Zuzenean

NAIZ Irratia

Bulego taldeari elkarrizketa, bira amaitu berritan eta datorrenari begira

Bi urtez aritu dira beren ‘Aldatu aurretik’ diskoa aurkeztuz Bulego talde azkoitiarrekoak. Donostian hasi eta Euskal Herriko eta atzerriko hainbat txoko bisitatu ostean, urte eta erdiz oholtzatik jaitsiko dira orain. Ordura arte sorkuntzan zentratuko dira, ezeri aterik itxi gabe.

Bulego taldeko Tomás Lizarazu.
Bulego taldeko Tomás Lizarazu. (Jon URBE | FOKU)

Duela bi urte, 2023an, kaleratu zuen Bulego talde azkoitiarrak ‘Aldatu aurretik’ diskoa eta ordutik hona batean eta bestean aurkezten ibili dira, bira; bart, Bilboko Euskalduna Jauregian bukatuz. Hala, bira amaierarekin batera albiste berriak dituzte eta horien inguruan hitz egiten izan dira NAIZ Irratiko MusikHaria saioan. Euskaldunan bira amaitu ondoren, 2027ko martxoaren 6rako iragarri dute itzulera, Bilbao Arenan izango da. 

Kursaalean hasi eta Baluarten eta Euskalduna Jauregian bukaera eman dion ‘Aldatu aurretik’ bira bukatu berritan NAIZ Irratiko estudioan izan da Bulego taldeko Tomas Lizarazu. «Aurreikuspenak egiten ez gara onak izan inoiz eta uste baino erantzun hobeagoa jaso dugu bira honen hasieratik bukaerara», aipatu digu musikari azkoitiarrak. Urte eta ia erdiko atsedena hartuko dute orain, oholtzetatik jaitsita eta «erabat sorkuntzara bideratuta».

Dena dela, ea erabat desagertuko diren galdetuta, isiltasun erabatekoa izango ote den aipatzean, «ez dakigu» bat erantzun du Lizarazuk. «Sormenak ekarriko du ekarri beharrekoa, ez dugu aterik itxi nahi, eta ez dakigu hori abesti bat, EP bat, disko bat edota bost izango diren, baina zuzenekorik ez dugu eskainiko behintzat, fokutik aldendu nahi dugu denbora batez», esan du musikariak MusikHaria saioan. Hala, 2027ko martxoaren 6an izango da itzulerako kontzertua, “Segi dezagun ametsetan” deitu dutena, eta sarrerak ostegun honetan, azaroaren 13an, jarriko dira eskuragarri haien komunitateko kideentzat. Gainerakoentzat, berriz, biharamunean, azaroaren 14an jarriko dira, Bulegoren web orrialdean. Bi egunetan goizeko 10:00etan hasiko da salmenta.

«Bira honetan ikusi dena lan handi baten izebergaren punta baino ez da izan» eta lan-taldeari behin eta berriz aitortza egin dio elkarrizketan zehar Lizarazuk. Baita familiari ere, izan ere, bira honetan bigarrenez aita izan da Tom Lizarazu. «Proiektu hau familiarra dela diodanean, nire familia ere hor sartzen da. Etxekoen esfortzurik gabe ezingo nukeen egiten dudana egin. Bikoteak, alabek, gurasoak, arrebak… denok egiten dugu posible», kontatu du azkoitiarrak. «Esker oneko hitzak beti dira gutxi, ez dira nahikoak, baina besterik ez dudala esatea familiari eta nire inguruari. Askotan entzun izan da musikari eskaini nahi izan diozula dedikazio oso baina babesik ez duzula jaso, bada, nire kasuan, erabat kontrakoa izan da», azaldu du Lizarazuk.

Birako une goxoez galdetuta, Boiseko Treefort Music jaialdia izan du gogoan Bulego taldeko abeslariak: «Debaldeko kontzertua zen, hortaz, jendeak inolako konpromisorik gabe gerturatzeko aukera zuen. Horrek dena errezten du. Kontzertua hasi zenetik bukatu arte, ia inor ez egotetik 2.000-3.000 pertsona izateraino pasa ginen. ‘Bueltan da’ abesteko unean, publikoarekin abestera jaitsi nintzen eta letra ulertu ez arren, denak saltoka jarri genituen. Bada, biharamunean, ordainpeko kontzertua genuen han bertan eta gu hasi aurretik ez zegoen inor eta bukaerarako jende asko gerturatu zen. Zergatik hurbildu ziren galdetuta, askok bezperakoa errepikatu nahi zutelako edota galdu egin zutelako etorri zirela esan zigun».

2027ko emanaldiari ameslari izan asmoz jarri ote dioten izena galdetuta, «zalantzarik gabe», izan da lehen erantzuna: «Uste dut Bulegoren hasierako sentsazio haiekin konektatu dugula. Bulego batzuetan gainetik pasa gaituen olatua izan da, lan pila bat egin arren hau gertatzeko, ez genuelako espero gertatuko zenik. Zaldi ero bat domatzen ibili gara eta 2026an hori izango da lanetako bat, Bulegoren zimenduak ondo ezartzea, urte hauetan gertatu denaz jabetzea».

 

Jaurlaritza Logoa