Zuzenean

NEREA:
Egun on, Ander.
ANDER:
Baita zuri ere, Nerea.
NEREA:
Badakit antzerki zalea zarela. Inoiz izan al zara Pabellón Número Seis antzeztokian?
ANDER:
Bai, noski. Bilbon dago. Deustuko ibarreko pabilioi industrial baten barruan antolatutako toki bat da, eszenako arteak lantzeko.
NEREA:
Noiz sortu zen gogoratzen al zara?
ANDER:
Berrehun antzerkizale euskaldun eta erdaldun elkartu ziren bazkide egiteko 2011. urtean. Orain antzerki laborategi bat da, eta antzokia dauka obrak taularatzeko.
NEREA:
Pabellón 6 laborategiko Gazte Konpainiak 'Komedia madarikatua' antzezlana prestatu du. Obraren zuzendaritzan aritu den Gaizka Chamizo mintzatu da NAIZ Irratian.
ANDER:
Gazte Konpainiaren lehen promozioa 2015ean sortu zen, eta 2016an Shakespeare dramaturgo ingelesaren 'Romeo eta Julieta' eskaini zuten.
NEREA:
Orain landu duten obraren titulua 'Komedia madarikatua' da. Belizismoari absurdotik egiten diote kritika.
ANDER:
Gizakion ergelkeriari kritika egitea gai klasikoa da antzerkian.
NEREA:
Kutsu absurdoa baldin badauka antzezlanak, umore 'inteligentea' praktikatuko dutela espero dut.
ANDER:
Umorea euskaraz lantzea garrantzitsua da beti aktore batentzat.
NEREA:
'Komedia madarikatua' obran sei antzezle agertuko dira oholtzan.
AUDIOA-GAIZKA CHAMIZO
NEREA:
Bioi deklinatze modua erabili du Gaizka Chamizok.
ANDER:
Bai. Izen bat deklinatzeko garaian -o marka edo mugatzailea erabiltzen dugu noizean behin. Adibidez: «Denok batera joan ginen Bilbora. Zuk eta biok antzerkirako asmoa geneukan».
NEREA:
Mugatzaile marka horrek hurbiltasuna adierazten du. Eta pluralean deklinatzen da. Horregatik batzuek deitzen diote plural hurbila: ikasleok, dantzariok, kazetarioi, langileoi, arrantzaleontzat, kirolariontzat...
ANDER:
Hitz egiten ari denak bere burua talde batekoa kontsideratzen du. Esate baterako: «Antzerkilariok berritsu fama dugu». Horrek esan nahi du mintzatzen ari dena ere aktorea dela.
NEREA:
Hori da. Beraz, ni idazlea ez naizenez, ez dezaket esan: «Idazleontzat zergak murriztuko omen dituzte».
ANDER:
Nerea... gu biok astronautak ez garenez, ez nuke esan behar: «Astronautok arrisku handiak hartzen ditugu».
NEREA:
Baina aktorea baldin bazara, edozein paper jokatzeko gaitasuna duzunez, taula gainean esan dezakezu: «Shakespeare eta biok gara historiako dramaturgorik onenak».
ANDER:
Zu eta biok formula polita da, ezta?
NEREA:
Era dotore bat da ni esalditik kentzeko. Hau da: ni ez esateko sartzen dugu biok.
ANDER:
Olatzek eta biok elkarrekin afaltzera joateko asmoa dugu.
NEREA:
Ander, Olatz eta hirurok ondo moldatzen garenez, ni ere joango naiz afari horretara.
GAIZKA CHAMIZO
NEREA:
Zuk eta biok ondo emango genuke komedia batean, ezta?
ANDER:
Zu eta biok barregarri samar geratuko ginateke eszenatoki batean, baina inork ez luke barrerik egingo.
NEREA:
Formula hori erabiltzen dugunean, subjektu guztiak deklinatu behar al dira?
ANDER:
Halaxe komeni da, bai. Adibidez: «Zuretzat eta biontzat antzeztuko dute gaurko obrari». Edo: «Zuri eta bioi doan emango dizkigute sarrerak».
ANDER:
Baina subjektuak asko direnean?
NEREA:
Kasu horietan nik ez ditut izen guztiak deklinatzen. Esate baterako: «Olatz, Mikel, Leire, Xabier eta bostontzat tokia dago automobilean».
ANDER:
Zer ikasi dugu gaur?
NEREA:
Plural hurbila zer den ikasi dugu. Deklinatzeko forma berezi bat da, -o bokalarekin markatzen dena.
ANDER:
Ezberdina da aktoreak eta aktoreok. Ni aktorea izanez gero bakarrik esan dezaket aktoreok. Hitz egiten duenak barruan egon behar du -o marka erabiltzeko.
NEREA:
Olatzi, zuri eta hiruroi komediak gustatzen zaizkigu. Umorearen zaleak gara.
ANDER:
Tragediak eta dramak bezain sakonak izan litezke komediak ere.
NEREA:
Zuk eta biok asmatuko genuke umorearen bidez kritika egiten.
ANDER:
Bihar arte, Nerea.
Hemen entzun dezakezu 'Komedia Madarikatua' antzerki obrari buruz egindako elkarrizketa.