Zuzenean

Peli Lekuona | Iraia Cambra

«Donostiak jauzi estrategikoa egin du Europako teknologia kuantikoaren mapan»

Donostiak jauzi garrantzitsua eman du zientzia eta teknologiaren esparruan: IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa inauguratu dute. Aitor Bergara, EHUko Fisika Kuantikoaren Katedraduna eta EHU Quantum Centerreko zuzendaria NAIZ Irratian izan da gai honen inguruan hitz egiten.

Audio_placeholder

«Donostiak jauzi estrategikoa egin du Europako teknologia kuantikoaren mapan»

Loading player...
IBMk Euskal Herria aukeratu du Europako lehen Quantum System Two instalatzeko
IBMk Euskal Herria aukeratu du Europako lehen Quantum System Two instalatzeko (IBM | Europa Press)

IBM Quantum System Two ordenagailu kuantiko berria Donostiako IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentroan instalatu da, Ikerbasqueko eraikin berrian. Munduan hirugarrena da bere ezaugarriekin; beste bi Tokioko eta AEBetako instalazioetan daude, eta hego Europako lehenengoa. Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta IBMk elkarrekin bultzatutako azpiegitura estrategikoa da. Helburua: ikerkuntza zientifikoaren abangoardian kokatu eta sektore estrategikoetan aplikazio esanguratsuak garatzea.

Donostian instalatutako taldeak Europa hegoaldeko ekosistema kuantikoa eraikitzen lagunduko du. Teknologia kuantikoaren bidez, sektore estrategikoetarako algoritmo berriak garatzea espero da, hala nola energia, biomedikuntza edo adimen artifizialaren esparruetan.

Aitor Bergara EHUko fisika kuantikoaren katedraduna eta Quantum Centerreko zuzendaria izan da NAIZ Irratian, honen berri ematen. Bere hitzetan, «oso aipagarria da IBMek Europan Donostia aukeratu izana halako ordenagailu aurreratu bat kokatzeko». Gaur-gaurkoz munduan horrelako hiru ordenagailu mota baino ez daude.

Ordenagailu kuantiko batek «ordenagailu klasikoekin ezinezkoak diren kalkuluak egitea» ahalbidetzen du. Gaur egun, dagoeneko aplikazio praktiko batzuk ditu, batez ere «logistikan eta optimizazioan, non aldagai kopuru handiak kalkulu konplexuak eskatzen dituzten». Bestalde, «energia sektorean eta biofarmazeutikan ere badira aplikazioak, hala nola energia erabilera optimizatzea edo farmako baten eragina proteinetan simulatzea».

Ikerkuntzaren esparruan ere aukera berriak irekitzen dira: «Ni neu, esaterako, Alzheimer edo ELA bezalako gaitzen jatorria ulertzeko proteinen arteko elkarrekintzak aztertzen ari naiz», azaldu du Bergarak. «Ordenagailu kuantikoek naturaren prozesuak simulatzeko gaitasuna ematen dute, eta horrek medikuntza pertsonalizatuan sekulako jauzia ekar dezake».

Funtzionamenduari dagokionez, Bergarak adierazi du momentuz ez dagoela kosturik ikerlarientzat: «Guk ez dugu ezer ordaintzen. Kolaborazio zientifikoaren bidez eskuragarri dugu, baita nazioarteko beste ikerlariekin lanean ari garenean ere».

Bestalde, erabilera digitala izango du: «Munduko edozein lekutik konektatu ahalko da, baina lehentasuna bertako ikerlariek izango dute», nabarmendu du. Izan ere, «ordenagailua ikono bat da, baina are garrantzitsuagoa da sortzen dituen kolaborazioak eta ikerketa-aukerak».

Bergarak teknologia honen potentziala azpimarratu du: «Ordenagailu honek ez du berez ezer egingo; guk planteatu behar ditugu galderak eta ereduak. Baina eredu horiek ondo planteatzen badira, kalkulu horiek klasikoekin ezinezkoak diren erantzunak eman ditzakete».

Jaurlaritza Logoa