Zuzenean
«Eguna iristeko irrikitan nago eta egun polita izatea espero dut»
Ataunek 1.716 biztanle ditu. Iaz hiru pilotari profesional zituen herriak, eta aurten 4 izango ditu. Beraz, Ataungo herriaren biztanleria osoaren %0,23 dira pilotari profesional. Ez da datu makala. Beñat Zubizarretak larunbatean egingo du debuta eta Iraitz anaiak zenbait gomendio eman dizkio.
«Eguna iristeko irrikitan nago eta egun polita izatea espero dut»

Beñat Zubizarreta debuta egingo duen hurrengo ataundarra izango da. Larunbat honetan, otsailaren 21ean, Azkoitian jokatuko du lehengo aldiz profesional mailan eta bi autobus bete dituzte herritarrek eta lagunek. Partida horren atarian, Beñat Zubizarreta eta Iraitz Zubizarreta NAIZ irratiarekin izan dira Ataungo Aia auzoko frontoian.
Igandetik aurrera Goierriko herri honek 4 pilotari profesional izango ditu: Jon Ander Albisu, Beñat Senar, Iraitz Zubizarreta eta Beñat Zubizarreta. Gogotsu dago anaietan gazteena debuterako: «eguna iristeko irrikitan nago eta egun polita izatea espero dut». Azaldu duenez, helburua «ahalik eta gehien disfrutatzea» da; izan ere, azken hilabetean partida egunean besterik ez du pentsatu. Bere debuta publiko egin zenetik «makina bat mezu» jaso ditu eta ingurukoen babesa asko du estimuan.
Gertu egon den horietako bat Iraitz Zubizarreta izan da, anaia nagusia. Badira 5 urte Iraitzek debuta egin zuenetik herriko frontoian eta oroitzapen «oso politak» ditu: «egun handia izan zen, betirako gordeko dudan eguna». Jon Ander Albisu herrikidearekin egin zuen debuta eta frontoian jendetza batu zela gogoratu du. Bere anaiaren debutean ere girorik ez da faltako: «ingurukoak Azkoitira joango gara, ahalik eta gehien disfrutatu dezan».
«Lasai egotea eta disfrutatzea». Hori da Iraitzek anai gazteari eman dion aholkua. Zubizarreta III.aren ustez lehen eguna «ezberdina» da, «orain arte egindako bideari saria». «Behin larunbateko partida bukatuta profesional ibilbidea hasiko da, baina hasiera-hasieratik lasai jokatu behar du», gomendatu dio anaia gazteari.
Zubizarreta IV.ak larunbatean jokatuko, baina bezperan ariko da Zubizarreta III.a. Bi partidek badute kontu bat amankomunean:Imaz izango dute atzeko koadroetan zaindari. Beñaten esanetan oiartzuarra punta-puntako atzelaria da eta azken urteotan maila bikaina ematen ari da».
Binakako txapelketa eta etorkizuna
Zubizarreta III.ak Serie Bko Binakako txapelketa jokatu berri du eta emaitzarekin ez dago gustura. Aranguren izan du atzelari eta play offetatik kanpo geratu dira: «lehen itzuli kaxkarra egin genuen eta zaila da egoera iraultzea behin dinamika horretan murgildurik zaudela». Bigarren itzulian hobeto aritu badira ere ez da aski izan eta 5 punturekin kanpoan geratu dira. Emaitzarekin «triste», «sendotasuna» falta izan zaiela onartu du, baina «etorkizuneko erronkei heltzeko prest» dago Iraitz.
Anaia helduak hurrengo partidak «ahalik eta ondoen» aritzeko helburua du, buruz burukoa «jokatzeko aukera izateko eta maila onenean iristeko». Zubizarreta IV.a, berriz, larunbateko partidan «zentraturik» dago, eta ondoren, ondorengoak. Profesionalen «erritmora ohitzeko» tenorea izango da beretzat.
Aldaketak omen datoz pilotan
Kirol emaitzetatik haratago, «bolo-bolo» dagoen gaia ere aztertu dute anaiek. Bainetek ASPE bereganatu du eta ezjakintasuna da nagusi. Beñatek ez du iritzi argirik, eta «iritsi berria» den horretan aurkitu du babeslekua. Iraitzek ere bide horretatik jo du, «oraindik datu asko» falta direla aipatuz. «Onerako badira, ongi etorria izango da aldaketa; beti ere, pilotarion eta enpresako langileen baldintzak zaintzen eta errespetatzen badira» gehitu du.
Hilabetea igaro da albistea publiko egin zenetik eta Bidartek prentsaurrekoan azalpenak eman zituenetik, baina oraindik ere pilotariek ez dakite zer datorren, salerosketak zer ondorio izango dituen. Horiek hala iritzi garbi bat izateko goiz da, baina egiteko moduek mina eragin dute pilota munduan.



