

Zuzenean 00:00h - 02:00h
Bigarren Kafea (Errepikapena)
02:00h - 03:00h
Kontatzera Noazu (Errepikapena)
03:00h - 05:00h
Zebrabidea (errepikapena)

2006an Nepalera egindako bidaia batean piztu zitzaion Lander Egiari bidaiatzeko gogoa. Ingeles maila hobetzeko asmoz Ingalaterrara joan zen bizitzera, bost urte eman zituen bertan, eta han ezagututako lagun japoniar bat bisitatzea izan zen Tokiora bizikletaz bidaia egiteko aitzakia eta motibazioa.
29 herrialde inguru izan ziren Tolosatik Tokiorako bidean gurutzatutakoak. Zerrenda luzea da: Tolosatik abiatu eta Frantzia hegoaldetik, Suitza, Austria, Alemania, Italia (goiz bat), Eslovenia, Kroazia, Bosnia, Serbia, Kosovo, Albania, Grezia, Turkia, Georgia, Armenia, Iran, Arabiar Emirerriak (Dubai), Oman, India, Nepal, Birmania, Thailandia, Kambodia (bizikletarik gabe), Laos, Txina, Mongolia eta Japonia.
Bi urte eta erdiko bidaia izan zen arren, 2015eko eguberritan, bere amonaren 100. urteurrenean, Indiatik Euskal Herrira itzuli zen hilabete baterako: «Ondo etorri zitzaidan jendearekin egon eta indarrak hartzeko», esan digu Landerrek.
31 urte zituela atera zen Lander Egia Tolosako plazatik bizikletaz, lagun eta senideez inguraturik hasi zuen abentura: «Irteera eguna oso euritsua izan zen. Lekunberrira iritsi eta elurra egin zigun». Hasierako egunetako erronka kanpin dendan lo bakarrik egiten ikastea ere erronka bat izan zela kontatu digu, aurretik esperientzia txar bat izan baitzuen. Warmshower txirrindulari sarea ere erabili zuen, eta horrela topatu zituen atseden hartzeko etxeak. Hain zuzen, aplikazioaren bidez etxeko ateak ireki zizkion gazte batek lagundu zion Istanbulen bertan ile-apaindegi batean izan zuen gaizki ulertzea konpontzen. «Ile-apaindegia giltzarekin itxi zidaten eskatzen zidaten diru kopurua ordaindu arte ez nintzela aterako», egin zioten mehatxu. Eskatzen zioten dirua baina ez zen hasieran adostutakoa: «Azkenean, dei batekin konpondu zen guztia», kontatu du barrez Egiak.
Elkarrizketan zehar herrialde bakoitzean izandako anekdota esanguratsuenak bildu ditugu. Besteak beste, kontatu digu nola Bosniara sartzean, Balkanetako gerrak utzitako saminak harritu zuten: «Jendearen zatiketa zegoen. Musulmanak eskola eta ospitale batzuetara joaten ziren eta kristauak beste batzuetara». Nabaritu zuen ere Serbiako eta Kosovoko biztanleek ere, elkarri dioten beldurra.
Albania barnealdetik zeharkatu zuen, eta denboran atzera bidaiatzea bezala izan zela aitortu digu Bidaiari saioan: «Udara zen eta jendea belarra mozten ikusten nuen., Euskal Herrian garai batean egiten zen bezala». Komunikatzeko baina, ez zuen arazorik izan: «Ingeles maila ona zuten, batzuk Ingalaterran bizitutakoak zirelako».
Bidaiatzen ari zela neska-lagunaren bisita jaso zuen Grezian eta Peloponeso penintsulari eman zioten itzulia: «Udara zen eta beroa ondo eraman genuen kostatik ibili ginelako», lagunari agur esan eta Japoniarako bidea hartu zuen Lander Egiak, tartean, noski, hamaika pasadizo bizitu zituen.