Zuzenean

Lander Martinez

«Euskal bideojokogintzan komunitatea sortu nahi dugu»

Ibai Aizpurua, Zomorro Studioko bideojoko garatzailea, ilustratzailea, animatzailea eta irakaslea NAIZ Irratian izan da euskal bideojokogintzaz hitz egin eta martxoaren 20ean hasiko den Euskal Game Jam-aren 3. edizioarekin nondik norakoez mintzatzeko.

«Euskal bideojokogintzan komunitatea sortu nahi dugu»

Loading player...
Euskal Game Jam-aren lehen edizioa
Euskal Game Jam-aren lehen edizioa (Euskal Game Jam)

Ibai Aizpurua Zomorro Studio bideojoko eta animazio estudioko sortzailea izan dugu NAIZ Irratian, bideojokoen garapenean dauden hainbat gako eman ditu, eta hilabete honetan ospatuko den Euskal Game Jam-aren 3. edizioaz hitz egin du.

Aizpuruak azaldu duenez, hobby bezala hasi zen bideojokoak diseinatzen. Arte Ederrak ikasita, Game Jam batean -bideojokoak sortzeko ekitaldiak- lagun batzuekin parte hartu ostean, medio honetan proiektuak garatzeko gura sortu zitzaiola azaldu du. 

Jada urteak daramatza buru-belarri bere proiektuetan lanean, zaletasun hori animazio eta bideojoko garapen irakasle lanarekin tartekatuz. Azaldu duenez, Durangoko Azokaren sormenari lotutako diru laguntza batek aukera eman zion Zomorro Studion egiten duen lanean arreta guztia jartzeko.

Ordutik proiektu anitzetan parte hartu du, azken proiektua Barraka izan da, plastilinazko puzle eta abentura jokoa da, herri txiki bateko barraketan girotua.

Dena den, bere proiektu kuttunena Guillotine dela zehaztu du, lehen diseinua bideojokogintzaren munduan ekitera bultzatu zuen Game Jam-ean burutu baitzuen. Etengabe aldaketak eta berrikuntzak egiten ari dela berretsi du Aizpuruak. Joko honen erdigunean Euskal Herriko kultura eta umorea uztartzen ditu. «Jokoan XX. mendeko Euskal Herri independente bat aurkezten da, eta besteak beste Mateo Txistu edo Patxi Errementaria bezalako pertsonaiak izango dira».

Aizpuruak tokiko folklorearen pisuak sorkuntzan duen pisua azpimarratu du, bere hitzetan «zergatik egon behar da joko bat girotua Erdi Aroko fantasia mundu batean? Edo New York euritsu batean?». Bere erreferentziak, ahal den heinean, bertako kultura eta folkloretik ateratzen saiatzen dela azaldu du, eta horren erakusle handiena Guillotine da. Joko hau eta beste hainbeste lan ere Zomorro Studioreb webgunean ditu eskuragarri.

Euskal Game Jam 

Martxoaren 20ean Eibarren ospatuko den Euskal Game Jam-aren 3. edizioan parte hartuko du. Jada hirugarren edizioa izanik, Aizpurua pozik agertu da, eta interesa duten pertsona guztiei parte hartzeko deia luzatu die. Izen ematea Euskal Game Jam-aren web orrian eman daiteke.

Sortzaileak adierazi duenez, «Euskal Herrian bidojoko sortzaileen artean komunitatea sortzea dute helburu», egun dagoen komunitatea handia ez dela tamaldu baitu. Dena den, bilakaera positboa dela azpimarratu du, eta geroz eta aukera gehiago daudela sektore honetan lan egiteko.

Bera ikasle zenetik hona, aukera gehiago daudela berretsi du, eta gazteek bideojokoen eta animazioaren munduan karrera egiteko ikasketa aukera gehiago direla nabarmendu du.

Jaurlaritza Logoa