Zuzenean

Txosnetako kideen galdera argia da: ‘Imajinatzen al duzu txosnarik gabeko jairik?’. Eta galdera horren iturburua ere garbi azaldu zuten berriki Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Izan ere, egiten duten lanarekin eta sostengatzen duten jai ereduarekin aurrera jarraitzea zaildu egin da: «Galdera metaforiko horiek airean zeuden aspaldi, baina orain argiago ikusten ditugu».
Erantzuteko bidean, aldarrikatu dute txosnak ondasun immaterial izendatu behar direla. Iker Martin Bilboko Konpartsetako kideak NAIZ Irratian azaldu bezala, buelta askoren ostean eta gizarte eragile desberdinekin zein Euskal Herri osoko jai eta txosna batzordeekin elkartuta, jakin zuten publiko egin behar zutela aldarrikapen hori, guztientzat aterki bilakatu zedin.
Horrekin batera, administrazioarekiko bestelako ikuspegi bat sustatzea hartu zuten helburutzat. Elkarlanean badihardute ere, arazoak sortzen dira elkarlan horretatik, txosnek ez dutelako profesional gisa jarduten eta legediak ez dituelako ikusten haien izaerarekin talka sortzen duten arazo horiek.
Martinek kontatu duenez, bizi duten egoera azaleratzea eta egiten duten lan bolondresa zein atzean dagoen eredua goraipatzea uztartu nahian, ideia bila hasi ziren: «Ikusi genuen nabarmendu egiten zela, bertsolaritzak bere garaian egin zuen moduan, ekimen publiko bat sortzea eta ondasun kultural baten izendapenean guztiok parte hartzea». Horregatik jarri da martxan asteburuan Bilbon abiatutako sinadura bilketa, «prozesu parte-hartzaile bat sustatzeko» eta eredu horren atzean dagoen jende andana ikusarazteko.
Sinadura bilketa
Ondasun immaterial izendapena lortzeko prozesuan, bilera presentzial baten ostean, jai herrikoi eta parte-hartzaileetako txosna orotan ipiniko dituzte sinatzeko orriak; manifestua alde batean, sinadurak biltzeko tartea bestean. Sinatzeko aukera eskainiko da ere, bestalde, www.txosnak.eus helbidean. Lakuara bideratuko dituzte bildutakoak.
Udara edo jaien denboraldia amaitzen denerako, «sinadura nahikotxo» bildu asmo dute, hori abiarazteko. Izendapena lortu osteko berehalako ondorioak neurtu baino, epe luzera aldaketak ikusi nahi dituzte. Martinek argi dauka hau ez dela «hemen geratzen den gauza, prozesu bizia» baizik. Alegia, indarrean dauden beste legedi batzuetan eta errotuta dirauten beste arazo batzuetan eragina sortzea.
«Hau ez da magikoa den prozesu bat, hori argi daukagu», adierazi du. Batez ere, jendearen babesa jaso eta daukaten laguntza ikusarazi nahi dute. «Nor ez da inoiz txosna batean egon? Horren atzean dauden bizipenak, alde erromantiko hori berreskuratzea da helburua, eta administrazioari jakinaraztea eraikin edo egitura horren atzean askoz gehiago dagoela».
Gaineratu duenez, «txosna bat ez da bakarrik metalezko barra bat, askoz gauza gehiago dira; horren atzean ideia, ordu eta jende asko dago». Hala, jakin badakite gauzak ez direla egun batetik bestera aldatuko, baina lurzoru bat eduki nahi dute behintzat, horren gainean «guztiok batera» eraikitzeko.
Auzi anitzak
Besteak beste, ticket elektronikoarena da txosnen auzietako bat. Horri dagokionez, elkarrizketatuak gogoratu du errealitateak «oso desberdinak direla lurraldeka», tokian tokiko ogasunak markatzen duen legediaren arabera.
Txosnetako kideek aurreikusi dute «Ogasunak kontuan hartuko duela honen atzean interakzio ekonomiko soil bat baino askoz gehiago dagoela». «Beti esan dugu ez garela enpresa bat eta ez daukagula irabazteko asmorik», gehitu du Iker Martinek. Edonola ere, badakite egunero jarraitu beharko dutela lanean, eta prest dira hitz egiteko.
Berriki salatu izan duten beste auzietako bat, txosnak arriskuan daudela. Badira arrisku hori identifikatzeko zantzuak; izan ere, «gaur egungo gizarteak ez dauka zerikusirik 80ko hamarkadan jai herrikoiak sartu ziren testuinguruarekin».
Barrura begira, azpimarratzen dute «askoz ere zailagoa» dela orain txandak egiteko jendea lotzea. Hala ere, gizartean ematen ari den boluntariotza eta militantzia krisia gorabehera, badakite txosnak beti izan direla «azken gotorlekua». Zaila izan arren, lortzen dute hutsune horiek betetzea.
Kanpora begira, berriz, salatu dute azken urteotan «profesionalizazio eta burokratizazio nahiko pisutsua» jasaten ari direla. Horrek ere kezka eragin du, laguntza behar izaten dutelako eta albora uzten dituztelako txosnen izaeran dauden jai eta ekintzak, profesionaltasun handiagoa behar duten horiek indartze aldera. Segurtasun neurriekin gertatzen da, esaterako.
«Orain arte administrazioak hartzen zituen bere gain ardura horiek eta kanporatuak zeuden; orain, ordea, guri eskatzen digute proiektuak aurrera ateratzea. Guk ez diogu ez dugunik egin behar, baina ez gara profesionalak eta ez gara enpresak». Horrelako kasuetan «erdiko bide bat» bilatzearen aldeko agertu dira txosnak, kontrakoak «pisua daukalako eguneroko lanean».


