Zuzenean

Peli Lekuona | Iraia Cambra

«Helburua denona eta denontzat izango den Euskal Herri inklusibo bat eraikitzea da»

Maiatzaren 22tik 24ra egingo dute Berriatuan Helmuga Bizipoza festa solidarioa. Hiru eguneko egitarauak 24 orduko bizikleta erronka, kontzertuak, tailerrak eta haur zein familien aldeko sentsibilizazio ekintzak bilduko ditu, euskaratik eta euskaraz.

«Helburua denona eta denontzat izango den Euskal Herri inklusibo bat eraikitzea da»

Loading player...
Ander Txakari elkarrizketa, Berriatuan eginen den Bizipoza Jaiaren harira.
Ander Txakari elkarrizketa, Berriatuan eginen den Bizipoza Jaiaren harira. (Gorka Rubio | FOKU)

Bizipoza eta Helmuga elkarlanean ari dira maiatzaren 22tik 24ra Berriatuan egingo den Helmuga Bizipoza festa solidarioa prestatzen. Hiru eguneko egitarau zabala antolatu dute, eta ekimenaren ardatzetako bat izango da 24 orduz etenik gabe bizikletaz arituko diren erronka solidarioa.

Joanes Camara Bizipoza taldeko kideak eta Ander Txakartegi Helmuga taldeko kideak azaldu dutenez, ekimenaren helburua «denona eta denontzat izango den Euskal Herri inklusibo bat eraikitzea» da, euskaratik eta euskaraz. Horretarako, askotariko zailtasunak bizi dituzten haur eta familien errealitateak erdigunean jarri nahi dituzte, sentsibilizazioa sustatuz eta premia bereziei erantzuteko baliabideak eskainiz.

Bizipozako kide den Joanes Camarak nabarmendu duenez, elkarte sareak hainbat errealitate lantzen ditu: «Heriotza eta gaixotasunak, aniztasun funtzionala, sexu aniztasuna edo kulturartekotasuna bezalako gaiak lantzen ditugu, eta jaiaren helburu nagusietako bat elkarte hauen lana ikusgarri egitea da».

Helmugako Ander Txakartegik, berriz, azaldu du erronka solidarioaren jatorria 2015ean hasi zen proiektuan dagoela. Ordutik, hainbat diru bilketa eta kirol erronka egin dituzte haurren gaixotasunen alde. Aurten, Bizipozarekin elkarlanean, «ume gehiagorengana heltzea» dute xede.

Txakartegik gogorarazi du Helmugaren jarduna lau balioren inguruan eraiki dutela: «Euskara, kirola, natura eta pertsonak». Horregatik, nabarmendu du Berriatuko ekimenak ere euskarari emango diola lehentasuna: «Berriatun ama hizkuntza euskara da, eta balore hori jaialdian argi ikusiko da».

Maiatzaren 24an izango da egitarau nagusia. Goizetik arratsaldera arte musika, pailazoak, kontzertuak, tailerrak eta bestelako jarduerak izango dira herrian. Gainera, Bizipoza osatzen duten 39 elkarteek euren lana eta egitasmoak aurkezteko guneak izango dituzte.

Hezkuntzari lotutako lanketa ere egingo dute aurretik. Bizipoza Eskola egitasmoaren bidez Lea-Artibaiko ikasleek hainbat gairen inguruko sentsibilizazio saioak jasoko dituzte. Camarak azaldu duenez, «gai hauek gero eta naturalago lantzea da helburua», eta horretarako gida didaktikoak eta tresnak sortzen ari direla gaineratu du.

Antolatzaileek iragarri dute, gainera, jaialdian «ezustekoak» ere izango direla, bai kirolaren bai kulturaren arloan. Azken mezua argia izan da: festa «denona» izango dela eta herritar guztiei parte hartzeko gonbita luzatu dietela.

Jaurlaritza Logoa