Zuzenean

Alazne Mendikute Arruti, Juneren Hegoak elkarteko zuzendaritzako kide eta ekintzen koordinatzailea NAIZ Irratiko Aztarna Solidarioaren tartean izan da astelehen honetan. Elkartearen historiaz eta burutzen dituzten proiektuez hitz egiteaz gain, interesa duen herritar orori laguntzeko gonbita luzatu dio.
Elkarteak babes-sare lana egiten du, egoera zaurgarrian dauden gaixoei, dibertsitate funtzionala duten pertsonen senideei eta adingabe baten heriotza pairatu duten familiei lagundu eta bizi kalitatea hobetzen lagunduko dieten aukerak eskainiz. Gipuzkoa osoko familiekin egiten dute lan.
Mendikutek azaldu duenez, uneotan sei hilabeteko haur txiki bat ingresatuta dagoela azaldu du, eta elkareko hainbat boluntario familiarekin koordinatzen ari direla adierazi du, senideek ere horrela atseden hartzeko eta hauen bizi-kalitatea, egoeraren zailtasuna tartean dela ere, minimo batzuetan bermatzen saiatzeko.
Jatorriaren inguruan galdetuta, Mendikutek honakoa azaldu du: «20212ko abenduan, June txikia gaixotu egin zen eta 2013ko urtarrilean Donostiako Ospitalean minbizi oso agresibo bat zuela diagnostikatu zioten; kimioterapia jaso zuen, eta une batzuetan hobera egin bazuen ere, hainbat konplikaziori eta infekziori aurre egin behar izan zien».
Bi hilabetez gaixotasunaren aurka borroka egin bazuen ere, 2013ko martxoaren 12an zendu zen June. Orduan, bere gurasoek, ospitalean bizi izan zuten egoera ikusita zerbait egin behar zutela pentsatu zuten jendea laguntzeko. Horrela sortu zen elkartea, dolutik antzeko egoerak bizi zituzten pertsonei babesa eta elkartasuna emateko asmoarekin.
Juneren Hegoak elkarteari laguntzeko modu anitz daude. Edonork boluntario lanak egiteko aukera du, eta lana edo bestelako betebeharrek hori eragotziz gero, ekonomikoki ekimena babesteko aukera ere badago doaintza bidez, transferentziekin edota bizumekin. Mendikutek ahoz aho hitz egitea ere nabarmendu du, «ikusgarritasuna oso garrantzitsua» dela ziurtatuz.


