Zuzenean

NEREA:
Egun on, Ander.
ANDER:
Hala ekarri.
NEREA:
Jatetxe japoniar batean afaldu nuen atzo.
ANDER:
Zeinen dotorea zu!
NEREA:
Lehenengo aldia nuen.
ANDER:
Eta zer iruditu zitzaizun?
NEREA:
Tatakia gustatu zitzaidan. Sashimia jaten ohitzeko maizago joan beharko dut.
ANDER:
Zer da tatakia?
NEREA:
Kanpotik su bizian egindako haragia edo arraina da, baina barrutik gordina.
ANDER:
Txuleta baten antzekoa, orduan.
NEREA:
Eta sashimia da arrain gordina. Baina oso fin ebakitzen dute; hartara, arraina ia desegin egiten da ahoan.
ANDER:
Gatzetan jarritako antxoak jaten ohituta gaude Euskal Herrian. Antxoen xerra fin-finak.
NEREA:
Datorren urtean Bizilagunak ekimenean parte hartu nahi nuke.
ANDER:
Entzunda daukat proiektu horren berri. Zehazki nola egiten den ez dakit, ordea.
NEREA:
Euskal Herriko jendea eta beste leku batzuetatik hona iritsitakoak biltzeko ekimen bat da Bizilagunak proiektua. Etxe multzo bateko jendea bazkaltzera elkartzen da, gisa horretan kultura ezberdinak hurbiltzeko eta ezagutzeko.
ANDER:
NAIZ Irratian elkarrizketatu zituzten emakume bat eta gizon bat, eta haiek izandako esperientzia atsegina kontatu zuten.
NEREA:
Ipini grabazioa, mesedez. Entzun ondotik segituko dugu solasean.
ANDER:
Hementxe duzu...
BIZILAGUNAK EKIMENA
ANDER:
Kultura ezberdinetako pertsonak elkarrekin bazkaldu ondoren, harremanak estutu egiten direla esan du emakumeak.
NEREA:
Gure herrian «ondoren» hitza baino gehiago erabiltzen dugu 'ondotik'. Esate baterako: «Bazkaldu 'ondotik' dantzaldia izango da».
ANDER:
Bizkaian 'ostean' esaten dute: «Dantzatu ostean besarkadak beroagoak begitandu zitzaizkidan».
NEREA:
Orain boladan dago 'eta gero' formarekin jokatzea: «Dantzatu eta gero beroagoak izan ziren besarkadak».
ANDER:
Aizu, Ane; Bizilagunak izeneko jarduera horretan, auzoko lagunek bazkaldu aurretik elkar ezagutzen al dute?
NEREA:
Berez, ez dut uste. Tira, beharbada bistaz bai.
ANDER:
Eta nola elkartzen dira? Nola prestatzen dute eguna? Nola egiten da bazkaria?
NEREA:
Oraindik ez dakit. Baina entzun dut dinamizatzaile bat izaten dela. Hau da: bideratzaile bat edo bitartekari bat.
ANDER:
Denek elkar ezagututakoan zerbait berria sortuko da, ezta?
NEREA:
Konfiantza giroa sortuko dela espero dut.
ANDER:
Eta erabakitakoan zer janari prestatuko duzun, galdetu beharko duzu denentzat egokia den ala ez.
NEREA:
Nik ez dut eragozpenik jarriko. Nik denetik jaten dut. Eta gauza berriak dastatzeak ilusioa egiten dit beti.
ANDER:
Ba al dago... probatuko ez zenukeen zerbait?
NEREA:
Ander... bihurri!... Hori ez da galdera egokia.
BIZILAGUNAK EKIMENA
NEREA:
Maroko, Nigeria, Senegal, Kolonbia... Bizilagunak ekimenarekin ematen du munduan barrena bidaiatzen ari garela.
ANDER:
Harroputz batzuek uste dute hegazkinik hartu gabe ez dela bidaia.
NEREA:
Nire etxe aldamenean txinatar batzuk bizi dira. Lanak bukatutakoan, lagunduko al didazu haiengana?
ANDER:
Niri lotsa ematen dit. Txinatarrengana joandakoan zer esan behar diezu, gonbidatuko gaituzue bazkaltzera?
NEREA:
Alderantziz, motel! Txinatarrekin topo egindakoan zuk esango diezu: «Gure etxera bazkaltzera etorri nahi?».
ANDER:
Baina ni ez naiz ongi moldatzen sukaldean.
NEREA:
Bazkaria neuk prestatuko dut. Zuk, mahaia atondu.
NEREA:
Denborazko perpaus batzuk: gosaldu ondotik, bazkaldu ondoren, afaldu ostean, dantzatu eta gero, jandakoan eta edandakoan.
ANDER:
Zerbait egin eta gero adierazteko modua da hori.
NEREA:
Hala ere, kontuz ibili behar da, ez baita denbora deskontrolatu behar.
ANDER:
Zer esan nahi duzu?
NEREA:
Ez dira gauza bera bazkaldutakoan eta bazkaltzerakoan. Ez dira gauza bera edandakoan eta edaterakoan. Ez dira gauza bera elkartutakoan eta elkartzerakoan.
ANDER:
Arrazoi duzu.
NEREA:
Diferentzia hori beste egun batean esplikatuko dugu.
ANDER:
Laster arte.
Hemen entzun dezakezu Bizilagunak ekimenaren inguruan egindako elkarrizketa.


