

Zuzenean 04:00h - 08:00h
Haria 1
08:00h - 10:00h
Bigarren Kafea
10:00h - 10:15h
Haria 2 aurrerapena
«Kalean bizi direnena ez da arazo lokala. Ezin zaio globala denaren soluzioa Udalari eskatu»
Zuzenean zein zeharka, Donostiak azkenaldian hartu dituen eztabaidak ez dira gutxi izan. Etxebizitzaz, Loiolako kuartelaz eta bizi proiektua eraikitzearen ezintasunaz, Metroaren obrez zein AHTaren lotuneaz aritu da Eneko Goia, Donostiako alkatea, NAIZ Irratiko mikrofonoetan.

«Kalean bizi direnena ez da arazo lokala. Ezin zaio globala denaren soluzioa Udalari eskatu»

Donostia albistearen erdigune dugu azken orduetan. Izan politikoki, EAJren Batzar Nagusia edo AHTaren lotunearen inguruko eztabaida; eta baita arlo sozialean ere, eragile ezberdinek egin dituzten aldarrikapenak direla eta, kalean bizi diren pertsonen ateraraztea, esaterako. Hauetaz guztiaz hitz egiteko izan da NAIZ Irratian Eneko Goia, Donostiako alkatea.
GARA eta NAIZen albiste da Donostiako Metroaren eraikuntzen gainkostuaren ingurukoa. 84 milioi euroko gorakada izango du aurrekontuan eta nahiz eta Donostiako alkateak argi utzi duen Eusko Jaurlaritzak bideratzen duen obra dela, bere usteak mahaigaineratu ditu eta Metroaren ibilbidearen bigarren zatian izan zituzten «zailtasunei» egotzi die gainkostua.
Donostiako alkateak hizketagai izan dituenen artean etxebizitzaren auzia ere izan da, tartean Loiolako kuartelen erosketaren gorabeherak. EH Bilduk Defentsa Ministerioarekin hitzarmena negoziatzea eskatu du eta Eneko Goiak argi eta garbi esan du ez duela ulertzen talde subiranistaren posizioa. «Negoziaketek luze eman zuten bere garaian. Gu noski saiatu gara ahalik eta merkeen erosten. Defentsa Ministerioak bere irizpideak dauzka eta azkenean lortu genuen akordioa. Harritzen nauena da behin akordio hori lortuta, ordainketa egiteko partida sortzerakoan aho batez onartzea eta orain berriz ere negoziatzea planteatzea. Hor ez dago biderik». Alkateak uste du «arriskuak» izan ditzakeela bide horretan sartzeak eta «lehenbailehen itxi» behar dela.
Loiolako kuartela ez ezik, etxebizitzarena hiri osora zabaltzen den arazoa da eta horretan ere Goiak ez du zalantzarik izan: «Asko kezkatzen nau bizitza proiektua hirian egiteko edozein gaztek daukan benetako zailtasunak». Esan duenez, «bidean» da gune tentsionatu izatearen izendapena, baina horrek izan dezakeen eragina «mugatua» omen da. «Oso argi ikusten dugu eskariaren eta eskaintzaren artean tartea dagoela. Eskaintza handitu beharra dago arrazoi askogatik: barnealdetik kostaldera etortzearen fenomenoa, familia konposizioaren aldaketa, hiriaren erakargarritasuna… Etxebizitza parkea handitu behar da. Horretan gaude buru-belarri».
Arazo globala
Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sareak kolektiboek udal baliabide gehiago eskatu dituzte kalean bizi diren pertsonentzako, PPko Borja Corominas zinegotziak sare sozialetatik Manteoko inguruan finkatuta zeudela eta, ondoren, udaltzainek bertatik bota ostean. Zuzen dio Donostiako alkateak ez dela «neurrikoa» globala den arazo baten konponbidea Udal bati eskatzea. «Ez gaude lokala den fenomeno baten aurrean, fenomeno globala da. Horrek erantzun globala eskatzen du eta beste erakunde batzuek ere erantzun horretan parte hartzea eskatzen du. Udalerri bat ito egingo litzateke globala den arazo bati erantzuna eman beharko balio». Argi du Donostiak badauzkala baliabideak horrelako arazo bati aurre egiteko, batzuetan «legeak ezartzen duenaren gainetik ere» eta gainontzeko udalerriei bota die pilota beraiek ere «esfortzua» egin beharko luketela esanez.
Ezkio-Itsaso
Zalaparta piztu du azkenaldian Abiadura Handiko Trenaren bueltan lotunea Ezkio-Itsasotik ala Gasteiztik egin behar ote den. Eneko Goiak Ezkioko aukera aldarrikatu eta «herri ikuspegia» jarri du arrazoi gisa. Donostiatik Iruñera joateko Gasteiztik pasa beharra «lehiakorra ez den ibilbide» bat izango litzatekela uste du eta gainera, ibilbide horrek Iruñea «jokoz kanpo» utziko lukeela.
«Lau hiriburuak modu egokienean lotzeko modua Ezkio-Itsasotik da, zalantzarik gabe. Donostiatik Iruñera joateko Gasteiztik pasa beharra izango litzateke lehiakorra ez den ibilbide bat eraikitzea, azken finenan azkarragoa delako autoz joatea», adierazi du, eta zera erantsi Gasteizko alternatibaz: «Iruñearen ikuspegitik, Iruñea jokoz kanpo uzten du Europako abiadura handiko sare guztian, nere ustez herri ikuspegitik soluziorik egokiena Ezkio-Itsasotik izango litzateke».
Zenbaitek arazo teknikoak aipatu dituztela eta Goiak uste du alde batetik zein bestetik joan egoera berdinarekin aurkituko direla. «Arazo teknikoak izango balira kontuan hartzekoak gauza asko ez genituzke egingo. Egiten dira badagoelako herri ikuspegi bat. Elementu guztiak jarri behar dira jokoan».
Eztabaida Euskadi Buru Batzarraren barrura ere heldu da. Azkenean erdibideko zuzenketa bat eramango omen da aste buru honetako EAJren Batzar Nagusira. Donostiako alkateak goraipatu egin du hau «heldutasunaren adierazgarri» delakoan. «Iritzi ezberdinak egon daitezke alderdi barruan» eta horrek «hitz egiteko eta akordioetara iristeko» ahalmena erakusten du, bere esanetan.