Zuzenean
«Kantauriko ur irekietan filmatzea loteria bat da»
Zarautzen izkirak arrantzatzen hasi zen Xabier Mina nafarra, eta geroztik hamaika itsasotan ibilitakoa da, lanean zein aisaldian. Azken hiru urteak baina, buru belarri eman ditu gure kostalean, eta berriki estreinatu du zinema aretoetan Cruzekin batera zuzendu duen 'Kantauri' dokumentala.

«Kantauriko ur irekietan filmatzea loteria bat da»

Kantauri itsasoko ur irekietan filmatzea loteria bat bada, sari nagusia eraman dute ezbairik gabe Xabier Mina eta Isaias Cruz Nafarrek. Izan ere, ur azpian bizirik sekula ikusia ez zen marlina filmatzea lortu dute. Kostaldeko uretatik hasi eta 20 km-ko sakoneraraino, euskal kulturaren jatorria den fauna eta flora ezagutarazteaz gain, gozatu, zaindu eta babestera gonbidatzen gaitu Xabier Minak eta Isaias Cruzen zuzendu duten 'Kantauri' dokumentalak. Biologia klaseak ematen ditu Xabier Mina Iruñeko Iparralde ikastetxean, lehorrean egin dugu hitzordua berarekin.
Itsas Zientzietako ikasketak egin zenituen. Itsasoa oso hurbil sentitzen duzu. Baina nola bukatzen du nafar batek horrela?
Ba, Nafar askok bezala pentsatzen dut. Haurtzaroan maiz joaten ginen Zarautzera egun-pasa. Lehengusuekin hasi nintzen izkirak eta karramarroak arroketan harrapatzen eta horrela hasi zen dena.
Isaias Cruzekin partekatzen duzu 'Kantauri'-ko zuzendaritza. Biak aritu zarete irudiak hartzen itsaspian. Nola ezagutu zenuten elkar?
Eugi inguruan nintzela, mendian, oreinen bideo batzuk grabatzen, lagun bati galdetu nion ea ezagutzen zuen norbait drona erabiltzen zekiena. Isaiasen kontaktua pasa zidan eta berehala utzi nituen oreinak (barrez) eta uretara salto egin baleen eta marrazoen atzetik joateko.
Oreinak? Zertan ari zinen zu oreinak grabatzen?
Oreinen orro garaia grabatzen ari nintzen, gure inguruan oso leku aproposak daude orroaldiak ikusteko. Biologiako klaseak ematen ditut eta bideo laburrak egiten ditut ikasleentzako. Justu ari nintzen prestatzen Nafarroan ditugun ugaztunen ugalketari buruzko bideo bat.
Hara! Zu zara pelikuletan agertzen den irakasle jatorra?
Ez pentsa, hori da nire pasioa! Lehenengo animaliak eta gero eskolako beste animalia horiek (barrez berriro). Gustukoa dut mendian ibiltzea animaliekin eta grabatzen ditudan material horiek beti erabili izan ditut klaseak prestatzeko. Ikasleek arreta gehiago paratzen dute, ez materiala ona delako, baizik eta ikusten dutelako zer ilusiorekin ari zaren azaltzen material hori.
Iruñeko Iparralde ikastetxean ematen dituzu biologia klaseak. Ikasleek zer diote 'Kantauri' dokumentalari buruz?
Askok esaten didate oso ongi dagoela. Baina sorpresa handia hartu dute pelikulak baduelako alde poetiko oso nabarmen bat. Lehen gidoia ikasgeletara bideratua zegoen, baina gero Patxi Zubizarreta sartu zen proiektuan eta beste ikuspuntu bat eman zion, askoz poetikoagoa. Talde lan bat izan da, eta bestearen lana errespetatu behar da. Malgutasun batekin jolastu behar da beti, bestela oso ederra izan daitekeen gauza bat bilakatu daiteke gauza desatsegin batean.
Badakit aurreiritziak direla, baina nik uste nuen askoz ere ilunagoa eta pobreagoa zela gure itsasoa.
Eta, neurri batean, hala da. Buru-belarri egon gara grabatzen azkenengo bi-hiru urteetan, baina artxiboko irudiak ere badaude. Kantauri itsasoa ez da buruan dauzkagun Pazifikoko edo Indiako ozeanoak bezala. Egunak daude. Batzuetan metro askotara ikus dezakezu eta argitasuna dago, baina egun askotan, neguan, inkluso, udan ere bai, hondarra dago altxatuta, ez da batere ikusten. Ura ez da oso gardena. Baina horri esker badauzkagu altxorrak. Beste leku batzuk, jende asko joaten denez 'erreta' daude. Kantaurik bere nortasuna du, badauka kolorea, badauka aniztasuna eta badauzka sekulako altxorrak.
Oso konplikatua izanen da Kantaurin filmatzea.
Egun eguzkitsua ez izatea garrantzitsua da, sakonera jaitsi nahi baduzu hobeto da eguna lainotua egotea. Hodeiek difusore lan naturala egiten dute eta irudiak ez dira erretzen. Hori bai, itsasora sartzen zaren gehienetan ez duzu aurkitzen zuk nahi duzuna. Kostaldean filmatzea ez da hain zaila, eta urteekin badakizu sasoiaren arabera non egon daitekeen animalia bakoitza. Bain 'Kantauri' dokumentalak daukan gauzarik interesgarriena da irudi asko itsaso zabalean lortu ditugula, ur irekietan, kostaldetik 20 kilometrora eta hor filmatzea loteria bat da. Horregatik, pentsatzen dut, balio handia dutela bildu ditugun irudiek. Atuna antxoen antzetik doan mementua da nire ustez bereziena. Ehun metroko zabalera zuen antxoa bola bat ikusi genuen, erraldoia, eta gainera, geldirik! Edo Marlinarena! Arrantzaleek harrapatzen zuten baina ur azpian ez zuen inork sekula ikusia, eta filmean ikusten da!
Zenbat orduz filmatu daiteke ur azpian?
Jarraian ari bazara filmatzen, 40-45 minutu inguru. Baina inbertsio bakarrean egin beharko zenuke, oxigeno botilekin, eta inbertsioak ez du ordu bat baino gehiago irauten. Guk irudi gehienak apnean (oxigenorik gabe) hartu ditugu, eta horrela, lau ordu inguru irauten dute bateriek.
Nola erreakzionatzen dute animaliek kamera bat ikusterakoan?
Animalia horrek duen kuriositate mailaren araberakoa da. Ezberdina da ugaztun bat edo arrain bat. Normalean arrainek ez dute kuriositate handirik zure aurretik pasatzen dira eta zutaz paso egin.Ugaztunek ezberdin jokatzen dute, izurde edo katxalote kumeak askotan hurbiltzen dira zu ikusteko eta begietara begiratzen zaituzte...Beti behar duzu prudentzio pixka bat eduki eta lasai egon, gehiegi mugitu gabe.
Dokumentaleko soinua ere izugarria da. Ikuslea ere itsasoan murgiltzea lortu duzue.
Soinuari dagokionez, badaude bi kontu. Alde batetik, Joseba Beristainek egin du soinu bada. Beste aldetik, Koldok Corella arduratu da soinu efektuetaz. Azti bat da eta bere estudioan sortu du dena, kamerekin grabatzen den soinua oso kalitate probrea baitu.
Kalean filmatzen denean baimenak eskatu behar dira bai ala bai. Itsasoan, berdin?
Berez ez. Legatzak edo bisiguak filmatzeko ez dago inolako arazorik, baina ugaztunak filmatzeko, katxalotea adibidez, baimen bereziak behar dituzu. Gero, badira toki batzuk babestuak daudenak, eta hor filmatzeko baimena eskatu behar da derrigor. Guk sekulako gogoak ditugu Bermeo aurrean dagoen Petronorreko 'La Gaviota' plataforman filmatzeko, baina erabat debekatuta dago. Segur aski ere plataforma hori animalia asko elkartzeko gunea izango da, gozada bat.
Katxaloteak agertzen dira dokumentalean!
Kantauri itsasoan katxalotea ikustea oso zaila da. Urrian pasatzen dira baleak, eta Bale Urdina ere ikus daiteke hemen. Oso zaila da, baina badaude.
Hitz egin dugu Kantauri itsasoaren aberastasunaz baina dokumentalean ez duzue aipatzen krisi klimatikoa, uraren tenperaturaren igotzea, biodibertsitatearen murrizketa, zergatik?
Ulertzen dut zure galdera. Baina nolabait begiratzen baldin badugu dokumentalaren jatorrira, badauka terapia puntu bat. Guk daukagu itsasoarekiko sekulako pasioa, bizi dugu eta babesten saiatzen gara. Gure helburua da dokumentalarekin jendeak ezagutzea hemen zer duen, Kantauri maitatzea, eta hortik sortuko da babestu nahi izatea, hori da gure helburua. Egia esan, erraietatik atera zaigun zerbait izan da, terapia moduan.