Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | Ekintza errepikatuak

[1x26] Ikasgai honetan ekintza errepikatuak landuko ditugu: Kaiz kai, etxez etxe, atez ate, buruz buru, mendez mende...

Audio_placeholder

Adi eta Ari | Ekintza errepikatuak

Loading player...
Iñaki Mezquita Joven Julian ontziaren modelista.
Iñaki Mezquita Joven Julian ontziaren modelista. (Bigarren Kafea)

ANDER:
Arratsalde on, Nerea.

NEREA:
Hala ekarri, Ander.

ANDER:
Hementxe gaude beste egun batez, aurrez aurre.

NEREA:
Saio berri bati ekiteko prest! Aizu, Ander, arrantzatzea gustuko al duzu?

ANDER:
Aitortu behar dizut ez dudala gehiegi arrantzatu nire bizitzan.

NEREA:
Ni txikitan aitonarekin joaten nintzen kaira. Bertan orduak ematen genituen itsasontziei begira, kainaberaaldamenean genuela. Hori bai, portuetako giroa ez da inolaz ere garai batean izan zena.

ANDER:
Kontu honetan ere gauzak asko aldatu dira.

NEREA:
Beti mirestu izan dut arrantza munduan lanean dabilen jendea, batez ere hain denbora luzean itsasoan familiarengandik urrun egoten diren arrantzaleak.

ANDER:
Ez da lan makala, ez!

NEREA:
Askok nahi dutelako egingo dute, eta badakigu, gogoko lekuan, aldaparik ez! Baina hala ere, oso gogorra izan behar du.

ANDER:
Familia eta lagunak hain urrun izatea bakarrik ez, baita itsasoan gertatu daitezkeen gorabeherek eragindako ezinegona ere.

NEREA:
Horixe da, hain juxtu, gaur hona ekarri nahi nuen irratsaioan abiapuntu hartu duten gaia: Bigarren kafea saioko kideek 1903ko azaroaren 9an jazotako gertaera bat ekarri dute. Egun hartan, Joven Julian untzia, Pasaiako portuan barneratu nahian, denboraldiaren ondorioz, Jaizkibelen hondoratu zen.

AUDIOA - Iñaki Mezkita


ANDER:
Joven Julian itsasontziaren maketa egin du Iñaki Mezkitak.

NEREA:
Ez da erraza izango horrelako lan bat egitea!

ANDER:
Zuk zeuk esan duzu lehen, Nerea. Gogoko lekuan, aldaparik ez!

NEREA:
Hala da, bai! Eta nolako itsasontzia zen?

ANDER:
Iñakik horrela deskribatu du: «bergantin goleta bat zen, bi masta zituen. Aurrekoan jarrita zeuzkan bergak eta atzekoan pikoak eta ezpeleta. Itsasontzi ederra zen, 27 metro inguru zituen esloran eta pisuduna. 129 tona eramateko ahalmena zuen».

NEREA:
Uste dut ez naizela gai, hori guztia imajinatzeko!

ANDER:
Ba badakizu, Iñakiren maketa ikusi beharko dugu, nolakoa zen ondo ulertzeko. Eta zein bidaia mota egiten zituen?

 

AUDIOA - Iñaki Mezkita

 

NEREA:
Kaiz kai ibiltzen zen beraz, Joven Julian.

ANDER:
Hortik dator arrantzale askoren fama! Portu bakoitzean, maitale bat omen zuten!

NEREA:
Uste dut askok itxuran besterik ez zutela esaten hori!

ANDER:
Kai batetik beste kai batera joaten zela adierazteko kaiz kai egitura erabili du Iñakik.

NEREA:
Gu ere halaxe ibiltzen gara, antzerkia herriz herri eskaintzen.

ANDER:
Eta ondorengo poteoa tabernaz taberna egiten.

NEREA:
Lanaren fruituak ospatu behar dira!

ANDER:
Euskal Herriko hainbat txokotan zabor bilketa atez ate egiten da, atez ateko bilketa.

NEREA:
Iskanbila ederra sortu zuen gai honek duela urte batzuk.

ANDER:
Hala da, bai. Urteen poderioz ere, haserre hori baretzen ikasi dugu.

NEREA:
Eta guk zer ikasi dugu gaurkoan?

ANDER:
Ekintza bat errepikatzen denean, hitza errepikatzen dugula, lehenengo hitzari –z jarrita.

NEREA:
Azterketan, paper hori eskuz esku ibili zuten ikasleek, irakasleak harrapatu zituen arte.

ANDER:
Hau da, papera ikasle batek besteari pasatu ziola eta denek kopiatu zutela.

NEREA:
Pilotako hainbat partidatan jokalariak buruz buru aritzen dira, buruz buruzko txapelketak jokatzen dituzte.

ANDER:
Halakoetan, pilotari bat beste baten aurka aritzen da, banan-banan.

NEREA:
Gu ere urratsez urrats euskara hobetzen ari gara, pausoz pauso.

ANDER:
Eta horretan jarrai dezagun!

NEREA:
Beste bat arte!

ANDER:
Agur!

Hemen entzun dezakezue Iñaki Mezkitarekin izandako solasaldia. Elkarrizketa osorik aditzeko tarterik ez baduzue, hemen aurrerapen bat:

Jaurlaritza Logoa