Zuzenean

Hezkuntza Departamenduari oztopoak kendu eta euskarazko irakaskuntza publikoa bermatzeko eskatu diete herriko 11 familik. Horietako bat Olatz Garcia da, eta departamenduak jarri dituen trabak izan ditu hizpide NAIZ irratian.
D ereduko lerroa irekitzeko zortzi matrikulekin «nahikoa» litzatekeela azaldu du. «Landa eremuan eskaera gutxiagorekin ere lerroa zabaldu da zenbait tokitan», gehitu du. Garciak garrantzitsutzat jo du Udalaren eta eskolaren «oniritzia». Faltzesen baldintza horiek guztiak betetzen dituztela nabarmendu du, baina eskolan beste lerro bat irekitzeko «espaziorik ez» dagoela argudiatu du Hezkuntza Departamentuak. Garciaren ustez, «espazioen berregokitzearekin aski izango zen». «Ez ditugu Hezkuntza Sailak eskatzen dizkugun bost gela behar», azpimarratu du.
Azkenik, aldarrikapen ozen bat egin du Garciak: «Herri txikien biziraupenarako, erraztasunak jarri beharko lituzkete, ez oztopoak». Sortzenek salatu du Faltzesko egoera ez dela ez berria eta ezta bakarra ere. Mendigorria, Lararga, Lerin eta Oibarko kasuak aipatu dituzte, horietako batzuetan D ereduko eskaintza lortu dela gogoratuz, baina hori hezkuntza komunitatearen eta herri eragileen bultzadak ekarri duela.