Zuzenean
Karmengo amaren eguna uztailaren 16an bada ere, jaien garaia uztailaren 5erako martxan jarri zuten Markinako Aringa-aringa Zorion Karegak kontatu digunez. Irratsaiora elkarteko kide bezala gonbidatu dugu eta antolatzen dituzten hiru lasterketen berri eman digu. Karmenetako krosa, urriaren 25ean egingo den Txara Trail lasterketa eta urteko azken eguneko sansilbestrea.
Dena-dela, berarekin hizketan ari garela jakin dugu baduela loturarik atzetik etorri diren bi gonbidatuekin. Izan ere Zorionek aita dantzaria zuen eta Karmengo eguneko soka-dantzan parte hartutakoa zen. Igor Ibarzabal Zerutxu dantza elkarteko kidea soka-dantza baino hiru ordu lehenago etorri zaigu gurera. Zerutxu dantza taldeko kidea da eta aurten 60 urte betetzen dituen taldeak urteko ekitaldi nagusienetakoa izaten du Karmengo egunekoa.
Egun berean frontoia, zesta-puntaren unibertsitatea, goraino betetzen dela kontatu digu Zorion Kareagak, berak streaming bidez eskaintzen baititu bertako partidak. Errealizatzaile, markagailuaren programatzaile eta kontalari, dena batera egiten du. Hori baieztatu digu beranduago etorri den Jon Ibarluzea puntistak. Etxeko txapelketan finalerdietan geratu zen kanpoan, baina herriko festez gozatzeko ongi etorri zaio era berean. Pena alde batetik, baina gozamena bestetik.
Gozamenak aurrera segiko du datozen egunetan ere Markinan. Uhagon kultur elkarteak antolatuta, Jazzaldia egingo baitute uztailaren 17tik 19ra bitartean. Elkarteko Tere Bringas eta Jon Arriaga izan dira egingo dutenaren berri ematen.
Bihar, uztailak 17, kostaldera, Donostiara joko dugu, bertan kaiaren inguruko festez eta alde zaharreko udaz hitz egiteko, Karmenak ertz desberdinetan ospatzen baitituzte Gipuzkoako hiriburuan.


