Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Elkarrizketa
Jose Ignacio Asensio
Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia

«Aurrekontuen negoziaketa edukiei lotzen bazaie, sozialisten aldetik ez dago arazorik adosteko»

NAIZ Irratiko estudioetan jaso du Arnaldo Otegik Jose Ignacio Asensioren erantzuna Lakua eta hiru aldundietako aurrekontuak batera adosteko gonbitari. EH Bilduk bestelako estrategia bat duela dio, baina ez ditu ateak itxi. Pasa den urtean negoziazio mahaitik azken unean altxa izana leporatu die.

Audio_placeholder

«Aurrekontuen negoziaketa edukiei lotzen bazaie, sozialisten aldetik ez dago arazorik adosteko»

Loading player...
José Ignacio Asensio, NAIZ Irratiko Donostiako estudioan.
José Ignacio Asensio, NAIZ Irratiko Donostiako estudioan. (NAIZ irratia)

Giro nahasi eta ohikoa baino zalapartasuagoarekin hasi da ikasturte politikoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeetan. Alderdien arteko esanek eta EAJ eta PSE-EEren ika-mikek zeresana eman dute egunotan. Lasai direla dio, ordea, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatu eta Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak. «Noski Alderdi Sozialistak bere iritzi propioak dituela eta errespetua eskatzen dugu. Eta hori da Andueza jaunak egin duena». Hori bai, jeltzaleen «errespetu falta» kritikatu du: «Jeltzaleek hitz potoloak bota dituzte eta ez da zilegia. Errespetu falta nabarmena izan da eta ez dugu onartuko».

Gipuzkoari dagokionez, ordea, Gobernu barruan, kudeaketari eta akordioari dagokionez gobernukideen arteko giroa ona dela dio. Hala eta guztiz ere, EAJren «urduritasuna» nabarmendu du Asensiok eta hauteskundeei begira daudela iradoki du, Eneko Goiaren dimisioa adibide moduan jarriz.

Talkak eta trabak

AHTa izan zen Politika Orokorreko eztabaidan nabarmendutako gaietako gai. Gai arantzatsua da, jeltzaleen arteko arrakalak ere zabaldu izan dituena. Asensiok sozialisten hautua Ezkio-Itsasoko igarobidea dela errepikatu du eta gobernu akordioan hala sinatu zutela gaineratu. Espainiako Ministerioaren txosten teknikoek zer dioten falta da, ordea. Lurzoruaren katak egiteko zailtasunak daude zenbait udalen eta partikularren «trabak» tarteko.   

Txostenik gabe, ordea, ezin iritzirik aldatu edota erabakirik hartu. Zailtasunei aurre egiteko udalerrietako alkateekin hitz egiten ari direla azaldu du. Jose Antonio Santano Garraio ministroarekin ere pasa den astean hitz egin zuela esan du eta honek zailtasunak berretsi zizkiola.

Euskara babesteko arauak ere tentsioak eragin ditu gobernukideen artean. Asensiok akordioak mantendu behar direla aldarrikatu du, eta duda egin du ia nolatan, urtebeteko tarte eskasean, onartu berri den profilen dekretua aldatu behar den. Udaletan edota Aldundian euskaraz lan egiteko edo harremantzeko arazorik dagoenik ukatu du. Lan baldintzak aldatzen ari direla eta hizkuntza eskakizunak «gero eta handiagoak direla» gehitu du.

Gizartea anitza dela, eta euskaraz lan egiteko eta harremantzeko eskubidea bermatzeaz gain, aniztasun hori ere babestu egin behar dela defendatu du. Administrazioan lan egiteko denok dugula eskubidea dio eta beraz eskakizunak mailakatu egin beharko liratekeela: «Argi esango dut, administrazioan lan egiteko beti ez da PL4a behar». Legeak aldatu nahi dituztenen aurrean, akordioa mantentzea galdegin du. «Lan baldintzak daude jokoan, ez euskararen erabilera».

«Gauza bat da zer esaten duen EH Bilduk, eta beste bat zer estrategia duten»

Asteazken honetan bertan, NAIZ Irratiko estudioetan Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Lakua, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrekontuak batera adosteko proposamena egin zien gainontzeko alderdiei. Gipuzkoako PSEren idazkariak Otegiren hitzek eta estrategiak bat ez datozela kritikatu du, eta gogora ekarri du iaz Araban eta Bizkaian EH Bildu eta Gobernuaren artean adostasuna lortu zela, baina Gipuzkoan eta Legebiltzarrean ez. Aurrekontu berrietarako aterik ez du itxi baina Asensiok. «Estrategia bat baldin badago horren atzean, noski, akordiorik ez da egongo». Edukien gaineko negoziazio galdegin du.

Jaurlaritza Logoa