Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Gauaren lilura funk, soul eta disco doinuetan Arima Soul taldearen eskutik

‘Gaua’ disko berria argitaratu du Arima Soul taldeak. Biko moduan aurkezten dira, taldearen arima haiek direlako, Lidia Insausti Arzuaga eta Mikel Unzurrunzaga Schmitz. Zortzi kantuz osatzen da beren disko berria eta Subterfuge Records zigiluarekin kaleratu dute. MusikHaria saioan izan dira.

Audio_placeholder

Gauaren lilura funk, soul eta disco doinuetan Arima Soul taldearen eskutik

Loading player...
Donostiako Botanika kafetegian aurkeztu zuten ‘Gaua’ diskoa Arima Soul taldekoek.
Donostiako Botanika kafetegian aurkeztu zuten ‘Gaua’ diskoa Arima Soul taldekoek. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lehendabiziko lan sendo baten ostean, aurrerapauso nabarmena eman du Arima Soul taldeak bigarren diskoa den ‘Gaua’ lanarekin. Lidia Insausti Arzuaga abeslari moduan eta Mikel Unzurrunzaga Schmitz baxuarekin aritzen badira ere, Lalo Lopez izan dute ezinbesteko bidelagun disko honetan. Nación Funk estudioko kide eta Fundación Tony Manero taldeko sortzailea da Lopez, funk eta disco musikaren unibertsoan erreferente garbia, beraz.

Zortzi kantu egin dituzte disko honetarako eta gauarekin lotura dute guztiek ere, modu batean edo bestean, hala diskoari ere izen hori eman izana. ‘Oinatzak’ kantuak zabaltzen du diskoa, espazio seguruen aldarrikapena egiten duena, dantza aske eta beldurrik gabe egiteko oihu bat eta Lide Hernando ‘Bele’-ren kolaborazio eta guzti, erabat funk munduan kokatzen gaituen abestian.

‘Ilargira’ maitasun kantuak ematen dio segida, beste kolore bat duen abestia. Atzeko koroak, ahotsaren eta gitarraren jolasak eta teklatu soinu egokienek harrapatzen zaituzten abestia. ‘Gaua’ kantuan akelarre kosmiko bat irudikatu dezakegu eta bitxia da zer nolako fijazioa izan duten Arima Soulekoek espazioan eta haren irakurketan. 

‘Zentzuz’ eta ‘Denbora’ kantuetan The Cherry Boppers taldeko lagunen kolaborazioa izan dute haize sekzioan. Oso fin grabatu dituzten Zarauzko Noise Estudioan eta sofistikazio puntu bat gehitu diote aurretik ere eder zegoen diskoari. ‘Zorionak’ kantua izan da akaso diskoan sorpresa gehien eragin diguna, izan ere zorionak emateko kantu berri bat gehitu diote kantutegiari, orain arte askorik ez zegoen mezu hori luzatzeko eta klasikoez harago, eskaintza berri bat luzatu digu Arima Soulek.

Unzurrunzagak berak bizitako etapa zail bati buruz hitz egiten digu diskoa ixten duen ‘Arrakala’ kantuak. Gaixotasun larri baten bueltan izan duen borroka guztia balada honetan laburbildu du Rakel Pardo Perezek eta, pianoaren indarrarekin, guztia kanporatu.

Diskoa Subterfuge Records zigiluarekin kaleratu dute, Txarlie Brown kataluniarraren diseinu dotorearekin. Azaletik argi geratzen da barruan zer topatuko dugun. Bordelen izan berri dira kontzertua eskaintzen eta datorrena Iruñean, uztailaren 10ean, DLC Kultur espazioan izango da. Atzetik etorriko dira Agurain, Ermua, Gasteiz… eta abar luze bat. Beren webgunean ikusi daitezke guztiak.

Bitartean, entzun MusikHaria saioan izan genuen elkarrizketa eta gozatu diskoaz.

Jaurlaritza Logoa