Zuzenean

NEREA:
Egun on, Ander.
ANDER:
Baita zuri ere, Nerea.
NEREA:
A ze eguraldia, ezta?
ANDER:
Zoratuta dago. Ez dakit nora goazen horrela! Hala ere, nire kuadrillako lagunak kontentu daude: Euskadi tropikala bihurtzea nahi dute. Zer iruditzen?
NEREA:
Zientzialariek abisatzen dutenez, klimaren aldaketak kalte handiak ekarriko dizkigu, eta gauza txarrak gertatuko dira guk espero baino lasterrago.
ANDER:
Nire irudipena da industrian, enpresan eta lurretik materiak ustiatzen dabilen jendeak ez duela klima krisiari buruzko konturik jakin nahi.
NEREA:
Orduan, horrek esan nahi du politikari nagusiek ere beti aitzakiak ipiniko dituztela neurri zorrotzak ez hartzeko?
ANDER:
Klimaren krisiari buruzko gailurrak antolatzen dituztenean nazioartean, azkenean ez dute ezer adosten.
NEREA:
Zuk ezagutzen al duzu Unai Pascual?
ANDER:
Badakit nor den, bai. Gasteiztarra da. Ikerbasque erakundeko ikerlaria da, ezta? Biodibertsitatearen eta ekosistemaren inguruko ikerketak egiten aritu dela uste dut.
NEREA:
Bai, hori da. Munduko 47 herrialde ezberdinetako ikerlariekin batera lanean jardun du Unai Pascualek.
ANDER:
Eta zein ondorio atera dute?
NEREA:
Klima aldaketak eta bioaniztasunaren gainbeherak modu negatiboan eragiten dute ekosistemen funtzionamenduan. Alegia, bioaniztasunak garai batean izaniko indarra, gutxika-gutxika galdu egin da. Eta horrek pertsonen bizi kalitatean ondorio txarrak izango ditu.
UNAI PASCUAL IKERLARIA
ANDER:
Munduko CO2 isuriek tontorra joko dutela esan du ikerlariak.
NEREA:
Tontorra hitza erabili du Unai Pascualek. Eta zuk lehentxeago esan duzu klimaren krisiari buruzko gailurrak antolatzen dituztela nazioartean.
ANDER:
Mendizaleak ematen dugu euskaldunok, ezta? Hainbeste tontor eta gailur!
NEREA:
Euskaraz bost modu ezberdin badira, gutxienez, mendiaren goiko aldea adierazteko:
—mendi punta
—mendi gaina
—mendi tontorra
—mendi gailurra
—mendi burua
ANDER:
Baina kasu horretan, ikerlariak adierazi du hiru urte barru munduko CO2 isuriek tontorra joko dutela. Metafora bat egin du orduan?
NEREA:
Sarritan erabiltzen dugu hizkuntza era figuratu batean.
ANDER:
Esplikatu egidazu hori, mesedez.
NEREA:
Goia jo esaten dugu, eta esan nahi du puntu edo maila gorenera iristea edo igotzea. Goia jo esaten den antzera, tontorra jo ere erabiltzen da.
ANDER:
Ulertu dut. Kontrakoa adierazteko esaten dugu behea jo.
NEREA:
Hori da. Goia jo eta behea jo antonimoak dira.
ANDER:
Behea jotzeak esan nahi du lurra jotzea.
NEREA:
Bai. Gauza bera esanahi dute aditz hauek:
—behea jo
—lurra jo
—hondoa jo
—beheraino erori edo
—beheraino jausi
ANDER:
Munduko CO2 isuriek tontorra jotzen dutenean... ai ama!... zer gertatuko zaigu zuri eta niri?
UNAI PASCUAL IKERLARIA
NEREA:
Klimaren aldaketaren ondorioz gertatuko diren katastrofeak zuk eta biok ordaindu beharko ditugu.
ANDER:
Zu eta biok? Hau da: zure eta nire artean pagatuko ditugu hondamendiak, katastrofeak, desmasiak, deskalabruak eta ausiabartzak?
NEREA:
Ez dakit zer erantzun. Baina argi dago hondamen larriak ekarriko dituela klimaren krisiak. Normalean herrialde pobreetan gertatzen dira katastrofe gehienak, ez baitaude prestatuta herrialde aberatsetan bezala.
NEREA:
ANDER:
NEREA:
ANDER:
NEREA:
*Hemen entzun dezakezue NAIZ irratian Unai Pascual ikerlariariari egindako elkarrizketa osoa.