Zuzenean
«Kafearen identitatea lantzea da gure balio handienetakoa»
Ainhoa Oiangurenek Trike Koffee Roastersen kafearen atzean dagoen lana azaldu digu: ekoizleekin harreman zuzena, lote txikietako txigortzea eta katilura iritsi arteko trazabilitatea.
«Kafearen identitatea lantzea da gure balio handienetakoa»

Kafea egunero hartzen dugun edaria da askorentzat, baina katiluan ikusten dugun horren atzean bidaia luzea dago. Trike Koffee Roasters Gasteizko mikrotxigorgailuan bidaia horri arreta berezia jartzen diote: kafe berdea zuzenean finketatik erosten dute, eta gero lote txikitan txigortzen dute, jatorri eta hartzidura-prozesu bakoitzari egokitutako profila bilatuz. Helburua, diotenez, «hazi berdea, finkatik katilura» prozesu osoaren trazabilitatea bermatzea da.
«Kafearen identitatea lantzea da gure balio handienetakoa», azaldu du Ainhoa Oiangurenek. Horretarako, kafearen jatorria ez da bigarren mailako informazioa Triken: «Kafe bakoitzak bere izena du, finkaren izena, ekoizlearen izena, nondik datorren… gardentasuna bermatzen dugu». Kafe berezien munduan, beraz, katiluan aurkitzen den zaporea ez ezik, produktuaren atzean dagoen istorioa ere parte da esperientziaren.
Istorio horiek ekoizleen errealitatera ere eramaten dute. Oiangurenek 2023an Kolonbiara egindako bidaia ekarri du gogora: «Hango gure kontaktuarekin aurrez aurre egoteko aukera izan nuen; bera talde armatu batean zegoen sartuta, eta talde horretatik ateratzeko aukera kafeak eman zion». Horrelako esperientziek erakusten dute kafea ez dela soilik produktu bat; ekoizten den tokietan pertsonen bizimoduarekin eta aukerekin ere lotuta dagoela.


