Zuzenean
«Lehengo dekretuak nolabaiteko eskuduntzen inbasioa suposatzen zuen eta hori zuzendu egin da»
EHU Euskal Herriko Unibertsitatean norabide aldaketa izan zen duela sei hilabete, errektore izendatu baitzuten Joxerramon Bengoetxea. Beraz, errektore gisa urte erdia daraman honetan NAIZ Irratian errepasoa egiteko tenorea izan du.
«Lehengo dekretuak nolabaiteko eskuduntzen inbasioa suposatzen zuen eta hori zuzendu egin da»

Espainiar eta Lakuako gobernuek unibertsitate dekretuaren gatazka gainditurik, balorazio positiboa egin du Joxerramon Bengoetxeak, EHUko errektoreak, NAIZ Irratian. Sei hilabete daramatza karguan, eta ibilbide laburrari so egin dio.
Unibertsitateko dekretuan eskuduntzek sortu zuten gatazka, baina afera argitu da: aurrerantzean EAEk internet bidezko zentroak sortu ahal izango ditu prezio eta finantzaketa publikoak daudenean edota irakaskuntza euskaraz gauzatzen denean. «Zehaztasunak» ezagutu ez arren, eskuduntza Jaurlaritzarena izango dela positibotzat jo du: «Lehengo dekretuak eskuduntzen nolabaiteko inbasio bat suposatzen zuen, eta zuzendu egin da hori».
Gaurkotasun handia izan du ere EHUko irudi aldaketak. Aurrerantzean UPV siglak ez dira erabiliko, Universidad Politecnica de Valenciarekin nahasketa ez sortzeko. Madrilgo presidente Isabel Diaz Ayusok, besteak beste, bere iritzia eman du, «diktadurak isilpean gizarteratzen» direla esanez. Adierazpen horiek harritu egin dute Bengoetxea: «Ez nekien hain garrantzitsuak ginenik». Errektoreak izena aldatu izana gezurtatu du. Bere hitzetan, EHUk ez du gaztelaniazko izena kentzeko asmorik, eta benetako arrazoia azaldu du: «Universidad Politecnica de Valenciarekin nahasmenak ekiditeko egin dugu irudi aldaketa». «Kontu bisuala» dela gehitu du. EHUk ekainaren 30ean irudi berria aurkeztuko duela iragarri du.
Bengoetxeak Osasun Sailari medikuntzako irakasle berriak aldarrikatu dizkio: «Mediku euskaldunen premia ezagutzen dugu». «Betiko estrategia» medikuntzan euskarazko lerroa ziurtatzea izan dela azaldu du, «sei urteetan zehar». Egin dituzten kalkuluen arabera, «euskarazko 16 plaza berri izateko» gaitasuna du unibertsitateak, baina «kopurua are gehiago handitzeko» prestutasuna erakutsi du. Dena den, mediku faltagatik Osasun Sailaren ardura ulertzen duela onartu du. Bestalde, Medikuntza fakultate berria eraikitzea aurreikusi zen Basurtu – San Mames inguruan, obrak martxan daudela adierazi du, eta «gutxienez» bi urtez luzatuko direla nabarmendu du.
Errektore talde berriarekin batera ordezkoen lan baldintzak «hobetu» direla azpimarratu du; izan ere, «ia prekarietatean zeuden». «Ordezkoak behar ditugunean baldintza egokietan kontratatuko ditugu», gehitu du. Aurten adostu dute denbora osoz lan egiteko akordioa, eta datorren ikasturtean hobekuntzak indarrean jarriko dutela azaldu du, baina «egiturazko irakasleen» alde egingo dutela argitu du.
Azkenik digitalizazioa izan du hizketa gai, Euskorpus proiektua zehazki. Izan ere, EHU ez zen ekimen honen sorreraren parte izan, eta Bengoetxeak «aurreko errektoretzaren erabakia» izan zela aitortu du. Hori «zuzendu» dutela dio, eta orain taldearen parte direla aipatu du: «Horrelako proiektu batean unibertsitatea egon behar da». Bere hitzetan, euskarak digitalizazioaren munduan «behar» duen garapenerako «ezinbestekoa» baita.


