Zuzenean

Hala ere, Amaiur Egurrola, Ernai gazte antolakundeko eledunaren esanetan, begirada ez da iraganera mugatzen: «aurrera begira» jarri dira, eta gazteriari eskatu diote Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokaren lekukoa hartzeko.
Ernaik dei egin du Euskal Herriko gazteak batzeko eta kalean antolatzeko. Amaiur Egurrolaren arabera, «independentziaren bidea» da Euskal Herria «beste balio batzuen arabera» eraikitzeko aukera ematen duen tresna. «Euskal gizartean aldaketa kultural bat ematen ari da, eta gazteok alternatiba bat nahi dugu», nabarmendu du.
Memoria historikoa eta independentzia, bide beretik
Azken hilabeteetan, Txiki eta Otaegiren inguruko oroimen-ekimenek eztabaida piztu dute, batez ere Zarautzen jarritako lona bat kendu ostean. Egurrolak argi utzi du bere jarrera: «Memoria historikoaren Legeak aitortzen du biak frankismoaren biktima izan zirela. Beraz, haien irudia kriminalizatzea atzerapauso kezkagarria da gure herriaren demokraziarako».
Honez gain, Egurrolak nazioarteko adibideak ere ekarri zituen gogora, hala nola Nelson Mandela edo Celestino Alfonso, eta galdegin du zergatik hemen ez den berdin ulertzen memoria historikoa edo erresistentziaren figura.
Irailak 14ko mobilizazioaren ardatz nagusietako bat independentzia aldarrikapena izango da. Egurrolak azpimarratu du gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa dela alternatibak planteatzea: «Kapitalismoaren azken hamarkadetako ereduaren krisia agerikoa da, eta testuinguru bortitzago batera goaz. Euskal Herrian bestelako eredua eraikitzeko gaitasuna badugu».
Era berean, mobilizazioaren helburua da jendartean motibazioa piztea eta borrokaren fruituak ikusaraztea. «Jendearekin egon behar dugu, eta borrokaren garaipen txikiak ospatu. Horrek ematen du indarra aurrera jarraitzeko», adierazi du.
Egiteko moduak eta gazteriaren rola
Ernairen ustez, nazio eraikuntza ez da soilik instituzioen bidez gauzatzen: kalean eta herri mugimenduetan ere burutu behar da. Egurrolak garrantzia eman dio mugimendu feministaren ekarpenari, eta Ernairen egitekoa gazteriaren politizazioan kokatu du: «Gazteriarekin egon behar dugu, eta haien nahiak eta beharrak ulertuta, alternatiba eraiki».
Instituzioetako alderdiek beren zeregina dutela onartu du, baina gazte antolakundeek kalean eragin behar dutela azpimarratu du. «Estatusaren inguruko eztabaidak egon badaude, guk ere horretan parte hartu behar dugu, jendartearen ahotsa izanik».
Testuinguru globalari erreparatuta, Ernaik nabarmendu du Espainiako eta Frantziako estatuek herriaren erabakitzeko eskubidea mugatzen dutela. Hala ere, Egurrolak argi utzi du Euskal Herrian badaudela egiteko beste modu batzuk eta borroka justuen aldeko konpromisoa: «Palestinako herriaren alde mobilizatzea ez da delitua, baizik eta justizia».
Ikasturte berriari begira, Ernaik kaleko ekintza eta herriz herriko lanari eutsiko dio. Udaberrian ekimen bereziak antolatuko dituzte, eta Donostiako manifestazioa izango da ikasturtearen hasierako mugarri nagusia. Egurrolak azpimarratu du borrokak eta aldarrikapenek fruituak ematen dituztela, eta horrek erakusten duela alternatibak posible direla: irailaren 14ko mobilizazioa ez da iraganari begirako ekitaldi hutsa izango, baizik eta etorkizunerako bultzada.


