Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Estreinako ‘Ez banaiz’ diskoa aurkeztuko du Indabe taldeak Antiguako auzoan bertan

Diskoa kaleratu eta biharamunean Benta Berri plazan aurkeztu zuen diskoa hirukote antiguatarrak. Ostiral honetan, apirilak 11, formatu akustikoan eskainiko dute emanaldia auzoko Platero taberna. Zazpi kantu eder jaso dituzte ‘Ez banaiz’ diskoan, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean grabatutako lanean.

Audio_placeholder

Estreinako ‘Ez banaiz’ diskoa aurkeztuko du Indabe taldeak Antiguako auzoan bertan

Loading player...
Nora Azurza, Peru Blanco eta Uxue Estrada dira egun Indabe taldea osatzen duten musikariak.
Nora Azurza, Peru Blanco eta Uxue Estrada dira egun Indabe taldea osatzen duten musikariak. (INDABE)

Bi urte pasa dira Indabe taldeak debuteko ‘Noiz arte?’ EPa kaleratu zuenetik eta bi urte baino lehenago kaleratu dute estreinako diskoa, ‘Ez banaiz’. Soinuz aberats eta lehen lana izateko interesgarri dator Nora Azurza, Peru Blanco eta Uxue Estrada lagunek egindako albuma. Gainera, taldean aldaketaren bat izan ostean, Azurzak baxua hilabete gutxian jotzen ikasi eta konfiantza hartu behar izan du diskoa defendatzeraino.

Diskoa ez da kontzeptuala, edo bai, sentimenduen eta harremanetan sortzen diren afektibitate mota desberdinen inguruan hitz egiten baitute abestietan. Brit-pop delakoaren munduan kokatzen gaituzte, nahiz eta shoegaze edota noisearen zantzuak ere nabaritzen diren abestiren batean edo bestean. Sinte sotilen artean, gitarra eta oinarri erritimikoak dira protagonista. Estradaren gitarra geruzetan aberastasuna topa dezakegu eta oinarri erritmikoak sendo eusten die kantuei. Kantaera ere berezia du Estradak eta koroetan lanketa handia egin dute, zuzenekoei begira erronka ederra sortuz. 

Zuzenekoak abian dituzte eta asteburu honetan bertan bi kontzertu eskainiko dituzte. Ostiralean, apirilak 11, Antiguako Platero tabernan formatu akustikoan izango dira eta bertaratzen direnek diskoaren edizio fisikoa eskuratzeko aukera izango dute lehenengo aldiz. Hurrengo egunean, apirilaren 12an, Donostiako Zentro Sozialistan izango dira Herenegun taldearekin batera.

MusikHaria saioan xehetasun osoz kontatu ziguten diskoaren nondik norakoa eta orain hemen entzuteko aukera ere baduzue, diskoa entzuteko aukeraz gainera.

Jaurlaritza Logoa