Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | atzera eta aurrera, eremu semantikoa

[1x7] Ikasgai honetan atzera eta aurrera esamoldeak azaldu eta eremu semantikoa landuko dugu: batetik bestera, ezker-eskuin, nonahi, gora eta behera.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | atzera eta aurrera, eremu semantikoa

Loading player...
Goiatz Labandibar Doinuetatik Haratago tartean.
Goiatz Labandibar Doinuetatik Haratago tartean. (Iñaki Zapirain)

ANDER:
Kaixo, Nerea. Zer moduz?  

NEREA:
Kaixo, Ander. Ondo, eta zu?

ANDER:
Primeran, eskerrik asko. Begira, gaur Goiatz Labandibarren 'Bekatua' eleberriaren ingurukoelkarrizketa entzun dut.

NEREA:
Gogoan dut, bai. Goiatz kazetaria eta ipuingilea da eta bere lehen eleberri luzea aurkeztu berri du.   

ANDER:
Askotan galdetu izan omen diote noizko idatziko zuen lehen eleberri hori, emakume askori ama noiz izango diren galdetzen dieten bezalaxe.

NEREA:
Halaxe da, bai! Zenbatetan entzuten ditugu oraindik horrelakoak!

ANDER:
Badirudi, benetako emakumea izateko ama izan beharra dagoela.

NEREA:
Bestela emakume «osoak» izango ez bagina bezala! Nik uste nuen hori gaindituta zegoela, baina konturatu naiz herrietan nahiz hirietan oraindik ere galdetzen direla horrelakoak, leku  guztietan, baita igogailuan ere!

ANDER:
Goiatzek ere bere esparruan hori sentitu izan du, «benetako idazle izateko derrigorrezkoa dela eleberri luzea idaztea».

NEREA:
Kasu honetan ziur bi aldetatik entzungo zituela Goiatzek horrelako komentarioak: emakume izateagatik eta idazle izateagatik. Noiz utziko diogu horrelakoak pentsatzeari?

ANDER:
Oraindik denbora dezente pasatuko dela uste dut. Bitartean, entzun dezagun zein izan zen Goiatzen lehen eleberri luze honen abiapuntua.

AUDIOA | Goiatz Labandibar

NEREA:
«Nola funtzionatzen du buruak lorik egin ezin dugunean»

ANDER:
Interesgarria litzateke hainbat pertsonaren buruetan zer gertatzen den jakitea lo edota esna daudenean!

NEREA:
Esaten dituzten astakeriak ikusita, batzuen kasuan hobe buru horien barruan zer dagoen ez jakitea.

ANDER:
Nik, lo eta esna, bietan izaten ditut burua nahasten didaten ideiak; eta gustatuko litzaidake horiek guztiak ordenatu eta paperera pasatzeko gai izatea.

NEREA:
Pertsona baten buruan dauden pentsamendu horiek guztiak harilkatu edota lotzea ez da batere erraza izango.

ANDER:
Hori da idazleen magia, horrelakoak egin eta irakurleok bidaia horretan sartzea.  

AUDIOA | Goiatz Labandibar

NEREA:
Ideia horiek guztiak atzera eta aurrera dabiltza eleberriko protagonistaren baitan.  

ANDER:
Badirudi Garazi ideia batetik bestera saltoka ibiliko dela eleberrian zehar, askok bizitzan egiten dugun bezalaxe.

NEREA:
Hala ere, ziur Goiatzek liburua ez duela atzekoz aurrera idatzi eta ideia guztiak era ordenatu eta koherente batean landu dituela.

ANDER:
Bai, bai, lan neketsua litzateke liburu, pelikula edota antzezlan bat amaieratik hastea, ezta? Ni film askotan galdu egiten naiz bat-batean denboran aurrera salto egiten dutenean eta gero lehenagoko gaira itzultzen direnean. Flashbackak dira horiek.  

NEREA:
Beste asko, berriz, ez atzera ez aurrera ibiltzen dira bizitzan euren lekua aurkitu nahian.  

ANDER:
Nonahi aurki ditzakegu halakoak, bai. Gero eta gehiago dira adibidez norberaren bidea aurkitzera bideratutako liburuak.

NEREA:
Nik goitik behera irakurri ohi ditut horrelako liburuak, bertan dagoen guztia ondo barneratzeko, baina ez dut inoiz nahi dudana topatzen!

ANDER:
Ezker-eskuin ere irakurri beharko dituzu hemendik aurrera, agian hor topatuko baituzu zure bidea!

NEREA:
Bideaz ari garela, bide ederra egin dezala Goiatz Labandibarren lehen eleberri luze honek. Guk gustura irakurriko dugu oso-osorik, eta hasieratik hasita.

ANDER:
Zer ikasi dugu gaur? Ez dugula eleberri bat, atzekoz aurrera irakurriko, ezker-eskuin eta goitik behera baizik, xehetasun guztiak jasotzeko.

NEREA:
Esamoldetan gabiltza, orduan.

ANDER:
Bai. Ez aurrera ez atzera esaten dugunean, inora joan gabe esan nahi dugu; ezker-eskuin edo goitik behera, berriz, azaldu beharrik ez dago… Batetik bestera gabiltzanean, berriz, nora jo ez dakigula, edo ezin iritsi, edo lorez lore… testuinguruak emango digu esanahia.

Hemen entzun dezakezue Goiatz Labandibarran 'Paraleloan' saioan izandako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa