Maite BIDARTE

Badator apirileko 'Beste Bat'

Gure lanak birmoldatzea eragin du koronabirusaren krisiak. Eta bai, Naiz Irratian aldatu egin dugu gure ohiko programazioa, baina badira gauza batzuk lehen bezala jarraitzen dutenak, eta pozten gara, izugarri. Pozten gara apirileko 'Beste Bat' saio berriak datozelako: Estitxu Pinatxo, La Basu, Gaizka Insunza, Dj Bull eta Katanga Dub-ek gozatuko dizkigute bazkalosteak.

Audio_placeholder

Badator apirileko 'Beste Bat'

Loading player...

Egun bereziak dira hauek etxetik ezin garelako atera, gure egunerokoa moldatu behar izan dugulako eta nahi baino luzeago joaten direlako egunak. Guk, Naiz Irratian, argi dugu inoiz baino gehiago zuen konpainia nahi dugula izan. Gure eguneroko programazioa aldatu dugu etxetik ari garelako lanean, eta saio batzuk bertan behera geratu dira behin behinean, baina, ez da hori 'Beste Bat' saioaren kasua. Hilabete honetan, lau, ez! Bost sortzaile arituko dira astelehenetik ostiralera Naiz Irratiko bazkalosteak goxatzen: Estitxu Pinatxo, Gaizka Insunza, Katanga Dub, Dj Bull eta La Basu.

Estitxu Pinatxo musikari nafarrak astelehenetan egingo du 'Beste Bat'. 'Haize Gorri batek' diskoa kaleratu berri (hemen entzun dezakezue diskoaren inguruko #musikapilulak podcasta), ederki ezagutzen ditu oholtzak musikari beratarrak. Ibilbide luzea du, eta iaz plazaratu zuen bere lehendabiziko lana, popa, pop-rocka eta soul doinuetan murgiltzen dena.

Astearteetan Gaizka Insunzaren txanda izango da. 'Audience' taldearekin ezagutu genuen Insunza, eta orain bakarkako ibilbidean dabil, pasa den urrian kaleratu zuen diskoa. Lan horretan kutsu amesti eta nostalgikoa darien abestiak biltzen dira. Brian Wilson, Randy Newman edota Elvis Costelloren eraginpean, unibertso propio bat sortzeko saiakera antzematen da. Nork daki, akaso horrelako doinuak ere hautatuko ditu bere 'Beste Bat' saiorako.

Asteazkenak Iruñeko 'Katanga DUB' taldearen esku geratuko dira. Musika mestizoa egiten dute, kunbia elektronikoa. Zarys Falcon abeslariak, Galina Rodriguez dantzariak eta Iosu Marti Djak osatzen dute taldea, eta azken honek egingo du saioa. 

Dj Bull ere animatu da 'Beste Bat' saioan parte hartzera, aurkezpen handirik ez du behar Jon Gotzonek, herriz herri, plazaz plaza, ibiltzen baita musika paratzen eta gaua girotzen, ziur zure herriko festetan ere izan dela! Aurreratu digu bere bizitzan izan dituen kantu horiek gogoratuko dituela, eta tematikoak izango direla saioak. Lehendabizikoa euskal rok radikalari buruzkoa izango da.

Bilboko La Basuk itxiko du astea, rap doinurik ez da faltako, beraz. La Basu 90. hamarkadan hasi zen rapeatzen, mundu horretan Euskal Herrian zegoen emakume bakarretako bat zen eta 1999an emakumezkoen talde bat eratu zuen, Jungla Urbana. Geroztik hainbat diska plazaratu ditu, azkena 'Gerra', 2019an. Diskaohorretako 'Sorginak' kantuaren bideoklipa plazaratu zuen martxoaren 8an.

Astelehenik ostiralera, arratsaldeko 15:00etan dira 'Beste Bat' saioak. Noski, podcast plataformetan ere zabalduko dira.  

Jaurlaritza Logoa