Zuzenean
Jakina da musika bandak ez direla burbuila hertsiak. Aurreko atalen batean ikusi izan dugu euren arteko harremanetan batzuetan talkak sortu izan direla, horiek euren musikan isla izan dutelarik; baina rollo txarra egon badago ere, harreman politak ere sortu izan dira talde ezberdinetako kideen artean.
Agian horregatik, edota miresmen hutsetik abiatuta, sortu izan dira gaur aztertuko ditugun superbandak: beste taldeetatik ezagunak diren kideek osatutako proiektuak. Super aurrizkiak pisuzko arrazoia du: fama eta ospea duten hainbat kideren batasun horretatik zer aterako da, super-musika ez bada?
Horrela, bada, Queens of the Stone Age, Foo Fighters eta Led Zeppelin bandak biltzen dituen proiektu bat pasako da gaurkoan Naiz irratiko uhinetatik; Extremoduro eta Platero y tu biltzen dituen beste bat; Red Hot Chilli Peppers eta Van Halen uztartzen dituen beste bat; edota Bob Dylan, The Beatles, Roy Orbison, Tom Petty eta The Electric Light Orchestra batzen dituen beste bat.
Konbinazioak amaiezinak izan daitezke eta, ziurrenik, gaurko atalean sorpresa baikorren bat edo beste jasoko duzu. Emakumeek atal honetan presentzia eskasa izatearen arrazoiak, bestalde, azaltzen saiatuko gara.



