Zuzenean

Elkarrizketa
Amaia Recarte
Tomaseneako proiektuko koordinatzailea

«Egur zaharra lantzeak teknika berezia dakar»

Baserriberri ekimenaren bidez, Dantxarineako Tomasenea baserria birgaitu dute. Proiektuak hiru ardatz izan ditu: formazioa, enplegua eta birgaitzea eta, ardatz horiek bete ahal izateko, material didaktiko eleaniztuna garatu dute. 

Audio_placeholder

«Egur zaharra lantzeak teknika berezia dakar»

Loading player...
Amaia Recarte, Tomasenea atarian, iazko irailean.
Amaia Recarte, Tomasenea atarian, iazko irailean. (Iñigo Uriz | FOKU)

Dantxarinean dago Tomasenea baserria, muga-mugan, zer eta mugaz gaindiko proiektu bat burutzeko bertan. Urtebetez, baserriaren birgaitze lanetan aritu dira gaian formatzea helburu zuten arotzak, hasi-berriak batzuk eta zailduxeagoak besteak. Amaia Recartek, proiektuaren koordinatzaileak, azaldu duenez, formakuntzan parte hartu duten hamalau ikasleek Ipar zein Hego Euskal Herrian aitortua den ziurtagiria jaso dute. Hezkuntza mailako mugarri garrantzitsua da, izan ere, egurrezko artisautza ez zen Nafarroako eta Euskadiko hezkuntza sistemetako prestakuntzan irakasten. Baserriberri proiekturako bereziki diseinatutako prestakuntza honekin, ikasleek lurralde guztietan baliozkoak diren ziurtagiriak lortzeko aukera dute.

Euskal Herriko baserri tradizionalen egitura egurrezkoa izan ohi da. Birgaitzerako orduan, zer egiten da? Dena atera? Egurraren egoeraren balorazioa?

Hasiera batean egurra datatzea erabaki dugu. Beraz, formazioaren parte izan da baserrien egituraren ezagutza barneratzea eta egurra datatzen ikastea. Ondoren, formakuntzaren baitan egin dena da teilatua desegitea ikasleak lanean hasi baino lehen. Teilatuko egurra garbitu behar izan dute helburua baitzen, ekonomia zirkularraren baitan, baserrian zegoen ahal bezain beste egun berrerabiltzea. % 60tik gora egur berrerabili da, batez ere gaztaina edo haritza, egur polita. Ondotik, edukiak jaso dituzte egur moten sailkapena, neurriak nola hartu eta beste. Lanean hasi direnean neurketak eta eraikuntzak egin behar izan dituzte. Noski, berezitasuna da egur zaharra lantzeak teknika bat suposatzen duela, askoz malguagoa delako eta egur berria lantzearen desberdina da. Egurraren norabidea ere landu da, ezin baitzaio egitura batean edozein zentzu eman edo erabili beharreko tresneria. Hainbat konpetentzia jaso dituzte gaur egun beren lanetan aplikatzen dituztenak.

Zertan izan da berrerabilia ateratako egurra?

Erabilia izan da tableroak egiteko eta honekin lehen solairua egin da. Teilatu azpiko babesa ere egin da eta, gero, kanpoko ateak ere egur horrekin egin dira hasiera batean hala aurreikusia ez bazegoen ere. Barneko ateak ere ari dira egiten baina, momentuz, ez dira bukatuak.

Gero, egia da baita ere tailer lanerako egurra behar dela eta saiatu gara ahal den neurrian baserriko egur hori erabiltzen lan horiek egiteko.

Egokitze lan handia eskatzen du egur berrerabiliak?

Garbitu behar da, leundu behar da, tratatua izan behar da eta mozteko prozesua berezia da. Lehen norabidea aipatu dut, hau ere kontua izan behar da eta da, zutik ematen duzun, iparrari edo hegoari begira… Gero, egurrik egur, eskuarekin praktikan ikusten duzu zer behar duen.

Hiru administrazio desberdinek eta bi estatuk eragiten dieten ikasleak izan dituzue.

Partzuergoak hainbat ekintza aurrera eraman behar zituen eta horrek suposatzen du elkarlan handi bat. Adibidez, hezkuntza departamendu eta ikastetxeek helburu zuten zertifikazio bikoitza jasotzea, hau da, iparraldeko zein hegoalderako, zegozkien tituluak jaso behar zituzten. Hasiera batean, pentsatua zen ikasleek jasoko zutela bigarren mailako ziurtagiri profesional bat baina, azkenean, formakuntzaren edukia hain interesgarria izanik, uste genuen saiatu behar genuela harago joaten. Beraz, ikasleak atera dira zurgintza mailako C graduko modulu profesional guztiak onetsita, hau da, lehen mailako ziurtagiri profesional baten pareko titulazio batekin eta erdi mailako D graduko modulu gehienak ere gaindituta dituzte eta, nahi izanez gero, erdi mailako D gradu guztia konbalidatu dezakete praktikaldiarekin edo ikasketak bururaino eramanda. Lehen aldiz lortu da hiru administraziotatik datozen ikasle horiek formakuntza bakarra jasotzen, toki berean eta, gainera, bi aldeetan baliagarri diren tituluak konbalidatuz.

Zer izango da hemendik aurrera Tomasenea baserria?

Helburua izan da baserri hori lurraldeko beharrei erantzuteko toki bilakatzea, espazio irekia izatea eta, nahi genuke, epe ertain-luzean bilakatzea toki bat zeinetan transmisioa egiten den, edozein formatan baina transmisioa.

Jaurlaritza Logoa