Zuzenean

Hastear da Bilbon 2025eko Aste Nagusia, eta Konpartsen Federazioak egitarau oparoa du prest. Txosnak babesteko kanpaina izango da txosnaguneko protagonista eta, gainera, 600 jarduera baino gehiago prestatu dituzte, gustu guztientzako ekintzekin.
Honi buruz gehiago jakiteko, NAIZ Irratiko Bilboko estudioetara gerturatu zaizkigu Jone Fernandez Algara konpartsako kidea eta Ander Aristondo Kaskagorri konpartsako eta programazio batzordeko kidea.
Muntaketan egunak eman dituzte etengabeko lanean, eguzkipean gainera, bero bortitzeko egunak izan dira eta. Neke hori gaindituko dutelakoan eta jaiak bertan direla, «oso gogotsu» agertu dira. Lehen eguna berezia izaten dela nabarmendu dute biek, eta hurbilago ikusi heinean gogoak ere handitzen doazela: «honek sekulako lana dauka, eta polita da ikustea zure lana txupinarekin batera borobiltzen dela, larunbateko pregoia entzutean».
Hortik aurrera, bederatzi egun gozatzekoak. «Gero nekatuta bukatzen dugu, baina ondo; ezta, Ander?», galdetu du Jonek. Anderrek erantzun, «azken egunean ez dakizu zergatik jarraitzen duzun hor, baina bazaude, egon behar zarelako».
Goizez zein gauez, jarduera desberdinetan eta txandetan ere ondo pasatzen dutela kontatu dute NAIZ Irratian. Txosna barruan egotearen sentipenari buruz, «Bilbo edo ingurukoa izanik zure herriaren eta jai herrikoien alde egiten duzula sentitzen duzu», dio Kaskagorriko konpartsakideak. Eta gaineratu: «kanpotik ere bizi izan dut, baina barrutik askoz politagoa iruditzen zait».
Aste Nagusiak eskaini dezakeen bizipen sorta zabalaren artean, harremanak dituzte maite. «Denok ditugu anekdotak». Gainerakoan, aste hasierako egunak, bazkariak, herri kirolak edo punki olinpiadak aipatu dituzte, ez delako guztia «goizeko lauretan kalean egotea» izango.
Egitarau betea
Denentzako jarduera askotarikoak egotea bilatu dute konpartsek. Aurtengoan, esaterako, apustu indartsua egin dute Gastrotxiki bezalako ekimenen alde, «umeak ere gure jaiak bizitzeko moduan sartzeko».
Edonola ere, federazioak antolatzen dituen ekintza orokorrez gain, gogorarazi dute «konpartsa bakoitza mundu bat» dela, eta tokian tokikoez ere goza daitekeela. Aplikazioan zein txosnagunean banatuko diren liburuxketan jaso daiteke ekintza horien berri.
Txosnak. Gureak, denonak
Aurten garrantzi berezia hartuko duen gaietako bat da txosnak babesteko ekimena. 20.000 sinadura baino gehiago bildu ditu dagoeneko. Ekimen hori Bilboko txosnagunean txertatu edo islatzeko modua, txosna guztiak arrosaz janztea. «Bizkaia mailan oihartzun handia izan du, eta ikusgarritasuna eman nahi genion. Guretzat urte osoko jarduna da, eta gero eta zailago ipintzen digute hau aurrera eramatea. Defendatu behar dugu herriarentzat hain garrantzitsua den txosnen egitaraua».
Erantsi dute hau herrietako txosna txikientzat ere badela, presente dituztela. Ekimen honi emango zaion erakusleihoaren bitartez, «balioan jartzen ditugu auzolana, militantzia eta herritik herriarentzat sortu den hori».
Parranda espazio politiko gisa
Hainbat konpartsak Coca Colari aurten egin asmo duten boikota ere izan da hizpide. Israelek hartutako jarreraren aurrean, batzordetik erabaki dute ez diotela babes ekonomikorik eman nahi Israelen alde egiten duen ezein erakunderi. Hala, alternatiba bila hasi ziren, konpartsa zein federazio gisa.
«Gure urtea azaroan hasi eta bukatzen da, eta orduan hartu genuen erabakia. Aurten federazioak antolatutako jarduera guztietan gauza bera egin dugu», horrek barne hartzen dituelarik San Tomas eguna edo Bilboko aratusteak.
Kaskagorri bada Coca Colarik salduko ez duenetako bat baina, Algarako kide den aldetik, ondo zehaztu du Jone Fernandezek: «denok goaz ildo berean eta geuk ere bide hori hartuko dugu, baina aurten ez da posible izan faktore desberdinengatik».
Boikotaren inplikazio ekonomikoez gain, balio sinbolikoko ekintza ere bada: «Aste Nagusiak oihartzun handia dauka hedabideetan, eta horrek mugimendua sor dezake. Enpresa txikiak indartuz agian beste lekuetara ere iritsiko dira». Azken finean, horrekin bat egiten ez dutela ikusaraztea dute helburu, eta «plaza ona» deritzote horretarako. «Ahal dugun heinean, gure lana izan behar da gure ideologiarekin lerrokatuta aritzea. Coca Colaren aurka egitea ere bada gure idealen alde egitea», gaineratu dute. Zentzu horretan, argi dute festa testuinguruan ere politikoki eragin daitekeela. «Dena da politika».
Horrekin lotuta, jai esparruetan sarritan ematen diren askotariko erasoen gaia etorri da. Elkarrizketatuek badakite «hau ez dela oasi bat, eta seguruenik gertatuko dira». Hori onartuta, oroitarazi dute euren mezua beti izango dela edozein erasoren aurrean txosna gertukoenera hurbildu eta laguntza eskatzea, baita barruan sartzea ere, hala behar izatekotan.
«Ahalik eta azkarren ekitea eta segurtasuna bermatzea»; hori da, Algarako kidearen aburuz, egin dezaketena. Kaskagorrikoak gehitu: «ez badakizu egoten, hau ez da zure lekua. Jaiak guztiontzat dira eta guztiok daukagu bertan egoteko aukera eta pribilegioa».



