Zuzenean

Jesus Eguiguren PSEko agintari ohiak bere gaztaroari errepasoa egin dio 'Memorias de un niño de caserío' liburuan. NAIZ Irratian egon da ostiral honetan, liburuan jorratu dituen gaiak hizpide. Liburua idazteko beharra azaldu du lehenik eta behin: «Oroitzapen txarrak neuzkan gaztaroaz, baina liburua idaztean konturatu naiz garai hain txarra ez zela izan».
Baserriko egunerokoa azaldu du liburuan, eta familian hamar kide izanik, «baserriari esker aurrera atera» zirela azaldu du. Baserriko lanak ez zituela gustuko aitortu du ere.
Eskolan bizitakoak kontatu ditu, eta azaldu duenez, «gazteleraz jakin ez arren, ez ginen besteak baino tontoagoak atera». «Eskolako zaharrak ziren gure maisuak, erakusten zigutenak», gehitu du.
Politikagintzan ibili zen garaian baserriarekin, eta Aizarnarekin oro har, zuen harremana galdu zuela azaldu du Jesus Eguigurenek: «Eskoltak ez zuen baserria bisitatu nahi». Orain harremana berreskuratu duela azaldu du: «Aizarnako pertsona bilakatu naiz berriro ere». Gaztaroa berriz hizpide, Azpeitiko institutura joan zen, eta aldaketa handia izan zela nabarmendu du: «Guretzako Azpeitira joatea gaur New Yorkera joatea bezala izan zen». Eta Azpeititik, Donostiako Zuzenbideko Fakultatera bidaia egin zuen, eta ikasten zegoelarik, egin zituen bidai batzuen ondotik «segidan» sartu zen politikan.
Liburuan aipatu du Alderdi Komunista eta PSOEren arteko aldeak izugarriak zirela, eta hori berretsi du irratian ere: «Alderdi Komunistan urtebete egon nintzen, alderdiaren ikuspegia ezagutzeko denbora nahikoa». Ondoren, PSOE izan zuen alderdi: «Garai hartan alderdia gaur baino demokratikoagoa zen», aipatu du. Izan ere, «garai hartan gai guztiak eztabaidatzen ziren», erantsi du. Alderdi Sozialistan «kaudillismo» mota bat sortzen dela salatu du. «Hauteskunde primarioak demokratikoak dira, ni ez nago horren kontra, baina behin presidentea aukeratua denean, debate guztia bukatzen da», deitoratu du. Orain bide hori moldatzeko dagoela uste du.
Garai berriek «aldaketa nabarmenak» ekarri dituztela azaldu du: «Gaur egun medioek izugarrizko eragina dute alderdian».
Liburuan abertzalea sentitzen dela aitortu badu ere, «nazionalismoa ez dut inoiz ulertu», nabarmendu du. Gaztaroa izan du mintzagai liburu honetan, eta memoria politikoak argitaratzeko asmoa ere baduela onartu du; are gehiago, idatzirik daudela esan du.