Zuzenean

ANDER:
Kaixo, Nerea.
NEREA:
Egun on, Ander. Zer moduz?
ANDER:
Hizkuntzei buruzko kontakizun eder bat entzun dut NAIZ Irratian. Seguru asko gustatuko zaizu zuri.
NEREA:
Nor mintzatu da, ba, hizkuntzen inguruan?
ANDER:
Eñaut Agirre. Filologoa da, eta bertsolaria ere bai. Hernaniarra da, 46 urte ditu.
NEREA:
Kezka hau bueltaka darabilt beti: jakin nahi nuke munduko 7.000 hizkuntzetatik zenbat salbatuko diren mende honetan.
ANDER:
Kontu egizu zazpi mila horietatik 44 bakarrik direla handitzat jo daitezkeenak; hau da, 40 milioi hiztun baino gehiago dituztenak.
NEREA:
Horrek esan nahi du hizkuntza gehienen baldintzak ez direla sendoak, zaurgarritasun egoeran daudela, eta batzuk arrisku larrian.
ANDER:
Tamalez, epe laburrean hizkuntza asko galdu egingo dira.
NEREA:
Ba al dakizu hiztunez handienen artean zein diren lehenengo hamarrak?
ANDER:
Bai. Hauek: ingelesa, Txinako mandarinera, hindiera, espainiera, frantsesa, arabiera estandarra, bengalera, portugesa, errusiera eta urdua.
NEREA:
Uf!, euskara atrapatuta dago espainieraren eta frantsesaren artean.
ANDER:
Baina euskarak azken 60 urteetan aurrerapen batzuk egin ditu. Horregatik, euskararen biziberritze prozesua berezia da munduan, erreferentziazkoa da larri dauden komunitate askorentzat.
AUDIOA - EÑAUT AGIRRE
NEREA:
Euskara estandarizatzea aipatu du Eñaut Agirre hizkuntzalariak. Zer esan nahi du estandar kontzeptuak?
ANDER:
Komunitate batean zabaldua eta nagusia den hizkera da hizkuntza estandarra.
NEREA:
Horrek esan nahi du, beraz, estandarra deitzen zaiola hezkuntzan, hedabideetan eta administrazioan gehien erabiltzen den hizkerari.
ANDER:
Hain zuzen ere, hizkuntza estandarrak ortografia eta gramatika arauak finkatuta izaten ditu, egoera formaletan erabiltzeko.
NEREA:
Elkarren kontra al daude hizkuntza estandarra eta tokiko hizkerak?
ANDER:
Ez, ez, ez. Hizkuntza estandarrek normalean tokiko hizkeretan izaten dute jatorria.
NEREA:
Literatura eredu inportanteek eragin berebizikoa izango dute, ezta?
ANDER:
Italiera estandarra sortzeko oinarrizkoa izan zen Dante idazlea XIV. mendean. Baina tartean arrazoi politikoak eta ekonomikoak izan ziren.
AUDIOA-EÑAUT AGIRRE
NEREA:
Konturatuta nago ingeles mota asko dagoela munduan: Ingalaterrakoa, Ameriketako Estatu Batuetakoa, Australiakoa, Karibekoa, Indiakoa, Hego Afrikakoa, Nigeriakoa...
ANDER:
Ingalaterrako estandarra XVIII. mendekoa da. Samuel Johnson idazleari zor zaio, ingelesaren hiztegi handia argitaratu baitzuen.
NEREA:
Eta ondoren Oxford eta Cambridge unibertsitateek landu zuten.
AUDIOA-EÑAUT AGIRRE
NEREA:
Euskara estandarra noizkoa da?
ANDER:
Euskara estandarrari deitzen zaio euskara batua. Baina euskara estandarra ez da sortu egun batetik bestera.
NEREA:
Euskararen estandarizazioa ulertzeko historia pixka bat egin behar genuke.
ANDER:
XVI. mendean Nafarroako erreginak Biblia euskaratzeko eskatu zion Leizarragari.
ANDER:
Ondoren, XVII. mendean Axular idazleak eta haren garaikoek ere idazteko modu bat zabaldu zuten.
NEREA:
XX. mende hasieran ere bazegoen estandarraren edo eredu baten kezka.
ANDER:
Baina gaur egun euskara batua deitzen duguna 60ko hamarkadan moldatzen hasi ziren.
NEREA:
Garai hartan garrantzi handia izan zuten Gabriel Aresti, Txillardegi eta Koldo Mitxelena idazleek.
ANDER:
Zer ikasi dugu gaur?
NEREA:
Hizkuntza estandarra kontzeptua. Euskara batua deitzen diogu gure hizkuntza estandarrari.
ANDER:
Hizkuntza bat hil ez dadin, gutxieneko baldintza bat da hizkuntza batu bat edo gramatika arau finkatu batzuk izatea.
NEREA:
Kontuz! Grekerak eta latinak bazituzten kultura idatzi oso garatuak eta aberatsak, baina hizkuntza horiek desagertu egin ziren.
ANDER:
Bueno... esan dezagun latina atomizatu egin zela, lehertu egin balitz bezala, hogei zatitan.
NEREA:
Ander... euskara salbu ikusi arte, ez dut kenduko bizarra!
Hemen entzun dezakezu Eñaut Agirreri egindako elkarrizketa.