Zuzenean

Malen Frantsesena Arnaiz

«Balioan jarri nahi genuen Herri Memoria, 40 urtetan Mikelen oroimena bizirik mantendu duena»

40 urte igaro dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxiki, torturatu eta erail zuenetik. Honen harira 'Mikel Zabalza Gogoan' herri ekimenak, azaroaren 26an hasi, eta abenduaren 14an amaituko den autobus bira antolatu du. Gehiago jakiteko ZEBRABIDEAN izan da Ainhoa Bueno, herri ekimeneko kidea.

 

Audio_placeholder

«Balioan jarri nahi genuen Herri Memoria, 40 urtetan Mikelen oroimena bizirik mantendu duena»

Loading player...
Ainhoa Bueno, Mikel Zabalza gogoratzeko aurkezpenean Iruñean
Ainhoa Bueno, Mikel Zabalza gogoratzeko aurkezpenean Iruñean (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Azaroaren 26 honetan 40 urte bete dira, Guardia Zibilak, Mikel Zabalza (autobus gidaria) atxiki, torturatu eta erail zuenetik. 1985ean gertakariak mobilizazio sozial erraldoia eragin zuen Euskal Herrian, manifestu jendetsu andana izan ziren, baita greba orokor bat ere. Mikel 20 egunez desagertuta egon zen, eta egun horietan bere lankideek egindako protestak zer esan handia eman zuen. Hala zioen Donostiako udaletxeraino eraman zuten autobusetik zintzilikatutako pankartak: ‘Hemen ez dago gidaria, non dago?’. 

40 urteren ostean, ‘Mikel Zabalza Gogoan’ herri ekimenak, ekintza berreskuratu, eta 20 egunez, Euskal Herriaren zati bat zeharkatzen ari den autobus bira antolatu du, Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuz. Autobusak azaroaren 26an, Mikel desagertu zen egunean, ekin zion bideari Donostiako Bulebarretik, eta 20 egunez Euskal Herrian barrena ibili ostean, leku berera itzuliko da, abenduaren 14an, Mikel ibaian agerrarazi zuten egunean.

Honetaz gehiago jakiteko ZEBRABIDEAN izan da Ainhoa Bueno, ‘Mikel Zabalza Gogoan’ herri ekimeneko kidea. Ekimena harrera «oso ona» izaten ari dela azaldu du Ainhoak, bai garaiak bizi izan zituztenen artean eta baita belaunaldi gazteenen artean ere.

Euskal Herrian milaka dira tortura pairatutako pertsonak, Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ikerketaren arabera 5.000tik gora. Aitortza instituzionala lortzea ordea, ez da lan erraza izan. Mikelen kasuan, urte luzetako borrokaren ondoren, 2020ko abenduan Donostiako Udalak omenaldia egin zion, udal autobus konpainiako langilea zelako; 2022ko otsailean, orbaizetarraren heriotzatik 36 urte igarota, Lakuako Gobernuak biktima gisa aitortu zuen Zabalza eta, adituen ikerketa sakon batean oinarrituta, baieztatu zuen torturatuta hil zutela; 2024ko apirilean Nafarroako Gobernuaren aitortza jaso zuen, motibazio politikoko beste hamaika biktimarekin batera. 

Batzuek agian orain entzungo zuten lehenengoz desagertutako autobus gidariaren gertakaria, baina Ainhoak argi adierazi du, hau urteetan eta urteetan mahai gainean egon den borroka izan dela.

«Urteetan eta urteetan mahai gainean egon den borroka izan da, eta oraindik ere badagoena, egiarena justiziarena eta erreparazioarena. Zentzu horretan erran dezakegu azken hamarkada honetan gertatutakoa, bereziki azken urte gutxi hauetan oso garrantzitsua dela eta balioan jartzeko urratsak direla, egia, justizia eta erreparazio horretan, minak osatzeko urrats bat delako. Bertsio ofiziala baztertu eta herriak urteetan aldarrikatu duen egia horren zati bat mahaigaineratzeko urratsa izan da. Baina aipatzen nuen horretatik borroka honen helburu guztiak oraindik ez daude beteta, erreparazioak ekarri beharko lukeen egia eta justizia hori lortzeko oraindik etengabe jarraitzen dugulako hormen eta pareten aurka topo egiten».

40 urte pasatu dira ordutik, baina urte hauetan guztietan egindako lanak, memoria ariketa horren transmisioa eten ez dela erakusten du.

«Hori izan da dinamika honetan balioan jarri nahi genuen gauza nagusienetariko bat. Herri memoria hori bermatu duena 40 urtetan zehar urtez urte eta salbuespenik gabe, Mikelen oroimena bizirik mantentzea eta lortu duena. Mikel ezagutu ez genuenok, garaian gertatu zena lehenengo pertsonan eta gure azaletan bizi ez genuenok, kasu honen inguruan ezagutza bat izatea. Are gehiago, askok borroka honetan gure aletxoa jartzeko, oinarri bat da ezagutzarena, eta uste dugu nekez helduko ginatekeela heldu garen lekura, erreparazioaren urrats horiek dagoeneko urratuta izatera, ez balitz 40 urte hauetan zehar memoria hori bizirik mantentzeko egin den lan nekaezin horri esker, eta berez badela lortzen ari garenaren oinarri ezinbesteko».

Bira abenduaren 14an amaituko da Donostiako Bulebarrean ekitaldi nagusi batekin eguerdiko 12:30ean. Ordura arte, autobusak bere ibilbidea jarraituko du, barruan duen erakusketa txoko ezberdinetara garraiatuz. Igandera arte, Beran, Altzan eta Donostian izango duzue ikusgai.

Jaurlaritza Logoa