Zuzenean

Donostia BiziLagunEkin plataformako Eihar Egaña izan da eguneko lehendabiziko gonbidatua. Ekainaren 15eko manifestazioaren hondotik, turistifikazioaren garai gordinena heltzear dela Donostiak eta inguruek zer nolako eragina jasaten duten jakin nahi izan dugu lehen eskutik. Baita horri aurre egiteko zer nolako neurriak hartu ditzakegun ere.
Espontaneo bat ere izan dugu saioan eta albiste polita eman diguna, gainera. Iñaki Altolagirre ‘Matxet’, Jousilouli, NaizRoxa, Anai-arrebak edota Sega Sound Killers taldeetan abeslari izan denak, talde berria eratu dutela kontatu digu: NaizPresidente. NaizRoxa eta Vice Presidentes taldeetako kideekin sortu dute eta urriaren 12an kaleratuko dute lehen albuma.
Atzetik, Oihane Larretxea, NAIZ eta GARAko lankide izana eta Donostiako Alde Zaharreko bizilagun izana etorri da gurera. Egun bertan bizi ez bada ere, maite du urte luzez bizi izan den tokia eta nostalgia kutsuko elkarrizketa bat izan dugu berarekin. Nolakoa zen garai bateko Donostiako kai inguruko uda garaia eta gaur egun zertan geratu den kontatu digu Larretxeak.
Bukatzeko, aurreko gonbidatuek puntu positibo nabarmen moduan azpimarratu dituzten Karmengo Jaietako antolatzaileetako bi izan ditugu, Nora Gartzia eta Ander Murua. Atzo hasi ziren aurtengoak eta egunez egun zertaz gozatu izango dute auzokoek eta kanpotik iristen direnek ere.
Hiriaren barruan eta ‘marko konparaezin’ horren baitan badira bestelako errealitateak, eta horietako batzuk azaleratu ditugu gaur Kosta ala kosta saioan.


