Zuzenean

ESK sindikatuak salatu duenez, Gasteizko parkeak eta lorategiak mantentzeaz arduratzen den Enviser enpresako greban parte hartu zuen langile bat kaleratu dute. «Ez dugu errepresaliarik onartuko hain beste borrokatu eta gero», dio Jabier Saenz sindikatuko ordezkariak, «uste dugu hemen askatasun sindikalak daudela jokoan», gaineratu du. Izan ere, hitzarmen propio baten aldeko lanuzteak 198 egun iraun zuen, 2025eko martxotik urrira arte.
Greba hasi baino egun batzuk lehenago kontratatua izan ostean, «probaldia ez zuela gainditu» izan da, Enviserreko zuzendaritzak emandako argudioa langile hau kaleratzeko. Saenzek argi du ordea «gezurra» dela hori eta langile hau kaleratuz «lezio» bat eman nahi izan diotela plantillari, ESK sindikatuko zehaztu baitu hasieratik erabateko konpromisoa agertu zuela grebarekin eta langileen eskubideekiko borrokarekin. «Ia 200 egun iraun zuen greban langile bakarra izan da egunero enpresako atean egon dena» nabarmendu du.
Olarizun gertatutakoa greba eskubidearen urraketa argi izan zela gogora ekarriz, Gasteizko Udalak eta bereziki Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren zinegotziak jokatutako papera kritikatu du. Grebaren ostean, langileek hobekuntza nabarmenak izan zituzten euren baldintzetan, eta oro har, giroa hobetu da enpresan. Oinarririk gabekoa deritzoten kaleraketa honek ordea, borroka sindikala «berraktibatzeko» aukera mahai gainean dutela iragarri du Jabier Saenzek, «aukera dago hitz egiteko, gu beti prest egongo gara, langilea berriz ere onartzen bada».



