Zuzenean

Peli Lekuona - Hegoi Belategi

Autobusak ibilbidea amaitu du, Mikel Zabalzaren memoriak dirau

Mikel Zabalzari egin ziotenaren kontakizuna garraiatu du autobus batek 19 egunez. 20. egunean, Zabalza Endarlatsan agertu zeneko 40. urteurrenean, Idoia Zabalza arrebarekin hitz egin du NAIZ Irratiak, baita Fidel Arizmendi Dbuseko langilearekin ere, erakusketa hartu duen ibilgailuan bertan. 

Audio_placeholder

Autobusak ibilbidea amaitu du, Mikel Zabalzaren memoriak dirau

Loading player...
Fidel Arizmendi, Zabalza kasuari buruzko erakusketa hartu duen autobusaren parean.
Fidel Arizmendi, Zabalza kasuari buruzko erakusketa hartu duen autobusaren parean. (NAIZ Irratia)

Hunkigarriak bezain indartsuak izan ziren Mikel Zabalza Garateren omenezko memoriaren autobusak Donostian igandean egindako azken metroak. Guardia Zibilaren torturen ondorioz hildako orbaizetarraren kasuari buruzko erakusketa ibiltariak, estatuaren zigorgabetasuna salatzeko balio izan du, gizartearen gehiengoak sinesten ez duen bertsio ofiziala mantentzen baitute oraindik ere Espainiako Estatuko egitura nagusiek, Zabalzaren heriotzatik lau hamarkada igaro direnean. «Oso eskertuta» agertu da Idoia Zabalza Mikelen arreba, Dbus Donostiako autobus zerbitzuko langileek bere familiarekiko izandako konpromisoagatik, «40 urte pasa dira eta ikustea oraindik Mikelen memoria bizirik dagoela oso pozgarria da guretzako». 

Bistan denez, Zabalzari gertatutakoak jardunean ezagutu zutenengan eragin sakona izan zuen, baina baita harago ere, «lankideak ez ziren» askok ere euren ekarpena egin nahi izan diotelako erakusketa ibiltariari, Idoia Zabalzak nabarmendu duenez. Hain beste jendek anaiaren memoriaren alde antolatzen jarraitzeak, eurei ere aurrera egiten laguntzen diela dio Idoia Zabalzak, «Guardia Zibilak emandako bertsio ofizialak dirau. Baina bestalde esateko moduan gaude badugula beste beste bertsio ofizial bat, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandakoa eta talka egiten dute aurreko bertsioarekin. Falta zaiguna da egia osoa, justizia eta erreparazioa». 

«Transmisioaren haria eten ez dadin gure aletxoa jarri dugu», azaldu du Dbuseko langile eta LAB sindikatuko ordezkari Fidel Arizmendik, eskertuz berak ere, langile eta sindikatuen aldetik jasotako babesa. Mikel Zabalzaren memoria garraiatu duen autobusean bertan hartu du NAIZ Irratia Arizmendik, Zabalzaren heriotza baieztatu zuten egunetik 40 urtera. «Gaur, 20. egunean agerrarazi zuten», adierazi du Arizmendik, Dbuseko langileek bezala, gizarte osoak Zabalzari gertatu zitzaiona «hasieratik argi zeukala», ondorioztatuz; alegia, atxilotua eta torturatua izan ostean, Guardia Zibilaren ardurapean hil zela Mikel Zabalza. 

Garaiko 'kotxerak' Ategorrieta pasealekuaren parean zeuden, Mirakruz gainetik gertu eta inguru horretan hazi zen Arizmendi. Behin baino gehiagotan, Zabalzak gidatutako autobusean igo zenaren susmoa du. Orain, autobusak bere ibilbidea amaitu badu ere, erakusketak modu batean ala bestean jarraipena izatea espero du, belaunaldi berriek Mikel Zabalzak bizitakoaren eta herrialde honek jasandako gatazka politikoaren berri izan dezaten. 

Jaurlaritza Logoa