Zuzenean

Datorren ekainaren 24an hamar urte beteko dira Pedro Maria Solabarria Bilbao, Periko Solabarria gisa ezagunagoa, hil zela. Apaiz langile izandakoak gizarte borroketan eta elkartasunean murgilduta eman zituen bere bizitzako 85 urteak eta, orain, aitortza egin nahi diote Barakaldoko bizilagunek. ‘Zamalanda’ izenpean inauguratu berri den espazioko pasealekuari bere izena eman nahi diote, bere figura omentzeko eta memorian iraunarazteko. Ekimena aurkezteko, prentsaurrekoa eskaini du astearte honetan Periko Solabarria Elkarteak eta beranduago, NAIZ Irratian, Txeru Garcia historialariak eman ditu xehetasun gehiago.
Abanto-Zierbenan haren omenez Triano plazari izena aldatu zioten 2016an herritarrek eta, orain, Barakaldon kalea jarri nahi diote bizilagunek, herrian eman baitzuen bere bizitzaren zati handi bat. Hain zuzen, aurten egin nahi dute izen aldaketa militante abertzale historikoa hil zenetik 10 urte beteko direlako ekainean, eta hura omentzeko modu ezin egokiagoa iruditzen zaie ekimena, Garciak adierazi duenez. «Bere izena ez ahazteko» abiatu dute kalearen izen aldaketa gauzatzeko eskaera, itsatsita daraman Solabarriaren izanak ere iraun dezan.
Arrontegi zubitik eta Lutxana auzotik gertu dago aukeratu duten kalea, puntu esanguratsua da, beraz, bertan aritu baitzen lanean Solabarria. Kalearen izendapenaz gain, beste ekimen batzuk ere egingo dituzte urtean zehar, Garciak azaldu duenez, Barakaldoko hainbat eragilek antolatutakoak.
Eragile horiek izan dira, hain zuzen ere, elkarteak egindako proposamen publikoari babesa agertu diotenak. Garciak aitortu du Udalak ez diola oztoporik jarri ekimenari, baina gauzatzeko bermetzat aurkeztu du kultur eragileak publikoi proposamenaren alde egin izana.
«Ezkerralde osoan, baita Bizkaia osoan ere, Periko oso pertsona esanguratsua izan zen», Garciaren hitzetan, «bereziki Barakaldon». Horregatik, ez du zalantzan jartzen herritarrek oroituko dutela Solabarria bera, zein hark egindako lana.




