Zuzenean

Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak astelehenean egingo duen bisita ofizialak ikusmina sortu du Gernika-Lumon. Bisitan izango dira, halaber, Felipe VI.a, euskal alderdi politiko nagusietako ordezkariak eta instituzioetako agintariak. Herriko alkate Jose Maria Gorroñok nabarmendu du bisita «ohore bat» dela herriarentzat eta, batez ere, «Gernikako bonbardaketako biktimak omentzeko balio handiko keinu» gisa ulertzen dutela.
Alkateak azaldu du Steinmeierrekin hitz egiteko aukera izango duela eta mezua argi duela: «Ongi etorri Gernikara». «Gernika da bakearen herria, errespetuaren herria. Eta gainera Europa mailan demokraziarik zaharrenetarikoa». Gorroñok eskertu egin du presidente alemaniarra «bertara personalki etortzea bonbardaketako biktimak omentzera», keinu «handia» dela iritzita.
Steinmeier Reina Sofiako museoan Picassoren Guernica begiratzen aritu izanak eztabaida berpiztu du koadroaren kokapenari buruz. Gorroñok argi hitz egin du: «Guk beti izan dugu buruan Picassoren ‘Guernica’ Gernikara etorri behar dela». Bere ustez, koadroaren itzulera «biktimentzat keinu handienetako bat» litzateke.
Alemaniaren barkamen eskariaren balioa eta Espainiako Estatuaren rola
1997an Alemaniak Gernikako bonbardaketagatik egindako barkamen eskaria gogoratuta, Gorroñok adierazi du bisita honek ildo berean sakontzen duela: «Steinmeierrek personalki esango du alemaniarrek parte hartu zutela hemen eta kalteak eragin zituztela». Gogorarazi du Gernika ia erabat suntsitua geratu zela eta herriak izandako sufrimendua ulertzea ezinbestekoa dela.
Alkateak Espainiako Estatuaren jarreraren inguruan ere hitz egin du: «Espainiako estatuek badute zor morala bonbardaketako biktimekin». Aitortu du azken urteotako aurrerapauso instituzionalak baliotsuak direla —Gernika memoria demokratikoaren leku izendatu izana, kasu—, baina uste du oraindik «adierazpen sendo eta kontundenterik» falta dela, Alemaniak egin bezala.
Eneko Anduezaren adierazpenak ere izan ditu hizpide, PSOEren idazkari nagusiak barkamen eskaerak «frankismotik datozenen aldetik» etorri beharko liratekeela esan baitzuen. Gorroñoren iritziz, hala ere, «Estatuak berak» egin beharko luke aitortza hori.
Gernikako giro politikoa: «Errespetua da gure oinarri nagusia»
Udalerriko giro politikoaz galdetuta, Gorroñok nabarmendu du alderdien arteko harremanak egonkorrak direla: «Errespetua da lehenengo guk duguna EAJ eta EH Bildurekin». Gogorarazi du Gernika «bakearen eta errespetuaren herria» dela eta ordezkari publikoek jarrera hori islatzen dutela.


