Zuzenean
Milaka izan ziren 1936an espainiar militarrak matxinatu ostean piztu zen gerran parte hartu zuten emakume milizianoak. Horietako bat da Clara Moran, Abanto-Zierbenan jaioa.
Elgetan hil zuten faxistek, 1936ko urriaren 4an. Modu bortitzean hil ere. Etxahun Galparsoro historiagilea izan da aste honetako saioan eta heriotza haren xehetasunak ekarri ditu, Franciso Artasanchez milizianoaren memoriak eskutan.
Moranen kasuari segika 36ko gerran emakumeek frentean izan zuten esku hartzea izan da aste honetako saioko hizpideetako bat. Milaka izan ziren faxisten oldartzearen ostean armak eskuan borrokara batu zirenak; orduko agintariek dezenteko erresistentziak agertu zituzten arren. Lehenbizi Espainiako Gobernuak eta ondoren sortu berri zen Eusko Jaurlaritzak frentean egotea debekatu zieten emakumeei.