Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | -arazi/-erazi

[1x37] Ikasgai honetan -arazi/-erazi atzizikiak landuko ditugu.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | -arazi/-erazi

Loading player...
Julieta Hernandez emanaldi batean
Julieta Hernandez emanaldi batean (Miss Jujuba Produções )

NEREA:
Kaixo, Ander!

ANDER:
Kaixo, Nerea! Zer egiten duzu sudur gorri horrekin?

NEREA:
Pailazoei buruz hitz egin nahi dut gaurkoan, eta horrexegatik ekarri dut.

ANDER:
Gai interesgarria, benetan!

NEREA:
Esan behar dudan lehen gauza, pailazoak betidanik gustatu izan zaizkidala da. Txikitan pailazo taldeak ikustera joandakoa naiz, baina badakizu zer den gehien gustatzen zaidana?

ANDER:
Zeuk esango duzu, ba!

NEREA:
Sudurra jantzi eta ikusleak gozaraztea! Ez dakizu zein ederra da jendearen aurpegietan irribarrea ikusi eta halakoetan jasotzen dugun berotasuna sentitzea.

ANDER:
Neu ere hainbat klown ikastarotan parte hartutakoa naiz. Eta onartu behar dizut, hasieran kostatzen bazitzaidan ere, beti gozatu izan dudala asko, uste dut norberaren esentzia eta barnean daukagun inozentzia hori erakusteko aukera ematen duela, eta oso aske sentiarazten gaituela.

NEREA:
Guztiz ados nago zurekin, eta izugarri gustatu zait pailazoen inguruan Bigarren kafeko aurkezle den Iñigo Asensiok egin duen sarrera hau:

 

AUDIOA  | Iñigo Asensio

 

NEREA:
Zoritxarrez, erreportajea ez du hasi den bezain goxo eta polit jarraitu, Julieta Hernández, Jujuba, pailazoaren erailketari buruz hitz egin baitute.

ANDER:
Beraz gaurkoan ezin munduaren zitalkeria eta iluntasuna alde batera utzi.

NEREA:
Hala ere, ez dute kasu honen inguruko datu morbosorik eman nahi izan, eta hauxe kontatu dute:

 

AUDIOA | Iñigo Asensio

 

ANDER:
Jujuba pailazoa oso maitatua zen, eta pailazoen mundua oso ondo antolatuta dagoen bezalaxe, haren omenez hainbat ekintza antolatu dituzte.

NEREA:
«Bicicletada por Julieta» izeneko ekimena prestatu dute: bizikleta hartuta, tipi-tapa ibilaldiak egingo dituzte hainbat herritan.

ANDER:
Bertan ziur feminizidioaren aurkako ahotsak entzungo direla.

NEREA:
Izan ere, Jujuba isilarazi dute, baina ez dute beste guztion ahotsa isilaraziko!

ANDER:
Hala da! Bidegabekeriak salatzen jarraituko dugu.

NEREA:
Behin baino gehiagotan erabili dugu orain arte –arazi atzizkia daraman aditzen bat: gogorarazi, sentiarazi eta isilarazi.

ANDER:
-arazi erabilita ekintza egitera behartu edo bultzatzen gaituzten aditzak sortzen ditugu:

NEREA:
«Zuzendariak gaur berarekin hitz egitera etorrarazi nau».

ANDER:
«Zure aurpegiak zerbait ederra gogorarazten dit».

NEREA:
«Gutun honen bidez, nire desadostasuna jakinarazi nahi nuke aurrekoan erabaki zenarekin».

ANDER:
«Irakasleak ikasleei bost liburu irakurrazi zizkien».

NEREA:
«Liburuek beste garai eta leku batzuetara bidaiarazten gaituzte».

ANDER:
Juju pailazoaren alde egingo diren protestek ere bidaia dezatela munduko txoko guztietara.

NEREA:
Bera São Paulon bizi zen duela urte batzuk, eta, bertan, 'Circo di SóLadies' antzerki-talde feministako kide zen.

ANDER:
Bertako lagunek oso hitz ederrak eskaini dituzte bere omenez:

NEREA:
«Emakumeak beldurrik gabe ibil daitezkeen mundu batekin amets egiten jarraitzen dugu; haurrak jolaserako libre izango dira eta pailazoek atseden hartzera doazenean bakarrik kenduko dituzte sudurrak».

ANDER:
«Bigarren kafe» ko lagunek mezua bere egin duten bezalaxe egingo dugu geuk ere.

NEREA:
Eta gaur ikasitakoa horri lotuta egingo dugu.

ANDER:
Izan ere, zerbait egitera bultzatu eta behartzen duten aditzak sortzeko –arazi erabiliko dugu, -erazi saihestuz.

NEREA:
«Zer sentiarazten dizute horrelako berriek?»

ANDER:

Gauza onik ez! Eta hori mundu guztiari jakinarazi behar genioke.

NEREA:
Arestian aipatu bezala, ez gaitu inork isilaraziko.

ANDER:
Eta mezu hau zabaldu eta bidaiaraziko dugu.

NEREA:
Denon artean mundu hobe bat eraiki dezagun eta agintariei neurriak harraraziko dizkiegu.

ANDER:
Denok guretik jarrita, horrelako gertaerak ekiditea lortuko dugu.

NEREA:
Eta ezerk ez ditu gure algarak isilaraziko.  

ANDER:
Gu, berriz, orain isilik geratuko gara, eta saioa amaitutzat emango dugu.

NEREA:
Oraingoz, isildu egingo gara, bai!

ANDER:
Hurrengora arte!

NEREA:
Agur!

Hemen entzun dezakezu Bigarren Kafea saioan Jujubari buruz egin zuten erreportajea.

Jaurlaritza Logoa