Zuzenean
Wikipedia komunitateak adierazi duenez, adimen artifizialak ezagutza librean dauden edukien sarbidea arriskuan jar dezake. Galder Gonzalez Larrañaga euskal wikilaria da eta Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko sortzaileetako bat. Bat dator ikuspegi horrekin eta ohartarazi duenez botek ez dute beti argi adierazten nondik datorren erabiltzen duten informazioa. «Zuk zerbait galdetzen badiozu ChatGPTri, Groki edo LLaMA-ri, emango dizuten erantzuna nonbaitetik hartu behar da, eta Wikipedia erabiltzen dute askotan». Gonzalezek dio adimen artifizialak Wikipedia eta sare libreekin elikatzen dira, baina botek jasotzen duten informazioa ez deka beti egiaztatua, eta horrek arriskua dakar.
Wikipedia komunitatearen oinarrian erabateko gardentasuna dago, Gonzalezen esanetan: «Wikipedia saiatzen da afirmazioak egitean esaten nondik atera duen. Baina gero, adimen artifizialak ustiatzen du eta ez du gauza bera egiten, hau da, ez du zehazten nondik atera duen». Hori dela eta, adimen artifizialaren erabilera erantzukizun handiz kontrolatu behar dela dio.
Baina ez da hori bakarrik. Adimen artifizialaren erabilera azpiegitura gastuak areagotzen ari da. Wikipedia doakoa da, baina zerbitzariak eta haien mantentze-lanak ez. «Zerbitzari bati eskariak egiten badizkiozu etengabe, energia asko behar du... eta horretarako jendea behar da». Europako Wikipediako zuzendaritzaren arabera, botek egindako kontsultak %50 gehiago garestitu dituzte azpiegitura gastuak.
Horrez gain, Wikipedia-ren funtzionamenduak ez du energia bakarrik behar, ur kontsumoa ere handitu egin du. «Kezka sortu da, ez horrenbeste elektrizitateagatik, baizik eta zerbitzari erraldoi horiek freskatzeko behar den ur kontsumo handiagatik».
Gonzalezek, azkenik, gogorarazi du ezagutza askea ez dela soilik datuen metaketa bat. «Wikipedian gure arauak dira guk eraikitzen dugula, gizakiok sortzen dugula. Eta ikuspuntu neutrala behar du» Horregatik, komunitateak elkarrekin egiten duen lanaren garrantzia defendatzen du, baina adimen artifizialaren erabilera kontuan hartu behar dela.


