Zuzenean

«Euskararen biziberritze prozesua berezia da munduan, erreferentea komunitate askorentzat»

Garabide Elkarteak jasoko du 2022ko Abadia saria Gipuzkoako Aldundiaren eskutik, munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan egiten duen lanagatik. Eñaut Agirre koordinatzailearen esanetan hizkuntza aktibistek Euskal Herriari begiratzen diote euren hizkuntza gutxituak sustatu nahian.

Audio_placeholder

«Euskararen biziberritze prozesua berezia da munduan, erreferentea komunitate askorentzat»

Loading player...
Eñaut Agirre, Garabideko koordinatzailea
Eñaut Agirre, Garabideko koordinatzailea (Naiz Irratia)

Hizkuntza gutxitu asko al dago munduan? «Gehienak», dio Eñaut Agirre Garabide Elkarteko koordinatzaileak. Gehienak, noski, 6000 hizkuntza baina gehiago baitago munduan, «hizkuntza batzuk dira nagusi, estatu hizkuntzak, galtzeko arriskurik ez dute baina gainerakoak zaurgarritasun egoeran daude, batzuk arrisku larriagoan, beste batzuk ez hainbeste». Baina mehatsua handia da, «arreikuspenak oso negatiboak dira, epe motzean hizkuntza asko galduko dira». Munduko edozein txokotan aurki daiteke hizkuntza gutxitu bat baina Agirreren esanetan bada «bitxikeria» bat, ez dago argi zergatik baina «biodibertsitate handieneko zonaldeetan hizkuntza aniztasun handiagoa dago».

2005. urtetik hizkuntza lankidetzan egiten du lan Garabide Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Eñaut Agirre koordinatzaileak Naiz Irratian azaldu du «hizkuntza lankidetza« kontzeptua Garabidek sortu zuela hizkuntzen gaiarekin «kooperazioa» egiteko. «Zer du Euskal Herriak munduarekin konpartitu dezakeena?», galdetu zioten euren buruari elkarte honen sortzaileek. Eta Agirrek erantzun «oso berea duen esperientzia bat da azken 50 edo 60 urteetan euskara biziberritzeko egindako lana, gizarte honek galtzear zen hizkuntza bat mantentzea lortu du eta hutsuneak izan arren prozesua berezia da munduan, ez dago halako esperientziarik duen herrialde asko, beste komunitate askorentzat erreferenteak gara, hona begira daude». Ez daki euskaldunak honen jakitun diren, «behar baina gutxiago akaso», baina uste du balioan jarri behar dela Euskal Herrian euskara biziberritzeko egindako lana, «egin izan ez balitz ez ginateke egongo orain bezala euskaraz irrati batean».

«Arbola bat» euskararen prozesua azaltzeko

Euskararen prozesuak hainbat gako dituela uste du Garabidek eta horiek erakusten saiatzen dira mundu zabaletik gurera etortzen diren hizkuntza aktibistei. Batez ere komunitate indigenekin, Erdialdeko eta Hegoaldeko Ameriketan egiten dute lan, besteak beste, Mexikon Yukataneko maiekin nahiz Nahuatla hizkuntzaren alde lanean ari direnekin, Kolonbian nasa komunitatearekin edota Ekuadorren kitxua komunitatearekin. «Arbola baten moduan irudikatzen diegu hemengo biziberritze prozesua, arbolan ikusten delako arlo askotan lan egin dela; hizkuntzaren korpusa eta terminologia berritzeko lana, euskara batuaren prozesua, hedabideetan egindako lana, helduen eta haurren hezkuntzan egindakoa, ikastolen prozesua, administrazioak egindako lana edota kulturgintzan egindakoa», azaldu du Agirrek eta zehaztu lanketa guztiak «batera» egin zirela.

Hain justu, zailena, bere esanetan, lanketa guzti horiek aldi berean martxan jarri izanaren gakoak azaltzea da. Garabidek berak ere ez baitu guztiz argi, baina baditu hainbat pista. Agirrek nabarmendu du «motibazio» handi bat zegoela euskararen biziberritze prozesua martxan jarri zenean eta «zapalkuntza batetik etortzeak» eragina izan zuela, «egoera aldatzeko gogo izugarria zegoen, hori orokorra zen, ez zen euskaraz hitz egiten zuen jendeak zuen irrika bat, konpartitua zen gizarte osoan, beste gizarte eredu bat nahi zuen jendeak eta euskaraz». Garabideko koordinatzailearen ustez euskaraz hitz egiten ez zuen sektoreak euskararen aldeko apostuarekin bat egin izan ez balu «ez zen posible izango». Eta bestetik, gizarte mugimenduak martxan jarritako prozesua izan zen arren ondoren «administrazioaren laguntza» etorri izana ere oso lagungarria izan zen bere esanetan.

«Zer ikasten dugu guk?»

Lankidetzak noranzko bikoitza duela azpimarratu du Agirrek, «askotan bizi dugu guk haiei lagunduko bagenie bezala, paternalismo puntu batekin, eta horrekin hautsi beharra dago ezinbestean». Izan ere, mundu zabaleko hizkuntza aktibistak gurera etortzeak «eragin» garrantzitsua du, «gizarteak ikusteak hona datozela zerbait ikastera sekulako inpaktua du, adibidez ikastetxeetan». Askok ez baitakite «euskara galtzeko arriskuan» egon zela.

Besteen begirada aberasgarria izan daiteke, baita ere, gabeziez ohartzeko. Zentzu honetan komunitate indigenek hizkuntza «bizitzeko modu baten baitan» ulertzen dute, kultura barne hartzen duen dimentsio batean, hitz bat erabiltzearren erlijio kutsu bat du hizkuntzak eurentzat. «Gugan alderdi hori piska bat galduta ikusten dute, oso mendebaldar bihurtuta ikusten gaituzte, arrazoi faltarik ez dute eta horrek zer pentsa ematen digu», dio Agirrek.

Jaurlaritza Logoa