Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Uxua de la Fuente eta Koldo Soret
Niña Coyote eta Chico Tornado

«Disko hau pixka bat desberdina da, besteetatik aldentzen da»

Aurreko disko berezi eta bikoitzaren ostean, Don Condor eta Ñora Alacran berriz ere lozorroan sartuta, ‘Atea’ diskoarekin datoz oraingoan Niña Coyote eta Chico Tornado. Bosgarren lan luzea dute hau 2013an lehendabiziko diskoa atera zutenetik.

Audio_placeholder

«Disko hau pixka bat desberdina da, besteetatik aldentzen da»

Loading player...
Niña Coyote eta Chico Tornadok abiatu dute dagoeneko ‘Atea’ diskoaren aurkezpen bira.
Niña Coyote eta Chico Tornadok abiatu dute dagoeneko ‘Atea’ diskoaren aurkezpen bira. (Jon URBE | FOKU)

‘Trash’ singlea atera zenean esan nion nire buruari: «Zer da hau? Ze egur, ze indar, ze kolaborazio…» Zergatik aukeratu zenuten single moduan?

Chico Tornado: Ba bueno, iruditzen zitzaigun zerbait oso interesgarria 65 segundoko single bat botatzearena.

Niña Coyote: Sei hizkuntza ezberdinetan, mezu berarekin.

CT: Hori da. Eta horrelako kolaborazioekin gainera; Rodrigo Cuevasek asturiarrez, Balako lagunek, bueno, Anxelak, galegoz egin du...…

NC: Maika Makovskik katalanez, Ovidi eta Monicak gazteleraz, eta Waxitarrak, gure lagun kaliforniarrak, ingelesez. Eta noski, guk euskaraz.

Erraz esaten da, baina esan duzuna minutu eta bost segundoan sartzea... Hori guztia erokeria bat da.

NC: Marx Anaien kamarotea bezala da, baina kantuan.

CT: Grabaketak bakoitzak beren estudioetan, beren etxeetan egin dituzte. Zintzo-zintzo garaiz bidali digute dena.

NC: Erraza izan da eta ez digute bereziki zail jarri, ez. Oso jende profesionala da. Eta denek bidali dizkigute. Puzzle bat egitearen antzekoa izan da. Oso polita. Eta denek kalitatezko trakak bidali dizkigute. Dena erraza eta interesgarri askoa izan da.

Mezua ere halakoa da: «Dena zaborra, nekatuta nago». Disko bat irekitzeko amorrua dago musikan, eta horrek askatzen du energia, ze bestela energia hondoraino doa. Neke hori izan duzue diskoa egiterakoan?

CT: Bizitzen ari garen garai hauetan gehienbat. Askotan, nahiz eta ez garen horren negatiboak, iruditzen zaigu gauza asko zaborra direla. «Zabortuta» daudela alde guztietatik.

NC: Baina, egia esanda, ahobiko gauza da, ze hori esan eta gero, zer gehiago esan, ez? Baina bueno, lortu dugu beste 11 kantu sortzea horren ondoren.

Soinuari dagokionez, oso organiko grabatu duzuela iruditu zait, batez ere baterian nabari da hori. Elkar estudioan eta Victor Sanchezekin grabatu duzue.

NC: Egia esan, natural-natural dago, ez dugu horrelako sampler edo gauza arrarorik sartu. Kostatu zitzaidan ondo grabatzea.

CT: Erabili ditugu Elkar estudioetan dauden mikro zahar horietakoak eta bateria zaharra. 60, 70 eta 80ko hamarkadetako mikrofonoekin egin dugu eta, gero, gainera, analogikora pasatu dugu grabaketa guztia. Hortaz, bide horretatik joan da saiakera guztia.

NC: Nabari zen asmoa, eta ondo atera da.

Esan duzuen moduan, ez da erreza bateria bat hain gordin ondo grabatzea.

NC: Gustuko dugu akatsa eta inperfekzioa. Eta Victorrekin elkar ondo ulertu gara, horretan ere ez gara saiatu dena leuntzen eta bikain uzten. Baina badauka horrelako nortasun berezi bat.

Gitarretan ere ez dago geruz gehigarri gehiegi, ezta?

CT: Beti bezala grabatu dugu, baxua, bateria, gitarra eta teklaturen bat edo beste. Gitarrak bikoiztuta daude, bikoiztuta eta kitto. Eta gero, momenturen batean, momentu oso konkretuetan, diskoan badago gitarraren bat horrela pixka bat soinu arraroren bat egiten edo akorderen bat sartzen duena. Tranpa gutxi dago. Geruzak sartzea-eta albo batera utzita, apaingarrietan baino kantuen egituran zentratu gara. Hori lagungarria da nahi duzuna lortzeko bidean.

Esan daiteke dena hainbeste maite duzuen zuzenekoan pentsatuta egin duzuela?

CT: Bai, bai, noski. Eta baita ere nekatu xamar gaudelako gaur egungo soinu perfektuarekin. Esan dugu, ez dago akatsik, soinu guztiak perfektu entzuten dira… Orduan, ez horren kontra baina pixka bat errealitatearen xarma mantendu nahian ibili gara.

‘Atea’ diskoaren kontzeptua izanda, ez dakit zein ate apurtu nahi duzuen-edo…

CT: Bueno, egia esan, atearen ideia gure lagun Axik eman zigun, Igeldoko Axik. Inoren Ero Ni taldearekin ibiltzen da, eta baita Gailurekin ere, letrak egiten eta. Berak eman zigun atearen ideia. Iruditzen zitzaigun, ez dakit, ja urte asko pasa direla hasi ginenetik, eta nik bai sentitzen dut horrelako ate berri bat ireki dugula edo horrelako zeozer. Ez dakit. Urteak aurrera doaz, naturalki eboluzio bat izan dugu eta nik uste dut disko hau pixka bat desberdina dela, besteetatik aldentzen dela.

Diskoaren azala Xavi Fornek egin du, Error! Design estudiokoak. Badu 90eko hamarkadako estetika puntu bat. Ideia eman zenioten edo erabat modu askean egin du?

NC: Elkarrekin hasi ginen sortzen, halako hasierako ideiarik gabe, ideia finkorik gabe. Dena dela, oraingoan bai nahi genuen argazkietan oinarritua izatea eta ez ilustrazio hutsean. Baina, bueno, azkenean nahasketa bat izan da. Zaila da horrelako indar berezia duen argazki bakarra egitea diskoaren azalerako. Orduan, pentsatu genuen horrelako ehunka argazki egitea eta gero ikustea ea denak erabiliko genituen, edo batzuk, edo bakarra… Eta Xaviri bostehun edo pasa genizkion.

CT: Gero boligrafoarekin egindako marrazkien kontua ere buruan genuen. Berari bidali genizkion argazkiak eta ideia hori eta aurrera atera zen. Asko motibatu zuen istorioak, eta segituan ikusi zuen nondik eta nora landu behar zuen guztia. Berak egin du guztia.

NC: Horren harira, osotasun bat ematearren, bideoklipa ere egin genion ‘‘Trash’’ kantuari, estetika hori mantenduz. Eta damola.

Biniloa etorriko da, baina kontzertuak ere badatoz. Gasteizen izan zen lehendabizikoa eta atzetik sorta luzea duzue.

CT: Gasteizen jo ostean, Asturiasen, Logroñon, Bartzelonan, Madrilen… izango gara, eta Gailu taldeko lagunekin Euskal Herriko aretoetan arituko gara, Ipar Euskal Herrian faltako litzaiguken arren baten bat egitea. Bilboko Kafe Antzokian, Gasteizko Jimmy Jazzen, Donostiako Dabadaban, Azpeitiko Sanagustinen eta Iruñeko Zentralen. Horiek, ordea, udazkenean izango dira. Aurretik, Oñatin eta Bermeoko Kafe Antzokian izango gara, maiatzaren 23 eta 24an eta baita Euskal Herriko beste hainbat tokitako festetan ere, Oreretan edo Zarautzen, esaterako. Eta, nola ez, Donostian, Anoeta estadioan, Fermin Muguruzarekin, ekainaren 14an.

«Basque Partner Party»-ko kideak beharko dituzue hauetarako, beraz. Pantera beltzen mugimenduari egindako omenaldia dago diskoan.

NC: Orain bai baitago ‘New Black Panther Party’ deiturikoa. Bada, elkartasuna adierazi nahi genien. Finean, borroka guztiak borroka bera dira.

CT: Haietako kideak dira ahotsetan eta entzuten diren horiek eta gurekin lotura hori nahi genuen egin.

Diskoa ixteko modu bitxia izan duzue, kantua agertu eta desagertuz.

CT: Bazile totala. Ideia zen ‘fade out’ bat eginez, musika desagertuz, bukatzea. Baina esan genuen, «eta ‘fade in’ bat egiten badugu segidan?» Bada, hasi ginen agertu eta desagertu eta berriz agertu eta horrela jolasean… eta hau gertatu zen.

NC: Zati luzexka bat grabatu genuen pixkanaka desagertzen joan zedin, baina hain zen luzea, ezen jolas hau guztia egin eta errusiar mendi bat osatzeko adina beste irauten baitzuen. Norbait diskoa entzuten aspertu bada, hor azken entretenimendu bat topatuko du.

Mila esker eta bira on.

Mila esker!

Jaurlaritza Logoa