Zuzenean

Hegoi Belategi

«Baikor gaude gurasoen apustuarekin, baina oraindik lan handia dago egiteko»

Matrikulazio kanpaina hastear dela, etxeko txikienei euskara emateko kanpaina abiatu du berriki Euskarabideak. Horren inguruan gehiago jakiteko, NAIZ Irratian izan dugu Jabi Arakama, Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria.

Audio_placeholder

«Baikor gaude gurasoen apustuarekin, baina oraindik lan handia dago egiteko»

Loading player...
Jabi Arakama Euskarabideako zuzendaria
Jabi Arakama Euskarabideako zuzendaria (@euskarabidea_na)

«Gaur egun, zoritxarrez, Nafarroako familia askori esan behar diegu euskara tresna garrantzitsua dela sozializatzeko, lan munduari begira, asialdirako, kultura hobeki ezagutzeari begira, integraziorako eta abar», azaldu du NAIZ Irratian Jabi Arakama Euskarabideako zuzendariak.

'Emaiezu hemengoa, emaiezu euskara' kanpainaren bitartez, Euskarabidea marko legal batean sartzen da, baina eskuduntzen artean ez dago D ereduan matrikulatzeko mezua. Bestelako kanpainak egin behar dituzte hizkuntzaren «sentsibilizazioa, prestigioa eta bizitzarako tresna» izaera bultzatzeko«Uste dugu gogoratu behar dugula euskararen garrantzia sektore eta leku askotan. Hiztun berriak lortu behar ditugu; etxeko txikienei begira dago kanpaina hau pentsatuta, baina gurasoei zuzenduta. Urte osoan zehar beste batzuk egiten ditugu, udalekin eta euskaltegiekin batera helduei begira. Funtsezkoa da euskararen ekosistema elikatzea; bere ehun osoan, komunikabide, elkarte, asialdiak, federazioak sartzen dira».

Zonifikazioak erakusten du Iruñerrian eta hortik hegoaldera euskaldun dentsitate txikia dagoela. Kanpainan indarra hor jartzen da, 34 herri daude identifikatuta. «Herriz herri zuzen joaten gara kanpaina egitera. Jarduera kulturalen %50 hegoaldera bideratzen dugu. Ez dugu esan nahi Iruñetik gorako herrietan beharrezkoa ez denik; hor beste sare bat dugu, elkarteak, eragileak, teknikariak...».

Euskara, integraziorako tresna gisa

«Euskal Herrian dugun erronka da euskaraz integratzearena», gaineratu du Arakamak«Berrikusten ari gara dena, harrera planean arreta gutxi jartzen zaio euskarari, motibazioak laboralak dira, kulturarekin lotutakoak baino. Guk ez badugu trasmititzen bi hizkuntz propio daudela eta horrek ateak irekiko dizkiela, ez dute urratsa emango. Hala, haiengana hurbildu gara modu ezberdinen bidez. Migrazio politiketako zuzendaritzarekin lanean ari gara».

Nafarroan 30 urte baino gutxiagokoen artean %28k euskara ongi daki eta %12 gai da ulertzeko, nahiz eta hitz egiteko zailtasunak izan. Euskarabidearen zuzendariaren arabera, «baikor izateko arrazoia da, gurasoen apustua erakusten duelako. Nafarroaren kasuan trasmisioa eskolaren bitartez ari da egiten. Aldi berean, garbi dugu lan handia dagoela egiteko haien artean, jarrera eta erabilerari dagokionez». Oraindik ere, gaur egungo matrikulazio tasa begiratuta, gurasoen erdiek haurrak euskararekin harremanik ez duten zentroetara eramatea erabakitzen dute. D eredura heren bat doa gutxigorabehera, eta hori «dramatikoa» da lurralde kohesioaz ari garenean: «lan handia dago egiteko».

PAI eredua

PAI ereduari buruz dio Arakamak publikoki hitz egin zuela parlamentaria zenean: «gaur egun dagoen legearen kontra bozkatu nuen, uste baitut planifikaziorik gabe hasi zen egoera bat egonkortu nahi dela. Gure ustez PAI bezalako programak aurrera eraman nahi badira askoz gehiago aztertu behar dira gauzak, hezkuntza komunitatearekin hitz egin behar da eta gaur egun lantzen dena ikusita, niri ez zait egokia iruditzen».

Inkesta ezberdinek esaten dute badagoela sektore bat euskararen kontrako jarreran, %30 inguru, eta batik bat erdaldunen artean dagoela jarrera hau, hegoaldean. Nafarroako iparraldean, egoera bestelakoa da. Arakamaren ustez, «horren aurrean, pedagogia egin behar da, erakutsiz nafar guztion ondarea dela, aukera berdintasunerako tresna, kohesio sozial eta lurralderako. Mezu positiboen bitartez joan behar gara pertsona hauengana. Galdetzen zaienean euskaren sustapenaz, sektore honek kontra egiten du, baina gero Korrikaz edota Euskaraldiaz galdetzean atseginez begiratzen dute. Nik uste hor dagoela gure ardura, erakustean benetan zer dagoen euskara sustatzearen atzean eta zer ez dagoen. Mamu horiek ezabatzeko ardura instituzio publikook dugu».

Jaurlaritza Logoa