Zuzenean

Itxaso Leon - Oinatz Aizpuru

PKKk fitxa mugituta, Ankararen txandaren zain

PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurduak iragarri du bertan behera utziko duela borroka armatua, eta desegin egingo dela. Hamabigarren kongresuan hartu zuen gerrillak erabakia. Karlos Zurutuza kazetariak azaldu dizkigu gaiaren gakoak.

Audio_placeholder

PKKk fitxa mugituta, Ankararen txandaren zain

Loading player...
Karlos Zurutuza, artxiboko argazki batean.
Karlos Zurutuza, artxiboko argazki batean. (Andoni Lubaki)

Öcalanek eta Turkiako Gobernuak joan den urte amaieran abiatu zituzten azkenengoz negoziazioak; MHP Turkiako Mugimendu Nazionalistaren Alderdiko buru Devlet Bahcelik eman zuen horren berri.

Öcalani Turkiako Parlamentura joateko gonbita egin zion, han formalki PKKk armak utziko zituela iragarri zezan. Are gehiago, Bahcelik atea ireki zion Öcalani mesede egingo liokeen lege prozedura bat abiatzeari; hark bizi osoko kartzela zigorra baztertzen zuen, eta espetxe zigorra 25 urtera mugatu. PKK-ko buruak 26 urte daramatza preso.

PKKk hartu duen erabakia «historikotzat» hartu du Karlos Zurutuza kazetariak, izan ere, «armagabetzea eta mugimendua bertan behera uztea bada lehenbiziko aldiz gertatu den zerbait». Öcalanen aginduaz gain, bestelako faktore batzuk nabarmendu ditu: testuingurua oso aldakorra da batetik, eta Sirian abenduan emandako aldaketa, berriz, «drastikoa». Bestetik, urte askotako gerra amaigabea da, eta «inork irabazi ezin dezakeen gatazka». Finean, «aldagai asko daude, baina ezin dugu ahaztu hein handi batean PKK erabat paretaren kontra zegoela».

Goiz dela dio Zurutuzak, desegitearen aldeko jarrera orokorra den edo disidentziak espero daitezkeen espekulatzeko. Batetik, ez dakigu zer ari diren negoziatzen. Jakintzat eman daiteke eskaeretako bat izango dela Öcalanen erabateko askapena edo, gutxienez, espetxeratze baldintzak hobetzea. Bestalde, esan dute mahai batean eztabaidatu beharreko agenda dela; bai gobernuarekin, bai beste alderdi politikoekin.

Aurrekariei so eginez gero, aldebakarreko mugimendu ugari ikus daitezke PKKren aldetik. Inguruko espektro horrek «etengabe eusten dio erretorika horri, ez dela aldebakarreko mugimendua, baina momentuz haiek baino ez dute aurrerako pauso hori eman». Horrekin batera, Turkiak jarraitzen du «PKKko baseak bonbardatzen, jarraitzen du gizarte zibila espetxeratzen, etxeratze aginduak altxatzen Turkia barruko hainbat eskualde kurdutan... Momentuz, Ankararen aldetik ez daukagu inolako pausorik prozesu horren baitan».

Konstituzio erreformaren aukera

Iragarpenaren ostean espero daitezkeen mugimenduen artean dago konstituzio erreformarena. Jakina da Erdoganek ezin duela bere burua aurkeztu presidentetzarako, eta horretarako konstituzioa aldatu behar duela. Gehiengo parlamentarioa, beraz, alderdi kurduak emango lioke.

Espekulazioa litzateke sinatu duten edo ez esatea, baina mahaigainean dago gaia. Momentuz, ikusi da oposizioak espetxeratu duela bere aurkari izango zena, Istanbulgo alkatea.

Azkenaldian entzundako adierazpenen artean, esanguratsua egiten zaio Zurutuzari «errendizio» hitza etengabe errepikatzen duela Turkiak. Eta hori da, funtsean, nahi duena: «PKK errenditzea». Galdera da errenditze horren truk zerbait egongo den Ankararen aldetik, baina aurrekariek ez dute aukera handirik ematen baikor izateko.

Nazionalismoaren erpin ugariak

GARAn Berivan Firat frantses estatuko batzorde demokratiko kurduko presidenteak zioen ez dela porrota, ez dela zerbaiten amaiera, aurrerapauso historikoa baizik. Hildakoak ez direla alferrikakoak izan eta kurduen 29. iraultza ez dela garaitua izan esan zuen. Espero zuen Turkiak gizarte demokratiko eta anitza aitortzea, eta identitate kurdua konstituzioan jasotzea.

Zurutuzak ez du uste horrek ezer aldatzen duenik, eta gogorarazi du PKKk iragarri duela armak uzteko prest daudela, baldin eta aurreranzko pauso gardenak ikusten badira Ankararen aldetik. Horrelako impasseak 1993an, 2013an edo 2019an ere eman direla esan du. Orain, «dena oso anbiguoa da, ezer gutxi dakigu eta hainbat aldagai daude mahaigainean».

Gaineratu duenez, «kurduek jakin badakite ezin dutela inongo autonomia izpirik espero». Bestalde, konstituzioaren onarpena dela eta, «ez dezagun ahaztu turkiar nazionalismoak zer pisu daukan turkiar psike horretan», esan du. «Ez eraikitako identitatea bakarrik, baita kurduen eta armeniarren aurkako identitatea ere».

Norabide horretan emandako edozein pausok Erdoganen kontra egin dezake, «marra gorri bat da Turkian». Kazetariaren arabera, kurduek jakin badakite beraien estrategia politika parlamentarioari eustea dela Turkia barruan, eta haien oinarriak indartzea. Horretarako aukerarik egongo den, ezin jakin.

Baikortasunerako arrazoiak?

DEM alderdiak bake prozesuarekiko azaldu duen baikortasuna ere izan du hizpide Zurutuzak gurean, alderdi horrek artikulatu baitu prozesua. Dio kurdu mugimenduaren ezaugarrietako bat beti izan dela «pragmatikotasuna». 2000 urtera arte, Öcalanen apustua independentzia zen, estatu kurdu bat sortzea. Ordea, jabetu zen ez zela posible, ezin zela Ekialde Hurbileko mapa hautsi. Beste estrategia bati eutsi zion beraz, konfederalismo demokratiko izenekoa.

«Kurduek badakite zeintzuk diren haien aukerak, eta badakite borroka armatuak haien kontra jokatu zuela, batez ere ataza politikoa indartzeko garaian», azaldu du. Baikor daude, «sekulako aurrerapausoa da zalantzarik gabe, eta ez daukate beste aukerarik. Horrelako prozesu bat aurrera bultzatzekotan, gogoz egin behar da edo ez da egiten».

Ekialde Hurbileko kokalekua aldatzen ari da eta Siria ezin da bazter utzi. Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin nolabait, lehen konfederalismo demokratiko horren barruan lortu zuen autonomia maila handi bat, baina gauzak erabat aldatu dira bertan.

Paper gainean zortzi puntuko akordio bat dago, epe bat dago puntu horiek betetzeko, baina momentuz «guztiak berdin jarraitzen du». Zurutuzak azaldu du nola Damaskok azken hilabeteotan gutxiengoak bortizki zigortu dituen, alauitak edo drusoak tartean, baina kurduekin zailagoa izan dela.

Sinatu den «nolabaiteko bake ituna» gorabehera, milizia ezberdinen arteko «gerra etena» gorabehera, denak berdin jarraitzen du eta haien eredu politikoak, autogestioak, indarrean.

Jaurlaritza Logoa