Zuzenean
«Historiak erakusten du herri langilea antolatu denean posible dela aldaketak bultzatzea»
Langileriaren Nazioarteko egunaren atarian, Igor Arroyo, LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra NAIZ Irratian izan da. Langileen egungo aldarrikapenei eta aurre egin beharreko erronkei erreparatu die, besteak beste, LGSren aldarrikpaenari edota etxebizitza krisiari.
«Historiak erakusten du herri langilea antolatu denean posible dela aldaketak bultzatzea»

Ostiral honetan, maiatzak 1, Langileriaren Nazioarteko eguna da. Egun seinalatu horren inguruan hitz egiteko Igor Arroyo LABeko koordinatzailea NAIZ Irratian izan da. Hau bezalako egun seinalatuari begira, oraindik ere langileen aldarrikapenak eta borroka sindikala ezkutatzeko ahaleginek bere horretan jarraitzen dutela salatu du.
«Nik uste dut badagoela interes bat bai borroka sindikala, bai sistema kapitalistarekiko bilatzen diren alternatibak edota Maiatzaren Lehena bezalako erreferentziak bigarren maila batean kokatzeko eta ezkutatzeko». Horrek ez dituela harritzen aitortu du, eta horren gainetik jarri du maitzaren 1ean mundu osoan ospatzen den mugarri bat dagoela.
«Biharkoak bezalako egunek gogorarazten digute hemen badagoela sistema bidegabe bat, langileria esplotatzen duen sistema bat, eta beharrezkoa dela geroz eta bideraezinagoa den sistema hau aldatzea, eta gainera historiak erakusten duela herri langilea antolatu denean posible izan duela aldaketak bultzatzea».
Etxebizitza krisiaren erakusle
Bizitoki krisiaren aferari erreparatuz, tokiko erakundeek arazoari behar bezala heldu ez diotela berretsi du, eta konponbide bat bilatzeko asmoz, LABek etxebizitza sindikatu baten ekimena jada martxan duela ohartarazi du.
«Orain arte Estatuan hartu diren neurriak, baita euskal instituzioek hartu dituztenak ere, ez dira nahikoak izan guretzat. Alokairuen gaineko kontrol-mekanismo horiek luzatzeak edota hainbat herri remu tentsionatu izendatzeak egoera arindu dezakete maila batean, baina iruditzen zaigu ez dela nahikoa. Hemen sakoneko arazo bat dago, eta hori konpontzeko modua etxebizitzaren gaineko kontrol publikoa berreskuratzea da».
Absentismoa denen ahotan
Patronalak azken boladan absentismoaren gainean egiten duen azpimarraren inguruan, LABeko koordinatzaileak diskurtso «faltsua» dela salatu eta esan du inork ez diola lanera joateri uzten joan nahi ez duelako. Arroyok absentismoaren datuak bajekin nahasten direla azaldu du, eta bajen inguruan lan osasunean prebentzioa indartzeko deia luzatu du.
«Absentismoaren atzean dagoen gaietako bat bajak areagotzen ari direla da. Arazoa zein da? Behin langileek osasun arazo bat dutenean osasun sitema publikoan itxarote zerrendak izugarriak direla, ez delako inbertitu sistema publikoan». Langileak errudun gisa seinalatzea ez deka zilegi nabarmendu du, erakunde publikoen eta patronalaren ardura mahigaineratuz.
Lan osasunaren arloan, prebentzio falta salatu du Arroyok, eta enpresak langileen osasunaren arduradunak direla argi utzi nahi izan du. Bere esanetan, Europak aginduta jaso zituen espainiar Estatuak lan prebentziorako neurriak bere araudian, baina errealitatean enpresariak eta patronalak araudiari entzungor egiten diotela deitoratu du. Legea betetzen ez duten enpresek behar bezalako zigor eta isunak ez dituztela jasotzen kritikatu du, eta enpresariei «legea ez betetzea betetzea baino merkeago» ateratzen zaiela berretsi du.
LGSren eztabaida
Lanbidearteko gutxieneko soldata propioari ere erreparatu dio LABeko koordinatzaileak. Martxoan egin zen greba orokorraren harira, oso arrakastatsua izan zela gogoratu du, eta langileen borondatea argi islatuta geratu zela. Dena den, patronalak negoziatzeko borondate falta bere horretan mantentzen duela adierazi du.
Bestalde, erakunde publikoen aldetik denbora irabazten saiatzen ari direla kritikatu du, eta greba orokorrean egindako aldarriei entzungor egin dietela azaldu du. «Nafarroan hiru botorengatik ez zen aurrera atera gutxieneko soldata propioaren proposamena. EAEn, EAJren posizio gero eta jasanezinagoa da; beraiek uko egin zioten gaia eztabaidatzeari, honen inguruan bidea lanbidearteko akordioa zela esanez, baina akordiorik ez dago patronalak ez duelako nahi».
Euskara lan eskaintza publikoetan
Azkenik, Arroyok lan eskaintza publikoetan euskararen papera jorratu du. Azken boladan enplegu publikoan euskara jasaten ari den kolpeak direla eta, LAB, ELA eta Steilasek manifestazioa egingo dute maiatzaren 9an Bilbon.
Arroyok langile publikoak kontratatzeko legedian egin du azpimarra euskararen eskakizuna justifikatzeko. «Europar legislazioan, estatu mailakoan baita hemengoan ere, aipatzen da merituak, talentua eta berdintasuna bermatu behar direla, eta guk horrela izan behar duela uste dugu. Daukazun lanpostuaren arabera ezagutza eta eduki jakin batzuk eskatu behar zaizkizu, eta lanpostu batean edo bestean egon, bai euskera bai gaztelera eskatu behar zaizkizu, hori da meritua eta kapazitatea».
Hizkuntza eskakizuna berdintasunean oinarritu behar dela nabarmendu du, denei eskakizun berdina eginez, eta «printzipio orokorrak» direla erantsi du. Horrez gain, printzipio orokor horietan Euskal Herriko gehiengo sindikala bat datorrela gaineratu du, eta eztabaidaren aurrean CCOO sindikatuak eta PSEk duten jarrera kritikatu du, gehiengo sindikalaren, eta ondorioz, langileen gehiengoaren borondatearen aurka egiten dutelako.


