Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Unai Pascual - Aiora Zabala
Ikerbasque-ko ikerlaria - Ingurumen politika irakaslea

«Klima aldaketarena ez da fondoko lasterketa, hau esprinta da»

Klima aldaketarako goi-bileran hartu diren neurriak baino, hartu ez direnak izan dira beste behin albiste. Kalteberentzat funtsaren sorrera aurrerapena dela, baina letra txikia ezagutzea falta dela diote adituek. Egiptoko gailurra amaituta, horri begira jarri gara Unai Pascual eta Aiora Zabalarekin.

Audio_placeholder

«Klima aldaketarena ez da fondoko lasterketa, hau esprinta da»

Loading player...
Protestak ugariak izan dira COP27aren gailurraren harira, «konpromiso errealak» eskatu dituzte
Protestak ugariak izan dira COP27aren gailurraren harira, «konpromiso errealak» eskatu dituzte (Christophe GATEAU)

Apur bat etsita, denbora alferrik galtzen ari denaren sentsazioarekin entzun ditugu Unai Pascual Ikerbasque-ko ikerlaria eta Aiora Zabala Ingurumen politikako irakaslea COP27ak eman duenaz galdetuta. Pascualek gogoratu du hau ez dela «fondoko lasterketa bat edo maratoi bat», klima aldaketaren aurkako borroka «esprint bat» dela nabarmendu du, eta zentzu horretan, neurri gehiago edo garatuagoak hartu ez izana deitoratu du. Horrekin ere bat etorri da Zabala: «Denbora galtzea da eztabaidatzen egotea noraino murriztu behar ditugun emisioak». Penatuta dio «mitigazioaren» arloan ez dela nobedaderik etorri: «Aurtengoa ‘inplementazioaren batzarra’ izango zela esan ziguten, baina ez da hala izan». Arbuiatu du iazko Glasgowko gailurrean hartutako neurriak errepikatu direla aurten ere, horietan aurrerapenik etorri gabe. 

Nolanahi ere, herrialde kaltebereei laguntzeko funtsa eratzeko adostasunak nobedadeak dakartzala dio: «Onartu dute zenbait herrialdek laguntza behar dutela. Injustiziaren aitorpen moduko bat da». Nahiz eta, berak egin bezala, Pascualek ere azpimarratu nahi izan duen asko dagoelaegiteko eremu honetan: «Orain ezagutu behar dugu nola finantzatuko den funts hori, zeinek egingo duen aportazioa, nola banaktuko den...». Eztabaida handia espero dute alor honetan.

Hartu ez diren neurriak

Gabezia nabarmenekin itxi da Egiptoko gailurra. Ikerbasque-ko ikerlariak gogoratu du bizpahiru urte barru «munduko CO2 isuriek tontorra jo eta hortik behera jo» behar dutela, eta gainera, «oso modu agresiboan» murriztu behar direla, denbora agortzen ari den jakitun; urtero isurien %7 murriztu beharko litzatekeela esan du, baina horretarako erresistentzia handiak ikusten dituzte biek ala biek, batik bat lobby enpresarial eta petrolioaren negozioan interes handia duten Estatuen jarreragatik. Zabalak nabarmendu du petrolio-enpresa asko izan direla aurtengo gailurrean presente, horrek zer pentsatua eman beharko lukeela etorkizuneko batzarrei begira. 

Halaber, beste kezka bat ere partekatu du Pascualek: ezinegona agertu du «gas edo nuklearren ustiaketarako atea zabalik ikusi dutelako zenbaitek»; etorkizunera begira horien arteko borroka handia espero du berak.

Jaurlaritza Logoa