Zuzenean

NEREA:
Zer moduz, Ander?
ANDER:
Ondo, eta zu?
NEREA:
Gorputzaldi txarra utzi dit NAIZ irratian entzun dudan historia batek.
ANDER:
Zer gertatu da ba?
NEREA:
Ez da oraingo kontu bat, 36ko gerra garaikoa baizik.
ANDER:
Triskantzaren bat entzun duzu, ala?
NEREA:
Clara Moran izeneko emakume milizianoa hil egin zuten Espainiako Gerra hasi eta bi hilabete eta erdira. Zehazki 1936ko urriaren 4an, Elgetako frontean.
ANDER:
Nola gertatu zen?
NEREA:
Heriotza oso bortitza izan zuen. Harrapatu, bortxatu eta hil egin zuten frankistek.
ANDER:
Nongoa zen Clara Moran?
NEREA:
Bizkaitarra, Abanto-Zierbenakoa, 1918an jaioa.
ANDER:
Orduan... hemezortzi urte besterik ez zituen akabatu zutenean!
NEREA:
Bortxatu eta gero, Clara Morani sabela ireki zioten labanaz. Hori nahikoa ez, eta haren gorputza zatikatu egin zuten.
ANDER:
Ikaragarria da, Nerea, ze krudela! Borrokan hildako beste emakumezkorik ezagutzen al duzu?
NEREA:
Elgetako frentean, bonbardaketa baten ondorioz hil zen Isabel Biritxinaga. Elgetakoa bertakoa zen Biritxinaga, edo Bergarakoa bestela.
ANDER:
Nork kontatu du Clara Moranen historia irratian?
NEREA:
Etxahun Galparsorok. Ikertzailea da, historialaria; Lazkaoko Artxibategian lan egiten du. Entzun itzazu Clara Moranen familiari buruzko xehetasunak.
ETXAHUN GALPARSORO HISTORIALARIA
NEREA:
«Clara Moranen ama azpimarratu behar genuke», esan du Etxahun Galparsoro historialariak.
ANDER:
Bai. Azpimarratu aditzak esan nahi du hitz baten azpian edo esaldi baten azpian marra egitea: marka bat egitea edo markatzea.
NEREA:
Beraz, norbaitek ideiaren bat modu nabarmenean adierazi baldin badu, esan ohi dugu azpimarratu egin duela.
ANDER:
Nire ustez, egokiagoa da esatea: nabarmendu. Era honetan: «Clara Moranen ama nabarmendu behar genuke».
NEREA:
Nabarmendu aditzaren sinonimorik edo antzekorik gogoratzen al duzu?
ANDER:
Adibidez... ohartarazi, edo ohar egin. «Borrokak hasi zirenean, ohartarazi ziguten bazetozela hegazkinak».
NEREA:
Horrek zerikusia du abisatu aditzarekin, ezta?
ANDER:
Ohartarazi aditzaren moldekoak dira aditzera eman edo adierazi.
NEREA:
Eta balio al du esaldi honek?: «Clara Moranen ama ezagutarazi behar genuke».
ANDER:
Bai, noski. Ezagutarazi, aditzera eman, azaldu, argitu... Istorioak kontatzeko garaian era horretako aditzak erabiltzen ditugu.
NEREA:
Kontuz ibili, Ander... «Gerra hurbil dagoela abisatzen ari dira». «Borrokak oso gogorrak izango direla iragarri dute». «Komandanteak prest egoteko gaztigatu die soldaduei».
ANDER:
«Eta hori esan ondoren, gaineratu du ankerrak direla arerioak». «Eta erantsi du ez dutela batere errukirik».
ANDER:
Benetan, Clara Moranen amaren figura nabarmendu egin behar da; eta ahal bada, ondo azpimarratu!
NEREA:
Kasu horretan erabil genezake jakinarazi aditza?
ANDER:
Bai, noski. Clara Moranen eta haren amaren historiak jakitera eman behar dira, eta gainera bi emakumeen konpromiso politikoa azpimarratu edo nabarmendu.
NEREA:
Nire ustez, komeni da jakinarazi aditza bakarrik erabiltzea inork ere ez dakien gauza bat ezagutzera emateko. Adibidez: «Jakinarazi dute Alemaniak hegazkin franko bidaliko dituela gerrara».
NEREA:
Gerra dela ankerra, krudela, bortitza, izugarria...: krimen handi bat!
ANDER:
Eta gaur ikasi dugu, halaber, azpimarratu edo nabarmendu egin behar dela nork sufritzen duen injustizia kriminal hori.
NEREA:
Orain badakit zenbat aditz erabil ditzakedan historiak ondo kontatzeko. Aditzen zerrenda hau osatu dut: esan, kontatu, adierazi, aditzera eman, ezagutarazi, azaldu, argitu, ohartarazi, ohar egin, abisatu, iragarri, gaztigatu...
ANDER:
Eta, premiazkoa izanez gero, beti informazioa gehitu dezakezu, edo detaileak erantsi, edo iritziak gaineratu.
NEREA:
Konturatu naiz gerra irabazleek kontatzen dutela eta gehienetan gerra gizonezkoek kontatzen dutela.
*Hemen entzun dezakezu Clara Moran milizianoari buruz egindako elkarrizketa.


