Zuzenean

NAIZ Irratian egon da asteazken honetan EH Bilduko idazkari nagusi den Arnaldo Otegi. Eta epe motzeko zein luzeko gaiak izan ditu aztergai. Aurrekontuak, lehenengoen artean. Nafarroan jada negoziaketa abian dela gogoratu ostean, EAEn ere elkarrizketak izateko gonbita egin die EAJ eta PSEri, lau aurrekontuen inguruan: Lakuarenak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundienak, batera.
Aukera hau «logikoa» dela argudiatu du Otegik, diru-sarreren kutxa bakarra den neurrian: «Zenbat diru dagoen eta inbertsioak non egon behar diren adostu dezakegu. Galdera hau da: posible da hiruren artean negoziaketa bat abiatzea, lau aurrekontu horien inguruan?». Proposamena jada bideratu dutela azaldu du, eta momentuz erantzunik ez dela.
Elkarrizketa nazionalaren bidez, «narratiba berri bat eman ahal diogu herri honi. Herri heldua da, sekulako baliabideak ditu, eta beste taupada bat eman behar dio bere buruari»
Beste berririk ere badakar ikasturte berriak: Elkarrizketa nazionala proposatu du EH Bilduk, indargune eta ahulguneak ongi detektatzeko, baliabideak kokatzeko, diagnostiko konpartitu bat osatzeko. Egin den ariketarik masiboena egin nahi dute, erronkak identifikatu eta aukerak sustatzeko. «Ardura ariketa bat da», azaldu du Arnaldo Otegik. «Lehen indar politikoa gara bozketetan zazpi herrialdeak kontuan hartuta eta honek ardura erantsia sentiarazten digu. Erronka zaharrak eta erronka berriak daude herri honetan, herri txikia da eta aukerak baliatu behar ditu, gutxieneko programen bidez», proposatu du.
Honen ortzimugari begiratu dio. Bere hitzetan, «narratiba berri bat eman ahal diogu herri honi. Herri heldua da, sekulako baliabideak ditu, eta beste taupada bat eman behar dio bere buruari».
Testinguru honetan, estatus berria lortzeko negoziazioak ere ari dira gertatzen, diskrezio osoz. Herritar batek zer jakin beharko lukeen galdetuta, bi erantzun eman ditu Otegik: «Hiru familia politikoen artean akordioak lortzea ez dela erraza izango» eta «arduraz jokatu behar dela». «Lanean ari gara, fruituak emango dituela uste dugu. Eta fruiturik ematen ez badu jendeari zergatik gertatu den esango diogu», agindu du.
Oinarri gisa, prozesu honen bukaeran «argi gelditu behar da Euskal Herria zer den eta libreki erabaki behar duela». Hortik aurrera, «seduzkio demokratikoaren bidez egin behar da aurrera, ez dago bidezidorrik hemen, iparra non dugun jakin eta pazientziarekin jokatu behar dugu».
Ultraeskuinaren aurrean milioi bat bozka
Egungo aukera baliatzeko beharraz mintzo da EH Bilduren idazkari nagusia. Izan ere, gutxi barru «ultraeskuina aurrean izan dezakegu Estatu espainolean zein frantsesean, eta badakigu zer suposatzen du horrek gure herriarekiko».
Bide honetan hauteskundeei begira indar metaketak egiteko aukera berretsi du. Laster Estatu frantsesean ere hauteskundeak izan daitezkeela aipatu ostean, bertan zein Estatu espainolean «bloke amankomunak» eratzearen aldeko apustua egin du, «eta gero bakoitzak bere talde parlamentarioa egin dezala. Zein da honen balioa? Milioi bat bozka ultraeskuinari aurre egiteko. Gu oso ondo aterako gara bozketa horretatik –esan du EH Bilduri buruz–, baina ez da gure helburua, herri bezala sekulako aukera dugu».
Madrilen EH Bilduk duen paperari buruz ere hausnarketa interesgarria utzi du Arnaldo Otegik: «Gu independentistak gara, gure apustua Madrilen taktikoa da, eta hau ez dugu despektiboki esaten. Euskal Herriaren arazoak ez dira Madrilen konponduko, prozesu autozentratua da planteatzen duguna».
Hau horrela izanik, hauteskundeetan «gure herriak Gobernu espainolean faxistarik ez zuela nahi nahi argi esan zuen». Baina hori ekiditen segitzeko, «gutxieneko programa baten inguruko blokea» behar da bere ustez, hori egin ezean «logika partidistak nagusitzen direlako, eta honek ez du zentzurik faxistak aurrean direnean».



